Gaizka Aranguren: Hatza nori eta non sartu

Gaizka Aranguren: Hatza nori eta non sartu

Gaizka Aranguren: Hatza nori eta non sartu

Gaizka Aranguren: Hatza nori eta non sartu

Ez dago atsedenik, Nafarroa dela, memoriaren beharra dela eta ez dela estatu baten arrazoitzeko… Lehenik H. Etxeberriak egin  zuen Zuzeun bertan idatzien bilduma Aberriaren desiraz eta memoriaz izeneko sarreran. Ondoren, Santi Leonék jarraitu zuen Hatza izeneko sarrera eginez.

Bistan da funtsezkoan bat etorri arren, ñabardurak egon badirela korapilo honen erdian. Horregatik agian erantzun du Gaizka Arangurenek ostera, oraikoan Sustatun, izenburu guztiz interesgarriaz: Hatza non eta nori sartu.

Hemen ere argitara nahi dugu, CC-by-sa lizentziari esker.

 

Gaizka Aranguren: Hatza nori eta non sartu

Hatza nori eta non sartu.

Atzo Santi Leonek Zuzeun erantzun zion nik joan den asteartean Euskalerria Irratian irakurritako iruzkinari. Iruzkinak Santik Berrian idatzitako zutabe bati emandako erantzuna zen. Irakurle interesatuak hemen aurkituko ditu lotura guziak.

Santik aipatzen duen Idurreren iritzi berekoa naiz ni. Gure ikuspuntuen arteko aldea Burlatatik Atarrabiara dagoenaren parekoa iruditzen zait (Donibane Garazitik Izpurara dagoenaren parekoa), baina biok maite dugunez eztabaida eta iritzi trukaketa -zein jaurtiketa-, guztiz osasuntsua deritzot jarduera honi. Hortaz, banator.

Hasteko, bat nator, ia osoki, Santik adierazitako lehenengo ideiarekin: ez zait iruditzen Euskal Herri osorako (Nafarroa osorako) baliagarri izan litekeen iruditeri edo imaginario kolektibo hori osatzea gaurko historialarien lana denik, ez haiena bakarrik eta ez haiena bereziki, baina haiena ere badelakoan nago. Afrikar esaera zahar batek erraten omen du: “Lehoiek haien historialari propioak izanen ez dituzten bitartean, safari istorioek beti goraipatuko dute ehiztaria”. Tamalez gure lurrean lehoi izan gara batez ere; galtzaile, alegia.

Iruditeri kolektibo hori osatze bidean nafar Estatuaren defendatzaileek egin dutena egokia den ala ez galdetzen du Santik. Nire burua nafar Estatuaren aldarrikatzaileen artean kokatzen dudan heinean erranen nuke batzuetan baietz eta bertzetan ezetz. Egin dutena edo erran dutena ez da monolitikoa izan -Santik egoki azpimarratu duen bezala-. Argi dago indar handia egin dela azken urteotan historiaren esparruan. Ez naiz urteurrenen aitzakiapean kukutuko. Gure kultura politiko propioaren esparrua, erraterako, behar bezain bertze landu gabe egon da Auzokraziaren aldarrikapena indarra hartzen hasi den arte. (J. Manterola, O. Ulibarrena…).

Santik bere buruari galdetzen dio El Cid edo Jeanne d’Arc (-en ezagupena) konpartitzen duten bi ezezagun zertaz mintzatzen diren tren batean. Bada, nire ustez, bi horiek gauza aunitzez mintzatuko dira, izan ere hispanofonia/frankofoniaren maila kultural ertainetik gora daude arras (bi pertsonaien ezagutza azalekoa baino gehiago baldin badute behintzat). Nola nahi ere, iruditeri kolektiboa osatzen duten erreferenteen artean, historikoak gutxi batzuk baino ez dira eta, bat gatoz, egungo pertsonen joera politiko-identitarioak osatzerakoan, ez dira inportanteenak, baina inportanteak dira jende aunitzendako.

