Amaiur oroimenean: izena, herria, memoria, gaztelua, kanta

Amaiur oroimenean: izena, herria, memoria, gaztelua, kanta –

Amaiur oroimenean: izena, herria, memoria, gaztelua, kantaEliz egutegiaren bidez kontaketa egiteko monopolioa galdu zenetik urteko egun bakoitza da santu batena ez den beste “zerbaiten” eguna: langileena, euskararena, emakumeena, aitarena eta abar. Antzeko gertatzen da urtearekin. Lehia komunikatibo gogorra jokatzen da “zeren” urte bezala ezagutuko den, adibidez 2022a. Proposamenak ugari izango dira zalantzarik gabe, baina, gutxik izango dute euskalnafarren oroimen eta sinbologian Amaiurrek adineko indarra. Hitz gutxik izango dute bere baitan hainbat euskal eta nafar sentimendu batera biltzeko gaitasuna; alegia, euskalnafarren irudi sinbolikoren batasuna irudikatzeko indarra. Hona hemen adibide batzuk:

Amaiur izena

Antzinako izena izan arren, edo behar bada horregatik, adiera asko hartu ditu. Amaiur, Ama Lurretik dator? Amaia + ura batuketatik… Kontua da izen hori gureganaino iritsi dela eta ohikoa bihurtu dela.

Gainera, legediak seme-alabei izena jartzeko malgutasuna onartu zuenetik, ez dira gutxi, jaio berriak izendatzeko Amaiur aukeratzen dutenak. Legez kanpoak ere baziren. Seaskaren egutegian, berriz, uztailaren 19an da Amaiur.

Amaiur herria

Amaiur Baztan haraneko herri bat da. Denboran galtzen den garaitik dugu haren berri. Erdi Aroan, gaztelu bat eraiki zuten. Haren zeregina Iruñetik Garazira eta gero Baionara zihoazen merkatariei zerga kobratzea zen. Gipuzkoatik ere zenbait garaietan bide hori aukeratzen zuten merkatariek Pirinioak zeharkatzeko, kostaldeko igarobidea baino seguruagoa zelakoan.

Amaiur oroimen lekua

Euskalnafar askok, gehienok, badugu Amaiur izenaren entzuna. Arrazoi asko daude horretarako, jakina. Bakoitzak bere ikuspegitik, edo ikuspegi anitzen arrazoiengatik, euskaldunontzat Amaiur oroimen leku bat da: materiala eta ez-materiala.

Hogeigarren mendean, Pierre Nora paristarrak historia proiektu bat diseinatu zuen: Les lieux de mémoire. Honela definitu zuen “oroimen lekuen” kontzeptua: “giza borondateagatik edo denboraren obragatik edozein komunitateren oroimenezko ondarearen elementu sinboliko bihurtu den edozein entitate esanguratsu, material edo ez-material”.

Amaiur gaztelua

Nafarroaren konkistaren testuinguruan, 1512an, gaztelar-aragoiarrek gaztelua okupatu egin zuten. Indartsuagoa egiteko hainbat aldaketa egin zizkioten gazteluari, hala nola, harresi gehigarri bat eraiki zuten posizioa sendotzeko. 1521eko urriaren 12an, bertan gotortutako gaztelarrek amore eman zuten euskalnafar legitimisten aurrean. Hala ere, Karlos V.aren indar inperialen kontraerasoan, 1522ko uztailaren 15ean, Iruñetik abiatutako 7.000 gerlariko espedizio espainiarrak setioa jarri zion gazteluari.

Setioak astebete iraun zuen, baina erresistentzia alferrikakoa zen, indarren arteko aldea handiegia baitzen. Legitimoak 1522ko uztailaren 19an errenditu ziren Mirandako kondearen aurrean. Abuztu hasieran, indar okupatzaileek gaztelua zartarazi zuten. Bertako hondarrak, harri eta material gehienak, beste eraikin batzuetan berrerabili ziren. Harrezkero, aztarnak eta oroimena baizik ez dira geratu.

