Alfonso, Patxi eta Madrilerako zubia
Alonso eta Patxi Madrilen. Ez da txiste bat, baina izan zitekeen, bai. Ez du grazia askorik egiten, baina bere grazia badu. Izan ere, EAEko politikan eta euskaldunon begietan lotsagarriki aritu diren politikariak, belarriekin txalotu eta postu onenetara eramaten dituzte Madrilen. Errentagarria da, nonbait, EAEko politika, begiak Espainiako hiriburuan jarriak dituzten gizontxoentzat.
Patxi Lopez
Inoizko zilegitasun eskaseneko lehendakaria izatearekin gutxi ez, eta disgusto eta txiste gehien sortu dituena ere izan zen Patxi Lopez PSEko ordezkaria. Gogoratu, adibidez, Iñaki Larrañagak parlamentuan joko bat deskargatzen harrapatu zuenekoa. Edo ETAren behin-betiko su-etenak trenean harrapatu zuenekoa bestela. Ingeneria industrialeko karrera hasi zuen, baina 28 urterekin, oraindik amaitu gabe zuela, uztea erabaki zuen diputatua izateko. Bere kurrikulum eskasa ez da oztopo izan ordea Pedro Sanchezek bere konfiantzazko kidetzat jo eta “Askatasun, Partaidetza eta Ekintza Politikoko ordezkari” izendatzeko. Oraingoz ez da Espainiar estatuko presidente izango, baina nork daki. PSOE Gobernura iristen bada, ministro baietz!
Alfonso Alonso
Asko saiatu ondoren, ministro izatera iritsi den “euskaldun” bat badago bitartean. Alfonso Alonso jauna, behinola, beste bizitza batean ia, Gasteizko alkate izana da, eta Iker Armentiak gogoratu digun moduan, Maroto bezain jasanezina izan zena agintean. Jatorri frankistakoa da, eta filologia erromanikoa ikasi zuen. To! Zer gehiago behar da estatu batek osasungintza ongi kudeatzeko?
Nor izango ote da Madrilerako zubia edo tranpolina hartzen hurrengoa? Akaso, Borja Semper? Maroto? Laura Garrido? Eta zergatik ez, izango ote da EAEko kudeaketa kaskarrak hauspotuta, Alfonso edo Patxi, inoiz Espainiako presidente?
Laura Garrido ez, telebistarako euskaldunik gabe geratuko bailitzateke vascongadetako PP bestela…