Norberaren egoera ekonomikoa kolokan sentitzea askoz ere baliagarriagoa da bertzelako egoera politiko baten aldeko hautua indartzeko. Ez dut zalantzarik. Iruditeri kolektiboaz ari garela gehiago erranen dut: egun espainiar identitatearen iruditeri kolektiboaren izarra, ziur aski, Belen Esteban da (torero bati zakila ukitzeagatik famatu den hori).

Hatza begian sartzea nori dagokion ez dakit. Noizbehinka guztioi behar bada. Baina obsesiboki berdinei sartzeko joera ez da psikologikoki osasuntsuena. Badakigu gero Carlos Salvador datorrela atzetik eta musu garratza ematen digula…

Bertzalde, egia da nafar Estatua aldarrikatzen duen diskurtso historikoari gaitasun handia ikusten diodala gure herrikideek identitate politiko jakin baten aldeko hautua egin dezaten. Santik dio ez dagoela ados, historia inportatzen zaiola eta intelektualki asetzen dion diskurtsoa behar duela. Ados nago. Nik ez nuke sekula diskurtso hori erabiliko Santi bezalako pertsona bat lortu nahi ditudan xedetarat bideratzeko. Are gehiago, ez nuke minutu bakar bat ere galduko Santirekin horretaz eztabaidatzen; izan ere, jakin badakit ez dudala Santi konbentzitu beharrik. Badakit bat gatozela helburu nagusian: euskaldunok, gure hizkuntza eta hortik eratorritako kultura eta identitatea babesteko egitura politikoaren beharra daukagula, alegia. Horrekin bat datozenendako ez da bertze ezer asmatu, antolatu edo landu beharrik.

Santi eta bion arteko alderik handiena bere azken idazkiaren esaldi hauetan dago:

Nire ustez, euskal estatuaren teoria ez da defendatzen ahal, ez du euskarririk, fantasia hutsa da. Egia da Nafarroak bere independentzia atxiki izan balu, euskal estatu baten ernamuina izan zitekeela; baina ez da euskaldunen estatua inoiz izan: euskaldun batzuen erresuma izan zen, eta nafar errege batzuen pean euskaldun franko bizi izan ziren zenbait garaitan.

Jakin nahiko nuke zertan oinarritzen den Santi errateko Nafarroa ez dela inoiz izan euskaldunen Estatua. Ukapen horren mamia ezagutu nahiko nuke, izan ere, alderantzizko iritzia duten historialariak aunitz dira; batez ere lehoiek historia idazteari ekin diotenetik (eta ez naiz ari lehoi zuri-gorriez, afrikarrez baizik). Lagin bakarra aterako dut hemen. Ez da, hain zuzen, historialaria, baina ziur naiz egileari pareko sinesgarritasuna eta miresmena aitortzen diogula Santik eta biok. Hitz testualak dira (1512ko konkistaz ari da):

“Nafarroak orduantxe galdu du bere independentzia eta beraz, euskarak galdu ditu bere erregeak, euskarari lagundu ahal izango lioketenak. Beraz, euskara gelditu da modernitatearen hasieran bere alboko hizkuntzek dauzkaten laguntzak gabe”. Joxe Azurmendi (Ur, Su, Lur. Dokumentala.1999).

Nafar estatuaren idealizazioari dagokionez, interpretazio akats bat delakoan nago. Nafar Estatua euskal herriaren adierazpen juridiko-politiko historikoa izan dela erranez ez da inolako idealizaziorik egiten. Adierazpen juridiko-politiko hori tamalgarria izan zen askotan, negargarria batzuetan, lotsagarria bertzetan eta, zergatik ez, eredugarria inoiz (Shakespeareren esaldia dantzut). Zalantza gutxiago dago bertze era honetara adierazten badugu: nafar Estatua izan da euskal herriak izan duen nazioarteko zuzenbide subjektu bakarra. (“With the conquest (1512) of Navarre by Ferdinand the Catholic, the Basques lost their last independent stronghold”. Columbia Encypclopedia).

