Mundu zoroa

Mundu zoroa –

Gure patua psikopata gutxi batzuen esku dago. Halaxe ondorioztatu zuen Jon Ronson idazle eta kazetari britaniarrak “Psikopata al zara?” izeneko liburuan. Bere lanean The Guardian egunkariko kolaboratzaileak kontrastean jarri zituen gaitz psikopatikoaren diagnostikorako ezaugarriak goi mailako ardura postuetan dauden politikari eta enpresarienekin. Bi urte eman zituen psikopatagaiak elkarrizketatzen buru-osasun zentruetan zein korporazio handietako bulegoetan, eta ikerketaren emaitza erabatekoa izan zen: mundua psikopatek gobernatzen dute. Psikopatak ez du damurik, ezta hurkoarekiko enpatiarik ere; manipulatzailea da, bere helburuak lortuko baditu; neurri gabeko egoa dauka eta gezurra modu konpultsiboan darabil. Horiexek dira sistema kapitalistak saritzen dituen ezaugarriak, horiexek betez baino ezin da, sistema kapitalistaren baitan, ardura goreneko postuetara iritsi. Zenbat eta gertuago izan izaera psikopatikotik, orduan eta gorago egingo duzu botere katean; atzean uzten dituzunekiko errukirik gabe.

Mundu zoroaErkatu ditzagun sintoma horiek gizateriaren patua gobernatzen duten gizon-emakumeenekin, AEBtako presindentetik hasita. Psikopata bati baino ezin zaio okurritu, inongo damurik gabe, berea ez den  herrialde batean eskua sartu, hango milioika biztanleen patua kolokan jarri eta munduaren oreka labainkorra auzian jartzea, ondorioei erreparatu gabe, zertarako eta bere ego neurrigabea elikatzeko.

Iragan astean, Etxe Zuriko handimandiak Palestinako gatazka, ustez, behin betiko konpontzeko egitasmoa aurkeztu zuen. “Mendeko Akordia” izendatu dute alde bakarreko sinatzaileek. “Mendeko Iruzurra”, berriz, zorigaiztoko ibilbide orriaren biktimek. Funtsean, itunaren helburua Ekialde Hurbileko oraingo status quodelakoa behin betikotzea da, zazpi hamarkadatan ilegalki eta bortzaz okupatutako eremuei legezkotasun bermea ematea. Psikopata bati baino ezin zaio okurritu nazioarteko zuzenbide, legedi eta itun guztien gainean dagoela eta bere borondatea milioika pertsonen gainean inposatu dezakeela. Psikopatak baino ezin dira izan, halaber, proiektu baztertzaile horretarako azpiegiturak eraikiko dituzten CAF enpresako zuzendariak, jakinaren gainean ari direlako gerra krimen batean parte hartzen. Mundu zoro batean bizi gara, baldin eta AEB presidentearen borondatea, eta bide batez, bere suhiarena (bera izan baita “Mendeko Akordioaren” ideologoa) nazioarteko zuzenbidearen gainean jartzerik badago. Mundu zoro batean bizi gara, baldin eta egitasmo kriminal horretan parte hartzea erabaki duten kupida gabeko enpresariei erabakiak esku artean eztanda egiten ez badie.

Mundu zoroa

BDZ mugimenduko kidea. Israelen aurkako Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak

