Anoetan, gol bat gure atean
Anoetan, gol bat gure atean
Imanol Epelde Pagolak, 27 Zapata blogean, kezka agertu du Anoetako eraberritzean dirutza publikoa xahutzeko asmoa dagoela-eta:
.
3 urtetan 12 milioi euroko zorra egin omen zion Aperribayk Gipuzkoako Ogasunari. Garai berberean 3.1 milioi euro jaso zituen Eusko Jaurlaritzatik Aperribayren Sapa-Placencia arma fabrikak. Orain iruzurgile eta armagile baten lehendakaritzapean dagoen futbol taldeari 4 milioi euro emango dizkio diputazioak eta 10 milioi Eusko Jaurlaritzak estadioa berritzeko. 14 milioi euro denera. Besteak beste, jokalari batzuei paradisu fiskalen bidez ordaindu zitzaien arren. Ez baitago diruz ordaintzerik titular on bat eta azala Diario Vascon. Lagun arteko argazki eta guzti.
Eta egia da. Nik ere eraman behar izan ditut Anoetara katalejuak futbol jokalariak ikusteko. Baina ezin nezake defendatu futbol talde bati hainbeste diru publiko ematea. Zer eta inoiz betetzera iritsiko ez den estadioa egiteko. Zer eta armagile iruzurgile batek bilatzen dituen golak finantzatzeko.
1) Ez, 14 miloi ez zaizkio “futbol taldeari” emango. Anoeta ez da Realarena, Donostiako Udalaren azpiegitura publiko bat da. Eta azpiegitura publiko bat birmoldatzeko erabiliko da diru hori (alkatea Bildukoa zelarik onartu zen birmoldaketa, garai hartako talde guztien adostasunez).
2) Realak onartua du, akzionisten batzarrean, 36 milioi jartzea, berea ez baizik publikoa den azpiegituraren birmoldaketa finantzatzeko.
3) Jokalari batzuen paradisu fiskalena 2008tik da jakina eta salatua (Realaren akzionisten batzarrean bertan aipatu zen 2008 hartan, besteak beste), eta ogasunarekin kitatua dago kontua. Hori bai, nahi izanez gero, urtero atera daiteke albistea. Beste jokalari batzuekin 2013an izandako fiskalitate pribilegiatuen aldaketak urtero atera daitezkeen bezala albiste berri gisa.
4) ze erakarmen ote du Anoetak, horren zorroztasun bitxia sustatzeko hainbat begiradatan.
Kaixo frutazoka.
Posta idazteko hasierako arrazoia Aperribayk diputazioarekin duen ustezko zorra da. Zor handia. Eta argazkian harro ageri dira Gipuzkoako diputatua eta Donostiako alkatea. Nolatan horrelako argazkia ustezko iruzurgile batekin?
Eta behin artikulua idazten hasita kritikatu nahi izan dut futbol zelai batean horrenbeste milioi gastatzea. Izan publikoa, izan pribatua. Zuk publiko izaera azpimarratzen duzun arren, erabilera ia esklusiboa Errealarena denean. Bi astez behin bi orduz betetzen den instalazioetarako. Zelaia ere udalak ureztatzen du publiko izaera gordez? Ez dakit zer den okerragoa…
Diru gehiegi ematen zaio futbolari. Nire ustetan. Eta kasu honetan iruzurgile bat lehendakari duen taldeari.
Eta hori dena minetik eta haserretik diot. Realzalea izanda.
Kaixo, Imanol.
Niri Reala interesatzen zait. Aperribayren kontuak, ilegalak badira, argi ditzala justiziak eta kitto; erruduna bada (hedabide edo albiste iturri batzuek ondo neurtu behar dira, ordea), doala Realetik kanpora derrepentean.
Beste gaira jauzi eginez:
Badirudi berdin zaizula, auzi honetan, azpiegitura pribatua edo publikoa izatea, eta ez, nire ustez funtsezkoa da ñabardura, diru publikoaren erabilerari bagagozkio. Norbaitek esan lezake Real aberatsak bere estadio propioa eduki beharko lukeela, diru publikorik xahutu gabe, eta irtenbide zuzenena litzateke; baina kontua da Relak asmo hori izan zuenean eragotzi egin ziotela agintari publikoek.
Zelaiaren erabilera ia esklusiboa Realarena dela, diozu. Egia da, baina futbolik ez den beste egun guztietan estadioak erabilerarik ez izatea ez da Realaren kulpa. Eta, aizu, estadio propioa egiten utzi ez eta, ez diogu ba kritikatuko zelai publikoa erabiltzea. Eta erabilera horregatixe pagatuko du Realak birmoldaketaren zati handiena, nahiz eta azpiegitura berea ez den. Oso gutxi gertatzen da erakunde pribatu batek azpiegitura publiko batean diru mordoa jarri eta hala ere nahi ez izatea.
Bestalde, esan behar da kiroldegiaren birmoldaketaren barnean dagoela, futbol zelaiaz kanpo, alboko atletismo miniestadioa handitu eta birmoldatzea (Atletismo federazioaren oniritziarekin), emakumeen hockey taldearentzako zelaia, kulturetxea, eta abar.
Ni ere Realzalea naiz, eta niri ere min egiten didate gauza askok. Nigatik ez litzateke euro BAT BERA ere jarriko eliteko kirolean, ez eta alferrikako instalazio mastodontikoetan ere. Baina Anoetak sortzen duen erakarmena aipatzen nuen, badirudielako zelai honek bakarrik merezi duela zenbat gastatzen den edo ez denari buruzko eztabaida sutsua eta begirada mikroskopikoa.
Ondo segi.