Eta, akitzeko: egia da Nabarralde ekimenaren eskutik argitara emandako erreferentziazko liburu gehienak espainol hutsez idatziak izan direla –ez hainbertze bertzelako argitalpenak-. Joera negargarri horretan nik neuk, ziur aski, lotsaren parte bat iltzaturik badaramat. Ez da egia, ordea, nafar Estatuaren aldarrikapena ehuneko ehun erdara horretan egin denik; ez eta gutxiagorik ere. Nire ardura pertsonalari dagokionez bederen, aitortuko dut liburu bakarra kaleratu dudala gaiaz: Anacleto Ortuetaren ekarpenetan oinarritutako “Nabarra, Estado polítiko de Vasconia” (Pamiela), eta espainolez eman nuela argitara (Anacletok hizkuntza horretan idatzi zuela argituko dut, bide batez). Nola nahi ere, Santi Leonek badaki nik neuk eta bertze hainbatek euskal Estatuaren alde argitara emandako iritzi gehienak gure hizkuntzan idatzi ditugula.

Azken hitz bat. Inportanteena, behar bada. Idazki hau sinatzen duen honentzat Nafarroa, euskal Estatua, ez da helburua. Benetako helburua lortzeko tresna baizik ez da Estatu hori. Euskalduntasuna da helburua. Gure hizkuntza, gure iruditeri kolektiboaren ardatza, gure zoparen ura, gure izatearen funtsa, gure identitatearen euskarria bermatzen duen euskalduntasuna da xedea.

Estatuaren izena berdin zait. Nire ustez “Nafarroa” da egun eta hemen eraginkorrena eta horregatik aldarrikatzen dut, baina ez diot inori inposatuko.

Funtsean bat gatozela uste dut: euskalduntasunaren biziraupena xede. Estatu-nazioa tresna politiko eraginkorrena egun. Behar izana arrazoi nagusi. Guzti horren oinarrian, sudur punta, nahia, borondatea… Baina borondatea ez da izpiritu sainduaren zirintxoaren bitartez burmuinean sartzen! Borondatea osatzeko gure imaginario kolektiboa behar dugu eta iruditeri kolektiboaren parte bat, bai, erreferentzia historikoek osatzen dute (norberak ikusiko du berean zenbat).

Oharra: Santi eta bion arteko iritzi trukaketa hau ilustratzeko Zuzeuk hautatu duen irudia ez dut uste egokia denik. Eztabaida honen mamia ez baita ustezko nafar Estatu baten lurraldetasunari buruzkoa eta, bide batez, erranen dut, nik-neuk bederen, ez dut irudian ageri den lurraldetasun horrekin bat egiten.

Gaizka Aranguren: Hatza nori eta non sartu

Gaizka Aranguren Gaizka Aranguren Gaizka Aranguren

ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

13 pentsamendu “Gaizka Aranguren: Hatza nori eta non sartu”-ri buruz

  • ZuZeu

    Kontutan hartzen dugu Arangurenek bere idatziaren amaieran egiten duen oharra, erabilitako ilustrazioari buruz. Hala ere, irudi hori ez da ZuZeuk jarritakoa. Hortxe utz dezagun mementukotz.
    Eta benetan ari garela erakusteko, hara hor nola jarri dugun argazki guztiz jator bat gaiaren ilustratzeko. (Broma ulertuko duk, Gaizka, baina harriburu horrek hire antza zaukak, ez esan ezetz. Guk, bederen, horregatik hautatu diagu ;-))

    • Gaizka Aranguren
      Gaizka Aranguren 2013-01-19 11:35

      Irudia ikusi orduko pentsatu dut: nork egin dit argazki zoragarri hori? Mila esker ZuZeu-ri ilustrazioari buruzko azalpenaren lehen pistagatik eta, orohar, eztabaidari bide emateagatik.

