Altsasuko aferako irakaspena
Altsasuko aferako irakaspena –
Edonori gerta zekiokeen. Herriko jaietan, ordu txikietan, betiko tabernan zaudela, mozkor ahobero kuadrilla bat sartu da edaritegiko pakea haustera, istiluaren beroaldian norbaitek bila zebiltzana eman die probokatzaileei -ala ez, hori ere probatzeke geratu da-. Eta, hara non, gerora jakin da istilu-sortzaileak kalez jantzitako guardia zibilak zirela, eta lan orduetatik kanpo zeudela… eta zorigaiztoko gau etiliko bateko pasadizo hutsala izan zitekeena, terrorismoagatiko salaketa bilakatu da, eta goizetik gauera zure bizitza pikutara doa. Gutxien espero duzunean asmo txarreko txapel oker bat zure bitzan gurutzatu eta etorkizuneko proiektuak, ametsak eta itxaropenak hankaz gora jar diezazkizuke. Badakizu ez dela bidezkoa, inondik inora, baina ezer gutxi egin daiteke zentzugabekeria horren aurrean gutxieneko berme demokratikoak ere betetzen ez diren porrot egindako estatu batean.
Badirudi kasketarako eskubidea baino ez zaigula geratzen. Hori, eta ondorengoentzat irakaspen bat ateratzea afera honetatik. Nik neuk behintzat oraindik aurrera ihes egingo dut, izurritetik bezala, bizitza izorratu diezadakeen edozein uniformedunengandik, uniformearen kolorea edozein delarik ere, lanean zein lanorduetatik kanpo dagoelarik ere. Ez diot inori emango bizitzan geratzen zaidana musutruk zapuzteko aukerarik. Eta seme-alabei ere gauza bera egiten irakatsiko diet. Ondoko atarian bizi den ertzainari aurpegira begiratu ere ez diot egingo, ez dezala inoiz interpretatu nere begirada mehatxugarri bezala. Eskolako patioan topatzen dudanari “egunon” ere ez diot esango, ez dezala somatu irain kutsurik nire agurrean. Baten bat espaloian gurutzatzen bazait, gaitz kutsakor batetik bezala egingo dut ihes ondoko espaloira, ez dezala pentsa asmo terroristez ibilbidea oztopatu nahi diodanik. Alkolemia kontrolean geldiarazten nauena ez dut adeitasunez agurtuko, ez dezala susmatu ironia ikuturik nire hitzetan. Ez naiz eurekin nahastuko, legen beltza bezala saihestuko ditut. Biziraupen sen hutsagatik, paria sozial bailiran tratatuko ditut, apestatuak bezala; haiek eta nire begirada, hitz, edo presentzia hutsarekin ezeroso sentiaraz ditzakedan euren inguruko guztiak ere.