Amaiurko erresistentzia

Amaiur erresistentziaren ikurra da, euskalnafarrek aurre egin baitzuten bizia galdu arte, bereziki, gaztelar-espainolak edo frantsesak izan nahi ez zutelako. Gaztelua berreskuratu ondoren eustea ezinezkoa zen. Hala ere, tinko eutsi zioten, ekimen epikoa zen, inbaditzaileen aurrean herria defendatzeko erabaki sendoa, benetakoa.

Beste zenbait herrik badute antzeko epika kontakizunak nazioaren goratzarrerako, gogoratu “Numantzia”, “Guzman el bueno” edo “Jeanne d´Arc”, baina asmakizunak dira, mitoak. Amaiurkoa, benetan gertatu zen.

Amaiurko oroitarria

1922ko ekainaren 30ean, Amaiurko gaztelua zegoen tokian, haren aztarnen gainean, oroitarri edo “monolito” bat inauguratu zen (2022an, 100. urteurrena izango da). Ekitaldira batzordekide batzuk agertu ziren, besteak beste, Julio Alatadill eta Joakin Baleztena, baita ere proiektuko egilea izan zen Serapio Esparza. Kruz Goienetxe, Amaiurko parrokoak bedeinkapena eman zuen, berarekin Erratzuko apaiza eta Lekauzko bi aita kaputxino ziren. Iruñetik etorritako batzorde ofizialari Amaiurko udala, Baztango agintariak eta baztandar ugari gehitu zitzaien.

Lau armarri ditu, bana lauki alde banatan: Amaiurko herriarena, Araba-Gipuzkoa-Bizkaiarena, Nafarroa osokoa eta sei merindadeena. Zoritxarrez, monumentua 1931ko uztailaren 26tik 27rako gauen dinamitaz suntsitu zuten. Garai hartan, “Lizarrako estatutuaren” proposamena eztabaidatzen ari ziren Hego Euskal Herriko udaletan. Oroitarria berreraiki egin zen eta berriro inauguratu, 1982ko urriaren 10ean. Amaiurko udalaren ekimenak Nafarroa Garaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien laguntzaz gain, Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso zuen.

Amaiur kanta

1930eko hamarkadan, Lauaxeta poeta bizkaitarrak olerki bat ondu zuen gertaera haiek munduan zabaltzeko: Amayur, gaztelu baltza. Gero, 1978an, Antton Valverdek musikatu eta kanta bilakatu zuen:

Amayur gaztelu baltz ori
-berreun gudari oso sumin-
zaintzen zaituben zaldun onak

Amaiur XX. eta XXI. mendean

Espainiako 2. Errepublikaren alde Amayur gudarostea antolatutako zen, ramonrubial.com/batallon.asp web gunearen arabera, 1522an, Amaiur edo Mayan gertatutako balentriaren oroimenez PNV-k sortua; 1931n, PNVren eskutik Iruñean sortutako Amayur astekaria, euskaraz eta gaztelaniaz, Nafarroa osoan zabaltzen zen; Frankoren Espainiako diktadurari aurre egiteko, ETAko hiru komandok gutxienez Amaiur izena hartu zuten. 2011ren azaroaren 20an, Franko hil zela 36. urteurrenean, Madrileko hauteskundetara aurkezteko Bildu eta Aralarren koalizioak Amaiur izena erabili zuten.

Amaiurren aurkakoak ere ugari izan dira historian zehar. Lehenengoa, 1512an, Nafarroa Garaia militarki okupatu eta bortxaz Gaztelari atxiki zutenean; Azken aurrekoa, 1922an, Victor Praderak nazionalista espainolak Amaiurren defendatzaileei buruz “euren aberriari traizioa (?)” egin ziela esan ondoren, 1931ean, monumentua dinamitatu zutenean.

2022an, konkista lazgarri haien testuinguruan, gertatutakoetatik bostehun urte pasa direnean, eta ehun urte gazteluan oroitarria jarri zela bete direnean, aurtengoa, Amaiurren urtea izatea proposatzen diegu euskalnafar guztiei. Gure egiten dugu harrian zizelkatu zutena: “Napar askatasunaren alde Amayurko echarrian” borroka egin zutenei, betiko argia.

Amaiur oroimenean: izena, herria, memoria, gaztelua, kanta

Euskara irakaslea