  • Ez dago hemen gaizki-ulertu bat? Zera esan nahi dut, diskurtso identitario bat sortzea historiagileen lana izan zitekeen XIX. mendean, baina gauden XXI. mende honetan betebehar hori zailagoa iruditzen zait. Agian idazleen lana liteke hori, baina tira… On Arturo Campionek ongi bereizten zuen: batetik historia-lanak (Txalapartak berrargitaratu berri duen “Nabarra en su vida histórica”, demagun), eta bestetik fikzioa (“El bardo de Itzalzu”). Horrez gain, zaila ez, baina ezinezkoa iruditzen zait nortasun bat “izan zitekeenaren” gainean eraikitzea, hau da, Nafarroako Erresumak bere independentzia galdu izan ez balu, euskarazko kultura distiratsua garatu zitekeen Ernazimenduaren abaroan eta gisa horretako esaldiak. Bai, izan zitekeen -edo ez-, baina ez zen izan. Bestalde, ez dakit bat proposizio horiek ez ote duten ezkutatzen egia “deseroso” bat: Nafarroa -edo Iruñeko Erresuma XII. mendea baino lehen- zortzi mendez beregaina izen zeneko zortzi mendeetan bertako erregeek eta oro har eliteek euskarari buruz izan zuten estimu eta atxikimenduaren eskasa.

  • Gure aitzinean, iraganeko zauriak itxitzeko aukera dugu, beste eredu bat eraikitzen hastekoa, bazterketa onura politikoak eskuratzeko formula gisa gibelean uztekoa. Proiektu politiko guzien parte hartzea aukera berdintasunean oinarrituko duen eredu bat eraikitzeko aukera dugu, non muga bakarra nafar jendartearen borondatea izanen den.

  • Warning: Post luze luzea!

    Dibertigarria da eztabaida hau. Atsegina da irudimena erabiltzea eta, zer da ba, azken batean, historiaz aritzea, datu batzuk hartu eta irudimenaren galbahetik pasatzea baino?

    Oro har, estimatzekoa iruditzen zait nabarraldek egiten duen lana, nazionalismo espainolaren historiaren ikuspegia, nagusi izan dena, desbirtuatzen duelako. Bestalde, ezinbestekoak ere badira Santiren kritikak: Nafarroako erresuman oinarrituriko nazionalismo-abertzaletasuna gehiegitxo egiten zait. Nolanahi den, ongi dago, Gaizka-Santi, Santi-Gaizka, poztekoa da, gure herriak autoerregulazio eta homeostasis mekanismo onak dituela ematen du-eta.

    Gaizkak azpimarraturiko pasarteari helduko diot, euskal erresuma fantastikoa ageri deneko hori.

    Nire ustez –nire irudimenean- Nafarroako Erresuma bere sorreran euskal erresumatzat jotzea zentzuzkoa da, baina Nafarroako Erresumak mendetako ibilbidea izan duela eta denbora aurrera, hedaduraz eta izaera aldatu dela, eta “euskaltasuna” ez beste ezaugarri batzuk nabarmendu dituela ere ezin da ahaztu. Luze joko du baina, tira, puntuz puntuko irakurketa bat, grosso modo:

    -Erromatar inperioaren erorrera eta gero, nolabait ere “autogestionatuak” izan ziren mende batzuk igaro ondoren, Euskal Herrian halako erakundetze bat emango da eta sortuko dira gero probintzia eta erresuma izango direnak. Ez da ahaztu behar Nafarroako erresuma erakunde bat dela, ezer baino lehen eta ezeren gainetik: erakunde bat, ez herri bat, eta erakundeen logikari erantzuten diola.

    -Zentzuzkoa da pentsatzea Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi eta Zuberoa euskal erakundeak dira euren sorreran euskaldun jendea egon zelako –euskal hiztunak- eta sorrera une horretan populazioaren gehiengo absolutua euskal hiztuna zelako. Beste urralde batzuetan ere -Errioxan, Aragoan, Bearnon- euskaldun petoen komunitateak, noski, baina erakundetzea eman zen une eta lurraldeetan ziur asko ez zuten protagonismorik izan eta gainera, gutxiengo bat ziren. Gehiengoa, behar bada inoiz euskalduna izandakoa –gaskoiak diren gisan- baina erakundetzea eman zen une horretarako erdaldunduak zirenak.

