Antonio Turielen hitzaldia: “Energia berriztagarrien eta zentral eolikoen makro-proiektuak eztabaidagai”

Antonio Turielen hitzaldia:”Energia berriztagarrien eta zentral eolikoen makro-proiektuak eztabaidagai” –

Maiatzaren 2an, asteartean, Antonio Turiel zientzialari eta ikertzaileak “Energia berriztagarrien eta zentral eolikoen makro-proiektuak eztabaidagai” izeneko hitzaldia emango du Donostian, arratsaldeko 7etan, Uliako Mintegietako Parkean (Mirakruz gainetik gertu). Garraio publikoarekin ongi komunikatuta dago toki hori (DBUS 13. Linea: Intxaurrondo Zaharra/Ulia geltokia; RENFE: Intxaurrondo) eta negutegi zabala du horrelako topaketak egiteko.

Antonio Turielen hitzaldia: "Energia berriztagarrien eta zentral eolikoen makro-proiektuak eztabaidagai"Antonio Turiel, krisi energetikoari eta bere irtenbide faltsuei buruz egiten ari den lan kritiko eta zabaltzaileagatik ezaguna da. Artikulu asko kaleratu eta hitzaldi ugari emateaz gain, “Petrocalipsis” (2020, “Petrokalipsia” izenburupean euskaraz ere eskuragarri), “Sin energía” (2022) eta “El otoño de la civilización” (2022) liburuak argitaratu ditu, eta “The Oil Crash” bloga zuzentzen du. Energiaren gaiari dagokionez, ikertzaile zientifiko gisa, erabat zalantzan jartzen du gobernuek eta enpresa handiek ezarritako trantsizio energetikoaren eredua, zeinek energia berriztagarrien ezarpen industrialarekin erregai fosilak ordezkatu nahi dituen, baliabide finituen munduan “hazkunde” ezinezkoari eusten jarraitzeko eta egungo bizimodu jasanezina indartzen jarraitzeko. Ildo horretan, energia berriztagarriek berez dituzten mugez ohartarazten du, eta horren ondorioz, energia-baliabideen agortzeak nahiz klima-aldaketaren aurkako beharrezko borrokak markatutako egungo egoeran, sistema ekonomiko kapitalistari eustea ezinezkoa dela nabarmentzen du. “Energia-krisiaren irtenbide bakarra gure energia-kontsumoa murriztea da. Ez da munduaren amaiera: mundu harrapari eta suntsitzaile jakin baten amaiera da, eta, funtsean, hobe da holakorik gehiago ez izatea”, azpimarratzen du.

Hortaz, Antonio Turielen konferentziara biltzeko deia egiten dugu, hain zuzen ere azken aldi honetan hainbeste zentral eoliko eta fotovoltaikoren hedapenarekin naturguneak eta landa-eremuak mehatxatzen dituzten makroproiektuak eztabaidan jartzeko. Hauxe da, bestalde, lurraldea erasotzen duten egitasmoak geldiaraztea eskatzeko maiatzaren 20an Gasteizen “Lurraren defentsan: Euskal Herria bizirik!” lelopean egingo den manifestazio garrantzitsuaren deialdia eragin duen auzi gorienetako bat.

Hitzaldi hau Satorraiala, Haritzalde, Uliako Lore Baratzak eta Ekologistak Martxan taldeek elkarrekin antolatu dute.

Antonio Turielen hitzaldia: “Energia berriztagarrien eta zentral eolikoen makro-proiektuak eztabaidagai”

Zer duzu buruan “Antonio Turielen hitzaldia: “Energia berriztagarrien eta zentral eolikoen makro-proiektuak eztabaidagai””-ri buruz