Arabar guztiok etorkinak gara, nolabait ere

Zeren gainean oinarritzen da arabar baten identitate kolektiboa? Hori da Inaki Larrañagak “Araba[rtasuna], Gazteitik haratago” plazaratutako idatziak sortu didan galdera. Zer da arabarra izatea? Zein da bidea identitate arabar hori sortu eta eraikitzeko?

Araba euskaraz. Labastida

Pertsona baten identitatearen irazkia oroimena da. Halaber, pertsona baten identitate kolektiboaren oinarria talde baten oroimena da. Eta Iñakik iradokitzen  duenez, arabarrok – lurralde administratibo horretan bizi garenok – ez dugu oroimen kolektiborik. Edo, baldin badugu, oroimen horren sakonera eta zabalera oso txikia da.

Talde-oroimenik gabeko herritarrak gara arabarrok; talde-sustrairik gabeko herritarrok. Horregatik agian Ibiltariren pentsamenduaren abiapuntua – Gorbeiako bihotzean sortutako pentsamendua – deserritzeko sentimendua izango da.  Deserrituak, deserrotuak sentitzen gara arabarrok. Kanpotik ikusita ere, hala agertu gara. “Alavés, falso y cortés” esaera zaharrak halako zerbait adierazi nahi zuen: ez garela zinezkoak, nafarrak, bizkaitarrak edo gipuzkoarrak bezala; faltsuak garela eta, adeitsuak izan arren, gure hitza  ez dela fidagarria, ez dela zinezkoa. Igarobideko lurraldea izan gara, esan dudanez, eta mendekotasun batetik bestera -Nafarroaren eta  Gaztelaren artean; Karlisten eta liberalen artean – ibili gara gure historian zehar. Ze identitate historiko sor daiteke hainbeste ustekabe eta izuren artean? Hori dela eta, inoiz ez dugu inongo erdigune finkorik izan identitate politiko edo kultural bat sortu ahal izateko. Faltsuak eta adeitsuak? Noski, gure bizitza eta biziraupena jokoan zegoen eta!

Gorbeiako bideak

Arabarrok ez dugu, bada, talde-oroimen historikorik; ezta talde-oroimen kulturalik ere. Tokian tokiko tradizio historiko eta kulturalak, bai, baditugu, baina arabarrek bezalakoek ez dugu inolako talde-oroimena non sustrai dezakegun gure arabartasuna. Ekipajerik gabeko ibiltariak gara.

Ez al da hobe? Adimenak ez omen du lekurik betetzen, baina oroimenak bai. Oroimena pisua da eta, askotan, pisu astuna du, aurrera egitea oztopatzeko modukoa (begiratu besterik ez diegu gure aldamenekoei. Zenbat kostatzen zaien nafarrei beren erreinu zahar hori digeritzea!) Deserrituak, deserrotuak gara, etorkinak bezala. Arabar guztiok etorkinak gara, nolabait ere. Gure oroimen kolektiboa eta gure unibertso sinbolikoa, ia zerotik hasita, sortu eta asmatzera behartuta gaude. Hori da gure askatasuna, hori da gure aukera.

Euskal Herrian kokatuta gaude, halere. Eta zein da oroimen historiko eta kultural guztietatik haratago aurkitzen den funtsezko oroimena Euskal Herrian? Euskarari atxikirik dagoen oroimena, hain zuzen. Sarrik dioen bezala – eta gure kasuan bete betean asmatzen du – “ez gara ezer. Hiztegiak eta gramatika baino ez ditugu”. Hiztegiak eta gramatika, hau da, euskal mintzoa eta euskal idazkera – kantak, bertsoak, liburuak, blogak, filmak, bideoak..-. Alegia, euskara baino ez dugu gure identitate arabarra sortu eta garatzeko.  Euskara, hau da, euskal mintzoa eta euskal idazkera.

Idazkerak – kantuak, bertsoak, liburuak… – mintzoa zaintzen, babesten eta gidatzen du. Mintzoaren eta idazkeraren uztartzea, ezkontza balitz bezala, jai baten bidez ospatzen da. Ez al duzue ikusten nola zabaltzen diren, haize berria bezala, Araba osoan zehar halako jaiak? Ez al dituzue ikusten  musikari, kantari, pailazo eta bertsolarien inguruan nonahi zabaltzen ari diren jaiak? [Izarran, adibidez, Arabako bertsolariak bilduko dira   asteburu honetan. Giro ederra sortuko dute! Amezketan erbesteraturik egon ezean…]. Jai horien inguruan euskaldunon komunitatea osatuz eta trinkotuz doa. Jai horiek euskaldunon komunitatearen jaia ere iragartzen dute, zeinean gure euskal-oroimena eta gure unibertso sinbolikoa sortu eta eratuko diren.

Joan den mendean – Zuzeuko irakurle gehienak balizko munduan zeudenean – garbizalekeria linguistikoa gainditu behar izan genuen euskararen biziraupena bermatzeko. Horri esker, gaur erabiltzen dugun euskara batua sortu zen. Gaur, garbizalekeria politikoa (horri buruzko artikulua “zirriborroen munduan” dago oraindik) gainditu behar dugu , euskaldunon komunitatea antzutasun sozial eta politikoan eror ez dadin; euskaldunon komunitateak gorputz soziala eta politikoa eskuratu ahal dezan. Horregatik euskaldunok bezala engaiatu behar dugu mugimendu sozial eta politikoetan. Gure lurra, gure herria, gure nortasuna, zapalduak eta baztertuak, preso eta iheslariak, gure subiranotasuna linguistiko, kulturala eta politikoa defendatu behar ditugu. Hala asmatuz,  jaiaren inguruan, euskaldunon komunitatearen gorputz soziala eta politikoa koskortzen joango da.  Hala eginez, euskaldunon komunitatearen presentzia eta eragina gero eta handiagoa, gero eta sakonagoa izango da arabarren artean.

Hala bedi!

 

FILOSOFO OHIA