    – Antso errege hark “lingua navarrorum”-edo aipatzeari nahiko froga deritzot, duela mila urteko une hartan behintzat, gentilizioaren, hizkuntzaren eta erakundearen arteko identifikazioa ematen zela baieztatzeko eta beraz, erresuma hura euskal erresuma zela esateko. Duela mila urte kontuez ari gara. Denbora asko da: imajina dezakezue Euskal Herria 3000 urtean? Ba hori.

    -Mendeak geroago, Santiago Bidearen sorrerarekin batera, “euskal odoleko” erregeek Nafarroako erresuma apartheid moduko bat ezarriko dute. Erresuma den –erakundea- testuinguru historikoan indartzeagatik, populazio erdaldunen –frankoak- eta euskaldunen
    –nabarro izendaturikoak- segregaziorako legeak ezarriko dituzte, lehenengoen aldeko diskriminazio oso positiboa ezarriz eta bigarrenentzako diskriminazio oso negatiboa ezarriz.

    -Garai honetan Nafarroan bertan -besterik da handik kanpo: ikus Picaud- euskal nortasuna, ez zegoen mehatxatua, ez zegoen asimilazio beldurrik, ezin zen euskalduna –nafarra- ez izan. Zera gertatzen zen, euskalduna izatea alukeria zela galanta, Hegoafrikan beltza izatea bezala. Baina esan bezala, ez zegoen euskal nortasuna galtzeko kezkarik.

    -Mende batzuk geroago segregazio eta diskriminazio legeak bertan behera utziko zituen “euskal odolekoa” ez zen errege batek. Nafarroako erresuma deritzon erakundea euskal erakundea izango da une horretan? Tira, esan dezagun Nafarroako erresumak –inguruko beste hainbat erresumak bezala- une horretan bere kultur identitateari buruzko kezka handirik ez zuela, ez zegoela garaiko kezken agendan.

    -Ez zuela euskararen alde egin? Ezta kontra ere. Hizkuntza kontuetako garai ere ez zen: Funtzionatzen zuen bezala funtzionatzen zuen, populazio hetereogeneo baina gehinbat euskalduna erdaraz gobernatuz, eta hori zen aspaldiz gero ezagutzen zena eta ongi zegoen hórrela. Ez zekien etorkizunak berarentzat zer zeukan gordeta, ezin zuen imajinatu ere egin 2013an Barcinak euskalduntasunaren kontra gobernaturiko probintzia bat izango zenik.

    – Duela 500 urte, Modernitatearen atarian, Kastellanoen konkista. Erresumaren “euskaltasuna” dela-eta bi ondoriorekin:
    1) Euskaldun nortasuna mehatxupean jarriko da Nafarroan, Castillanoek euskara problema gisa ikusiko dutelako –arrazoiz-. Dena den, nortasunaren benetako destrukzio masiborako armak ez dira XVIII. XIX. mendetik aurrera baino eskuratzen hasiko.
    2) Europan beste hainbat herriren nortasun modernoa erakundeen bahetik eraikitzen hasten den unean euskaldunek izango dituzten erakunde guztiak subordinazio egoeran izango dira, beraz, inoperatibo. Baxenafarroako gorteak iraungo du pixka batez. Nafarroan konkistarik izan ez balitz, euskal nortasuna –hizkuntza- Nafarroako hizkuntza nagusia euskara izango zela pentsatzeko arrazoirik badago? Auskalo. Baxenafarroan emandakoak ikusirik, badago baizkoa pentsatzeko arrazoirik. Baina historia hura orduan bukatu zenez, ez dakigu eta ez dugu inoiz jakingo: balizko errotak irinik ez.

    Geratzen zaigun galdera da nabarraldek daukan Nafarroako historia kontatzeko modu honekin Nafarroan euskal nortasuna –hizkuntza- Nafarroan euskarari bizi indarra emateko balio dezakeen ala ez. Ze, azkenean, hori da guri axola zaiguna, ezta?

    Huntsa izan!