13 pentsamendu “Mundu zoroa”-ri buruz

  • euskaldun bat 2020-02-16 08:24

    Nik ez dakit agintaruek psikopata profila betetzen duten baina hala bada ere, kapitalismoaren buruak dira soilik nonbait psikopatak. Kapitalismoa eta mendebaldeko arraza zuria, gizon zuri heteroa ez esatearren. Zenbat agintari komunista psikopata ezagutu ditugu? Palestina… Palestina azpiratu duten psikopatik handienak bere inguruko estatu musulmanak dira. Hor bai psikopata taldea! Hasi Bin Salmanengandik eta zerrenda amaiezina. Hain gorroto duzun/duzuen mendebaldeko gizarte zuri horretan gutxienez 4 urtez behin psikopata agintetik kentzeko aukera dago. CAF… Enpresa batek negozioa egin behar du, ez politika. Politika egiten hasiz gero berehala da kiebran. Espainiari ere ez lioke trenik saldu behar orduan, Euskal Herrian egindako genozidioa zuritzea litzateke eta. Frantziari ere ez. Turkiari ere ez, kurduak nola zanpatzen dituen ikusita. Errusiari ere ez, gobernuak LGTBI kolektiboa nola tratatzen duen ikusita eta aspirazio inperialistekin dabilelako. Txinari ere zer esanik ez, Uigurrak eta Tibetarrak nola zanpatzen dituen ikusita. AEBri zer esanik ez, etsaietan etsaiena delako. Eta abar eta abar. CAFi norbaitek esan/debekatu behar dio Israeli trenik ez saltzeko. Agian Urkulluk, edo tamalez bada ere agian Pedro Sanchezek/Iglesiasek. Beste estatuetan enbargoak politikariek jarri eta enpresek bete egiten duten moduan. Beraz, kontuak Urkulluri edo Espainiako gobernua sostengatzen duen BILDUri eskatu. Agian azken hauek dira psikopatak eta ez CAFeko buruak eta langileak.

  • Euskaldun bat: CAF-i nazioarteko zuzenbideak debekatzen dio Jerusalem okupatuan azpiegiturak eraikitzeak. Informatu zaitez pixka bat, gizona. Lurralde okupatuan, NBEk lurralde okupatu kontsideratzen duen eremuan, egingo dira lanak. Horregatik ezin du parte hartu. Ez Urkullu, ez Sanchez eta ez Bilduk, NBEk debekatzen du. Baina AEBen laguna denez Israel, zilegi du edozer egitea. Zuk noski, enpresa batek dirua irabazi behar duela eta, egoki ikusten duzu Bayer farmazeutikak nazien denboran judutarrekin esperimentuak egitea, ezta? Dirua da enpresaren helburu bakarra…

  • euskaldun bat 2020-02-20 09:25

    Nazioarteko legediaz nik baino gehiago jakingo duzula, ziur. Baina zuk esan bezala bada, NBEren agindu edo lege bat dagoela, Espainiako estatua izan beharko luke CAFi trena saltzea egotzi beharko liokeena, ez? Eta ez da hala izan. Eta SIEMENS eta hauek ez saltzeko erabakia hartu dutenean ere beren kabuz hartutako erabaki bezala saldu dute, gero beste gauza bat da estatuak hor atzean eragin ote duen baina ez dute saldu NBEren agindua betetzen ari direlako denik. Eta bai! Enpresa baten helburua urte amaieran irabaziak izatea da, irabaziak 0 izatea, geroz eta zailagoa da enpresentzat, urtetik urtera zailagoa.

  • euskaldun bat 2020-02-20 09:27

    Irabaziak > 0 izatea esan nahi nuen

  • Nik ez dut esan lege edo agindu bat dagoenik, nik esan dut NBEk okupatu kontsideratzen dituen lurretan egingo direla lanak, eta lurralde okupatuen agintariak palestinarrak dira, ez Israel. Badakigu botere politikoa botere miliutarrerik datorrela, eta Israelek eremu okupatuan legez kontra hainbat obra (harresia tarteko) egin dituela. CAF horretan sartzea nazioarteko legediaren aurka egitea da. Erantzukizunik izango ez duena, Israelek “paso” egiten duelako NBEren ebazpenez, zumosoleko lehengusu AEB atzean duela baitaki.
    Dirua atera behar dute enpresek egia da hori: Edozein kostura? Esklabotza berrezarri daiteke, enpresari etekinak emate aldera? CAFi bihar Myanmarren rohinya-k exterminio zentruetara eramateko tranbia eraikitzeko eskaintza egingo baliote, onartu behar du, etekina helburu? Zuk egoki ikusiko zenuke? Ez dute inolako ardura edo erantzukizunik BMW, Mercedes eta Wolkswagenek preso naziak lantokietan erabiltzeagatik, etekina helburu? Azken finean etekina bada helburu…

