Altzürüküko maskarada
Altzürüküko maskarada –
Aurten Altzürükü dugu Zuberoako maskaradak antolatzen ibiliko den herria, eta entzun dugunez heldu den urtean bi herri izanen dira jardun horretan ibiliko direnak: Barkoxe eta Aloze. Osora hamabi maskarada izanen dira aurten herriz herri jokatuko dituztenak. Lehena, antolatzaile den herrian, hau da, Altzürükün, otsailaren 9an. 16an Irurin, 23an Ezpeize-Ündüreine, 29an Gamaren, martxoaren 7an Idauze-Mendin, 14an Maule-Lextarren, 21ean Santa Grazin, 28an Aloze eta Atarratzen, apirilaren 5ean Larrainen, 12an Barkoxen, 19an Muskildin eta 26an bukatzeko Urdiñarbe eta Altzürükü herrien artean den Garaibi auzoan.
Altzürükü betidanik izan da herri maskarada zale, horrelakoa antolatzeko beti prest izan den herria. Horrela, jakin badakigu, 1925ean maskarada ederra antolatu zutela; eta geroztik, 1933an, 1938an, 1951n, 1957an, 1968an, 1972an, 1979an, 1992an eta 2005ean. Beraz, 1925etik gaurko egunera, eta aurtengoa kontatu gabe, hamar maskarada antolatu dituzte. Ez da makala altzürükütarren lana eta maskaradarekiko erakutsi duten atxikimendua. Azken maskarada eman zutenez geroztik hamabost urte pasatu dira jadanik.
Aurtengo lehena, lehen erran bezala, otsailaren 9an izan zen, eta lehen maskarada ikustea maite dudanez, Altzürükü aldera abiatu nintzen lagunekin batera. Aro ezin ederragoa zen. Hotzik ez, eta liliak eta kimu berriak nonahi sortzen. Udaberrian ginela zirudien. Goizeko 9,30etan lehen barrikada izan zen herriaren sartzean. Ordurako jende ainitz bazen, eta entzuten genuen euskarak salatzen zuen bezala, Euskal Herriko hamaika bazterretatik joandako euskaldunak ziren han. Lurrean arnoz, sagarnoz edota pattarrez betetako botoilak ipini zituzten barrikada gisa, eta aitzindariek lehen aldiz bertan dantzatu zuten. Bühame koloretsuek bereak eta bost egin zituzten ondoren. Eta gero maskaradakoak hasieran, eta gero gainerako guztiak, jan-edariz mukuru zen mahaira hurbildu ginen. Han baziren bizkotxak, kausherak, moletak, kafe beroa, arnoa, likoreak eta bestelako ugari. Jan eta edan ondoren lehen kantuak entzun genituen.
Lehen barrikada horretaz gain, bost gehiago izan ziren: Jetarenean, Erregia izeneko tokian, plaza gibelean, Barrikata auzoan, eta bukatzeko herriko plazan. Osora sei barrikada egin zituzten, eta seietan beti prozesu bera errepikatu zuten: botoilez egin barrikadak, aitzindarien dantzak, bühameen basa jokoa, jan-edatea eta Zuberoako kantu ederrak.
Aipatu beharra dago, maskaradan tropa handiak parte hartu zuela, gazteek zein haurrek, osora berrogeita hamar inguru, ene irudikoz. Dantzari on eta trebe ainitz baziren, horregatik aitzindariak errepikatuak ziren, alde batetik denak mutilak ziren, kantiniersa barne, eta bestaldetik denak neskak. Beraz aukera bazuten dantza ederrak emateko. Zamaltzainak Mattin Epherre eta Nathalie Jauri ziren, entseinariak Adrien Aranburu eta Joana Karrika, gatüzainak Pette Keheille eta Maia Jaragoihen, txerreroak Mixel Jaragoihen eta Gabriela Ager eta kantiniersak Mael Arla eta Maider Jauri.
Goizeko barrikaden ondoren, jendea arraboteko izkina batean jarritako kantinan bildu ziren, solasean, jan-edanez eta kantu zirimolan. Aspaldi ikusi gabeko adiskideekin mintzatzeko tenore ederra izaten da hau.
Arratsaldeko 4etan arratsaldeko saioari hasiera eman zioten. Ordurako ainitz jende gehiago bertaratua zen eta jadanik pilota-plazaren bazter guztiak betetzen zituzten arizaleen zain zirela. Agertokia ikusgarria zen, pilota-plaza eder eta zabala, eskuinean Ürrütia izeneko jauregi ezin ederragoa, eta ezkerrean, muino ttipi baten gainean, hiru puntako ohiko eliza zuberotar ikaragarri handia. Azken honen inguruan hilerriko hainbat gurutze eta hilarri ikus zitezkeen. Hortxe, agertoki paregabe horretan, udaberriko aroan, hemezortzi gradu termometroaren arabera, eta jende giro animatu ederrean eman zuten bi oren eta erdi inguru luzatu zen maskarada ederra eta alegera. Bukaeran, ohikoa den bezala, azken kantua eman zuten eta ondoren muñeinak eta aintzina-pika. Hortxe nahasi ginen denok dantzan, altzürükütarrak eta gainerakoak.
Maskarada ederra, giro alaia, eguraldi bikaina… baina izan zen itzal bat otsailaren 9ko maskaradan, ez baikenuen bertako semea den Niko Etxart kantari aparta nehon ikusi, ez goiko barrikadetan eta ez arratsaldeko saioan. Jakin badakigu Edurne emaztea eri dela, ospitalean, eta hau izan dela horren maitatuak diren senar-emazteen eskasaren arrazoia. Har ezazue lerro hauetatik nire besarkada handia. Ea laster ikusten zaituztegun berriz gure artean, Euskal Herriko edozein txokotan. Eta bukatzeko, aurtengo maskarada egin duten gazte altzürükütarrak zoriondu nahi nituzke, herrian egin duzuen lehen maskarada-saio hori bezain bikaina atera dakizkizuen gainerako guztiak. Horixe da, bederen, nire desira.