    • “Navarrus” gentilizioa aipatzean arrazoi duzu, Ibai, hizkuntzarekin lotura garbia zeukan, baina “erakundeekin”, ba nire ustez ez horrenbeste. Dena dela, komeni da ez ahaztea XII. mendean edo “erakundetze maila” oso eskasa zela berez: Eliza, gortearen inguruko notarioak eta eskribauak…
      “Navarrus = euskaldun” ekuazioa egiten duten testigantzak nahiko ugariak dira, baina ezagunena, “lingua navarrorum” delakoa aipatzen duen agiriaz gain, Nafarroako Foru Orokorra dugu, XIII. mendekoa, “pecha” edo zerga batzuen euskal izenak aipatzen dituelarik: “en la cayll, que dize el bascongado “erret-bide” (…) et por tal ferme dize el navarro “gayces berme”. Baina garai bertsuko zeinbait agiritan ikusten denez, Tutera eta Erribera aldeko biztanleek ez zuten euren burua “nafar”tzat jotzen. Beraz, “nafarrak” edo “navarri” horiek ez ziren erresumako biztanle guztiak, baizik eta euskaraz egiten zutenak (geroago “vascongados”, “gente vascongada” etab. deituko zaienak), nahiz eta garai haietan biztanleriaren zati handiena izan. Ez kasualidadez, XII. mendearen azken hamarkadak baino lehen erregeek ez zuten “Nafarroako erregea” deitura erabiltzen: Antso VII.a izan zen modu sistematikoan erabiltzen lehena.
      Hori bai, modu arras kontraesankorrean, erregeak berak debekatu zien “navarri” horiei Donostian bizitzen jartzea gaskoein eta frankoen mesederako, eta “navarri” Iruñeko San Zernin eta San Nikolas burguetatik bidaltzeko agindua ere eman zuen. Historialari batzuek azpimarratu dute bazterketa hori jarrera suizida izan zela, erresumari barneko ahultasun ikaragarria eman ziolako. Gaztelako erregeak Araba eta konkistatu zituenean, erresistentzia bortitzena Gasteizen aurkitu zuen: frankoz jositako hiri batean. Baina ez du ematen asko borrokatu behar zuenik. Garai bertsuan Ingalaterrako errege normandoek irlandarrak, eskoziarrak eta galestarrak menperatzeko isuritako odol eta izerdiarekin alderatuta, “mendebaldeko nafarrak” menperatzen oso errazak izan bide ziren: hori esatea herejia galanta da, baina gustatuko litzaidake “William Wallace” euskaldun bat ezagutzea…
      Geroago Gaztelako erregeek hiribilduak fundatzen jarraitu zuten Araban eta Gipuzkoan, baina lezioa ondo ikasi zuten, ze kanpoko jendea ekarri gabe bertako nekazari euskaldunak (agirietako “navarri”, hain zuzen) biltzeko guneak izan ziren.
      Hala ere, denboraren poderioz “nafar” eta “euskara”ren arteko lotura hori ahulduz joan zen, guztiz desagertzeraino. XIV. mendearen hasieran “navarro” deitura bizirik zegoen artean Erribera aldean, seguruenera esanahi linguistiko zaharrarekin, baina kontu jakina da 1329ko Gorteek agiri bat “en lengoage de Navarra” idazteko agindua eman zutela, eta bi hamarkada geroago Karlos II.a koroatze-zina “in ydiomate terre” egitera behartu zutela, hau da, “lurraldeko berezko hizkuntzaz”; “in ydiomate terre Navarre” zehaztuko du Karlos III.a haren semearen koroatze-zinaren agiriak. Testuok, ordea, ez daude euskaraz, erromantzez baizik, hizkuntzalariek “erromantze nafar-aragoiar” deitzen dioten horretan.
      “Post-konkistaren” Nafarroari dagokionez, ez du ematen jarduera linguistikoak asko aldatuko zirenik hasiera batean. Aitzitik, euskara “babesteko” Aro Modernoan ezagututako neurri bakarrak Nafarroa menperatuan hartu zirelako, eskribauak eta oro har jende euskaldunarekin tratua izan behar zuten ofizialak euskaraz jakitera behartu zituztelako: Nafarroako Kontseilu Orokorrak hala agindu zuen behin eta berritan, eta agindua Behe Nafarroako Foru berrian ere jasota dago; eliza-agintariek ere neurriak hartu zituzten ildo beretik.
      Erasoa XVIII. mendean etorri zen, eliza epaitegietako ofizial erdaldunek “turno vascongado” delakoa kentzea eskatu zutenean, baita lortu ere, hau da, herri euskaldunetan aritzeko euskaraz jakitea derrigotzen zuen legea. Egia da borbondarren eskutik zetozen aire zentralizatzaile berriak oso ondo baliatu zituztela hori lortzeko, baina denak nafarrak ziren, eta haien eskaerari men egin zien artzapezpikua ere euskalduna zen, baztandarra. Historia triste hori Jimeno Juriok kontatu zuen.
      Ez dakit, nik uste dut bere garaian Nabarraldek lan polita egin zuela eskuineko navarrismoaren gezurrak borrokatzeko, baina gaur bide agortua iruditzen zait. Badago oraindik inork kontatu ez didan historia eder bat: historiaren haize guztiak aurka edukita, euskal jendeak zergatik-nola eutsi dion bere nortasunari.