  • euskaldun bat 2020-02-20 20:52

    Ba Ote! Eta muga non jarri behar du orduan enpresa batek saldu edo ez saldu erabakitzeko? Gurpil zoro batean sar zaitezke… eta hori ez da ona enpresa batentzat. Enpresako kide guztiak gauza bakar batean egon behar dute zentratuta: produktu ahalik hoberena egiten. Eta nahiko lanak ematen ditu horrek gainerako parafernalia guztietan sartzeko. Zerorrek ondo jakingo duzu zer diodan enpresa industrial batean lan egiten baduzu. Gogo gutxi izaten da gero gainerako kontuetatako! Nahiko lanak eta bi bezeroarekin eta bezeroari dirua kobratzen, eta oraindik gainera horrelako diskisizioetan hasi behar. Gure inguruko enpresa ertain txikiez ari naiz, multinazionalak ez dakit nolakoak diren ere. Eta urte amaieran irabaziekin amaitzearekin nahikoa obra sozial egin duzu eh! Ez dago enpresa bat urtetan zutik mantentzea bezalako obra sozialarik.

  • Erantzun didazu. Etikarik ez enpresetan. Gora esklabutza etekinaren izenean!

  • euskaldun bat 2020-02-21 10:22

    Argi dago enpresa industrialean ez duzula lanik egiten. Gure inguruko enpresetaz ari naiz, hemengo familiak hemen bizitzea ahalbidetzen dutenak. Ezkerreko demagogia horrekin zeure burbuilan itxita zaude. Jo lasai hemengo enpresak deabruaren pareko! Jo lasai! Muga non dagoen galdetu dizut. Zuretzat enpresa ideala enpresan egunero batzar iraultzaile eta pankarta artean dabilena izango litzateke, ez? Ezkerrik jada geroz eta jende gutxiagok jarraitzen dizuela, mundua aldatu nahi duzue eta ez zarete gai auzo bat kudeatzeko ere.

  • Ez, niretzat enpresa ideala nazioarteko zuzenbidea errespetatzen duena da, lan zuzenbidea errespetatzen duena, soldata minimoa errespetatzen duena, lan baldintzak errespetatzen dituena, ordu extrak ordaintzen dituena…
    Ezin baduzu ikusi etekinak ez duela dena justifikatzen, deitu zaidazu pankartero edo nahi duzuna, baina segituko dizut esaten muga etikoak badituela enpresa batek. Adibidez, SAPAk (Aperribay jaunaren enpresa, Realeko presidentea) Yemeneko genozidioan erabili diren tankeen transmisioak egiten ditu. Nahi duzuna esango duzu, niri kriminala iruditzen zait. Argi dut etekinak ez duela genozidio bat justifikatzen. CAF-ekin gauza bera, etekinak ez du palestinako lurren okupazioa justifikatzen, eta krimen horretan parte hartzea etikoki ez zait egokia iruditzen (juridikoki ere ez da). Eta CAFek 43 milioi euroko irabazi garbiak izan zituen 2018an, ez da estuasunetan dagoen enpresa bat. “Espainiako” 155. enpresa handiena da. “Hemengoa” izateak, gure ingurukoak izateak, ez dakar plusik. Zer ba, XIX mendean esklabu beltzen komertzioan lukratu ziren euskaldunak, garai berean lukratu ziren espainolak baina hobeak dira, hemengoak zirelako?
    Eta berriro ere, falaziekin jarraitzen duzu: nik ez dut enpresa demonizatu, esan dut CAFek ez duela nazioarteko zuzenbidea bete. Ez dut langile asanbladaz ez iraultzaz hitz egin. Ustezko ezker homogeneo horretako kide akritiko bihurtu nahi nauzu, itsutua eta obsesionatua zaudelako. Eta falazietara jotzen duzu zure obsesioa egiaztatzeko.
    Eta ez didazu erantzuten zure muga non dagoen. Palestina okupatuan lan egitea ez da muga zuretzat. Ados. Rohinya exterminio tranbia, muga da? Judu esklabuen erabilera muga da? Non dago zure muga? Ez didazu erantzun, beno “erantzun” didazu ez dagoela mugarik, gurpil zoro bat dela hori enpresarentzat. Pankartero eta demagogo deitu bai, hori egin duzu.

