Osasunbidea: egiturazko arazoak eta inbertsio falta

Osasunbidea: egiturazko arazoak eta inbertsio falta –

Pandemia izan da azken urteetako erabaki politikoen ondorioz Osasunbideak aspaldian pairatzen dituen egiturazko arazo guztiak azaleratu dituen faktorea. Hala ere, funtsezko arazoa da osasungintzan egindako inbertsioa ez dela nahikoa, eta Nafarroan urtean 457 milioi euro gehiago bideratu beharko liratekeela Europar Batasuneko batez besteko gastua berdintzeko.
Osasunbidea: egiturazko arazoak eta inbertsio falta
Arg: Iñigo Uriz / FOKU / BERRIA

Osasunbidearen egiturazko arazoak, hein handi batean, langileen gabezian eta plantillaren behin-behinekotasunean islatzen dira. LEP deialdien eskasiak ondorio kaltegarriak ditu: plantillaren erdiak baino gehiagok aldi baterako kontratua du, partzialtasuna oso handia da, eta kontratu mota erabat prekarioa. Langile-gabeziak eta kontratazio-zerrendarik ezak produktibitate-gastua handitu dute (“peonadak” deiturikoak), eta euren kostua 4,6 milioi euro baino gehiago handitu zen 2021eko lehen hiruhilekoan. Gainera, enpresa pribatuekin egindako itunak ere ugaritu egin dira. Azken urtean, jarduerak %17,4 egin du gora Lehen Mailako Atentzioko erizaintzan, eta langileak %5,4 baino ez dira gehitu. Datu horiek are balio handiagoa ematen diote Osasunbideko profesionalek egiten duten lan nekaezinari; izan ere, sistemaren benetako zutabe dira, eta, gainera, zuzendaritzak oporrak edo jaiegunetako ordainsariak ukatzen dizkiela pairatzen dute.

Nafarroako Gobernuak aurkeztutako Lehen Mailako Arreta Planak propaganda da (martxoan aurkeztu zuen ia gauza bera da), eta ez du balio egungo kolapso-egoerari erantzuteko. Ulergaitza da pandemia hasi eta ia bi urtera lehen mailako arreta gainezka egotea. Osasun-zentroetako lan-karga onartezina da (dei askori ezin zaie jaramonik egin, onarpen-prozesuan langilerik ez dagoelako), eta horri gehitu behar zaio Nafarroako Gobernuak militarrak kontratatu izanak dakarren lotsa. Behin eta berriz, gobernuek etengabe eskatu nahi dute norbanakoaren erantzukizuna birusa ez hedatzeko, eta inbertsio falta eta hartu ahal izan diren eta erabaki politikoengatik egin ez diren neurriak estali nahi dituzte.

Egoera horretan, PSNk, Geroa Baik, Podemosek, EH Bilduk eta Izquierda-Ezkerrak Parlamentuan onartutako aurrekontuak ez dira Nafarroak Osasunbidearen arazoak konpontzeko behar dituen aurrekontuak. PSNk, Geroa Baik eta Podemosek aurkeztutako Aurrekontu Proiektuak aurreko urtean baino BPGren ehuneko txikiagoa bideratzen zuen Osasunbidera (%5,8 2021ean eta %5,5 2022an), eta EH Bildurekin lortutako akordioak ez du egoera hori konponduko. Osasunbidera bideratzen den dirua handitzea beharrezkoa eta premiazkoa da, eta hori lortzeko ezinbestekoa da zerga-erreforma bat, enpresek Sozietateen gaineko Zergagatik gehiago ordain dezaten (400 milioi euro ez dute enpresek ordaindu behar, 2007arekin alderatuta).

Nafarroak osasun sare publiko bat behar du, aurrekontu handiagoarekin, baliabide material eta pertsonal nahikoz hornitzeko, lan baldintza onak bermatuz. Baina horretaz gain, azpimarratu behar da Osasunbidearen egiturazko arazoak pandemiaren aurrekoak direla, ELAk 2020ko amaieran osasun publikoari buruzko txostenarekin salatu zuen bezala, kalitatezko zerbitzu publikoa bermatzeko proposamen zehatzekin.

Hala ere, beste behin ere agerian geratu da propaganda-neurriez gain, borondate politikoa falta dela Osasunbidearen benetako arazoak konpontzeko.

Osasunbidea: egiturazko arazoak eta inbertsio falta 
Osasunbidea: egiturazko arazoak eta inbertsio falta

ELA Osasunbidea