  • Euskaldunok gure historia idazteari ezinbesteko deritzot. Kolonozatzaileen histariatik edateak badakigu-eta zer dakarren. Txapeau Nabarralde, alde horretatik.
    Baina gure historia kolonizatzaileen hizkuntzan idazteak, kolonozazioa zein sakon hedatu den islatzen du. Nabarraldek hausnarketa egin behar luke horretaz.
    Bestalde, EAEko abertzale askoren artean “nafar” identitatea hartzeko ohitura berriari ez diot zentzunik ikusten. Ez ditu nafar españolistak erakarriko, eta keinu artifiziala iruditzen zaio asko eta askori. Niri ere bai, bereziki, euren burua Bizkaiko, Gipuzkoako edo Arabako nafartzat jotzen duten horiek, konkistatzaile gaztelauen hizkuntzan bizi direlarik. Aldrebeskeria negargarria iruditzen zait.
    Baina aldrebeskerietara oso ohituta gaude horrei honetan. Harrotasun osoz ager zaitezke “nafar-euskaldun-euskaltzale-abertzale huts”
    edonoren aurrean ia erdara hutsez bizi zarelarik (zakurrekin eta haurrekin euskaldun zorrotz, hori bai).
    Gure hizkuntzaren anabasari aurre egin beharko genioke lehenik, gure historia zabaldu bitartean, eta gero ikusiko dugu nafar pasaporteak banatu ala antzezle agiriak, zerk merezi duen gehiago.
    Aurrera Nabarralde… euskaraz!

  • Oxandabaratz 2013-01-19 17:25

    Zorionakl eman beharrean nago Ibairi (eta bide batez, Anton kidearekin ere ados nagoela esan).

    Aurreko post batean ere esan nuen Nabarraldekoek egiten duten lan historikoa baliagarria dela, historia ezkutua azaltzen dutelako, eta mito espainiarrak deuseztatzen dituztelako. Hala ere, nabarraldek “espainiarren akats” bat egiten du: historizismoan erortzea, hau da, gaurko proiektu nazionala aspaldian justifikatu. espainiarrek badioten Nafarroa edota EH Epsania dela “beti hala izan delako” (manipulatuz, noski) Nabarraldekoek diote Nafoarroa edota Euskal Herria ez direla Espainia historiak hala diolako.

    Galdera da… zein historiak? ez ald zeuden Nafarroan edota euskal herrian interes kontrajarriak zituzten taldeak? Ez al zuen jasan lur, Estatu edota antolakuntz horrek barne eboluziorik? “Euskal Estatu” gisa jokatu zuen sortu zenetik 1512 arte?

    Nora arte garatu zen “nafar nortasuna” gaur eguneko Mendebaldeko Hiru Probintzietan? Eta “euskal nortasuna” Estatuan zehar? USte dut Nabarraldek (oro bat,) erantzun sinpleak ematen dizkiela galdera hauei; euskalduntasunaren eta Nafar Estatuaren lotura eginez.