  • euskaldun bat 2020-02-21 19:34

    Ba Ote! Nik mugak garbi ditut, zuk ez. Mugak politikariek, estatuek, legeek jarri behar dituzte, ez naiz ezer berria asmatzen ari. Aktibitate ekonomikoa estatuak erregulatu behar du eta armak egitea baimenduta badago, armak egingo dira. Eta estatuak erabakitzen duela halako estatuari ezin zaizkiola armak saldu… ba enpresak ez dizkio salduko. Zer behar duzu hori baino gauza garbiagorik? Araua argia mundu guztiarentzat, enpresa guztientzat. Enpresari burukomin bat kendu diozu, ezin du saldu ezin duelako eta kito, ez berak eta ezta berarekin lehian zebilen beste enpresak. Nazioarteko legeak dioela ezin direla lurralde okupatuetan ezer saldu… ba estatuak betearazi beharko du. Estatuak beste alde bateta begiratzen duela politikagatik?! Ba herritarrek zuzendu beharko dute moduren batean gobernua, ez? Baina utzi enpresak eta langileak bakean, produktu lehiakorrak egitearekin nahikoa lan dute eta. Aizu! Eta beste gauza bat: ez ditut CAFen kontu ekonomikoak ezagutzen baina fakturatzen duen guztiarekin soilik 40 milioiko irabaziak izatea… zer pentsatua ematen dit. Kontu handia!

  • 43 milioiak irabazi garbiak izan ziren (dibidenduetan banatu edo kapitalizazio egiteko, hau da, jabeentzat zuzen-zuzen), 201 milioi eurokoak ustiapen irabaziak, eta 2048 milioi euro diru sarrerak. Publikoak dira kontuak. Edozein kasutan, CAf multinazional bat da, ez hemengo enpresa txikitxo bat, aurreko iruzkin batean zenioen bezala. Multinazional bat, bere letra guztiekin.
    Eta ez dut ulertzen. Diozu estatuek jarri behar dituztela mugak, jarri ditu NBEk mugak, eta horren aurka CAFek Jerusalem okupatuan lan batzuk egingo ditu, NBEn Batzar Orokorrak hartutako erabakiaren aurka, Israelek ez dituelako erabaki horiek betetzen. Eta hala ere, defenditzen duzu, nazioarteko zuzenbidearen aurkako jarrera, zergatik, Sanchezek ez duelako ezer esan? Sanchezek zerbait esan izan balu, orduan onartuko zenuke ez dela egoki? Ez dut ulertzen. CAF ez da nazioarteko araudia betetzen ari. Horrela dabilela langileek esan dute eta beraz ez du balio?
    Finean diferentzia bat dugu guk biok. Nik enpresaren etekinaren gain etika jartzen dut, zuk ez duzu ezer jartzen. Genozidio batean erabiliko diren armak saltzea, horren jakitun, legezkoa izanagatik, ez da zilegi niretzat, zuretzat bai. Ume langileak izatea, legezkoa izanagatik (Bangladesh kasu) ez da zilegi niretzat, zuretzat bai. Ez gara hortik aterako ez zu eta ez ni.

  • euskaldun bat 2020-02-22 15:43

    CAF ez da NBEko kidea, Espainia da (tamalez). NBEko bileretara Espainia joaten da eta Espainia da NBEaren aurrean kontuak eman behar dituena. Baina beno… asko gustatzen zaizue enpresei eta kapitalari egurra ematea eta lasai, eman egurra, bihur ezazue etsai, hoberena Euskal Herritik bidaltzea izango da, palestinarren genozidioa bultzatzen dutenek ez dute tokirik gure herrian, “ALDE HEMENDIK, UTZI BAKEAN!!, ALDE HEMENDIK, UTZI BAKEAN!!”. Konbentzitu egin nauzu.

  • Ez ez, gutarrak direnez, egin bezate nahi dutena. Zerorrek konbentzitu nauzu. Enpresak haurrak bezala dira, gurasoek (estatuek) zerbait esan arte, zilegi dute dena, eta defenda ditzagun.
    Zuei asko gustatzen zaizue enpresei dena barkatzea, eta lasai, dena “egoki da, eta zuzen”.