    Izan ere Floren Aoizek aipatu zuen Nafar Estatuak ez zuela aipatu “paradigma propiorik” eta hor akats handi bat egin zuela.

    Jarraituko nuke, baina ez dut denborarik.

  • Nafarroako erreinuaren eta euskararen arteko harremana interesatzen zaionarentzat liburu ezinbestekoa: JIMENO JURIO, J.M.: “Navarra. Historia del euskara”, Txalaparta, Tafalla, 1997.
    Bikain dokumentatutako historia-liburu honetan, edonork bat egin dezaken egileak ateratzen duen ondorio honekin: Nafarroa erreinu bat izan zen bitartean euskarak ez zuen ia atzera egin, muga zehatz eta finkoak izan zituen zenbait mendetan. Nafar abertzaleen memoriak ere tinko eutsi zion euskaltzaletasunari eta euren hizkuntz-eskubideen defentsari (jakina, orduan hizkuntz-eskubideen kontzeptua ez zen existitzen, baina aldarrikapena argia zen).

  • Nafarroako erreinuaren eta euskararen arteko harremana interesatzen zaionarentzat liburu ezinbestekoa: JIMENO JURIO, J.M.: Navarra. Historia del euskara, Txalaparta, Tafalla, 1997.
    Bikain dokumentatutako historia-liburu honetan, edonork bat egin dezaken egileak ateratzen duen ondorio honekin: Nafarroa erreinu bat izan zen bitartean euskarak ez zuen ia atzera egin, muga zehatz eta finkoak izan zituen zenbait mendetan. Nafar abertzaleen memoriak ere tinko eutsi zion euskaltzaletasunari eta euren hizkuntz-eskubideen defentsari (jakina, orduan hizkuntz-eskubideen kontzeptua ez zen existitzen, baina aldarrikapena argia zen).

    • Liburu ikaragarri ona da, erraldoi baten lana. Bitxikeria gisa-edo, liburu horretan aipatzen diren bi pasadizo ditut orain lausoki gogoan, Iruñaz hegoalderako Nafarroako lurretan jazotakoak, oker ez baldin banago, ez dakit konkista aurretik ala ondoren. Aspaldian irakurri nuen liburua, duela hamar urte baino gehiago, eta beharbada oroitzapenak arras aldrebesturik dauzkat baina, tira…

      Bata da bi herri auzokideetako gazteen arteko ostia-festa, herri batetako norbaitek beste herrikoari iseka egin ziolako euskaraz egiteko zuen moduagatik edo zerabilen euskaragatik.

      Besteak Leringo konteetakoren batekin dauka zerikusia. Antza kontearekin gurutzatu zen herritar talde bat eta horietakoren batek zer edo zer esan zion euskaraz konteari, honek ulertuko ez zuelakoan. Konteak ordea, euskaraz erantzun, haurtzaroa eta gaztaroa Baxenafarroan pasea zelako.

      Dirudienez, Iruñaz hegoalderako aristokrazia, edo Leringo kontearen etxea, behintzat, erdaldun elebakarra zen.

      • Iban Tustán 2013-01-22 09:55

        Ordutik ona asko aurreratu dugu. Egun Iruñetik iparralderako aristokrazia ere, elebakarra izan ohi da. Baita Gasteizkoa eta Bilbokoa, Donostiakoa… Eta giza talde berri bat sortu da: erdaraz bizi diren elite euskaltzaleena, “goi-mailako” lanbideetan aritzen diren profesionalez osatua, hots, abokatuak, medikuak, arkitektoak, Unibertsitate-irakasleak, merkatari eta osatalari ospetsuak…

  • Gaizka, Ibai, Santi, Eneko… segi erantzunak kateatzen, mesedez. Pagotxa da hain erantzun mamitsu eta interesgarriak, horren laburbilduta irakurri ahal izatea. Irakurle nagi alfertuok bihotz-bihotzez eskertzen dizuegu ekarpena!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude