Hurrengo geltokira onik heltzeko: zerrendak

El-lider-de-ERC-Oriol-Junquera_hurrengo

Oriol Junqueras eta Artur Mas. Biek ezagutzen dituzte proposamen berriak. 9N eta gero, hurrengo hauteskunde erabakiorren azpiprozesua hasi da. Onik aterako dira alderdikeriaren batailatik?

Salbuespenezko garaiak bizi dituzte Katalunian. Bi alderdi nagusiek -parlamentarien %52- independentziarako bide-orri bana aurkeztu dute. Eufemismorik gabe. Momentuak baimentzen dituen detaile denak mahai gainean jarrita. (La proposta de Mas i la de Junqueras, cara a cara)

Esquerra eta Convergencia. Biek artzai makila heldu dute, Assamblea eta Omnium zubilanean utziz. Carme Forcadell eta Muriel Casals alderdien arteko erabakien peskizan gelditu dira. Izan ere, bi erakundeek dagoeneko helburuaren zati esanguratsua bete dute.

Prozesua soilik alderdien esku uzteak bertigoa eragin du, baina oraindik ere konfiantzarako tartea daukate, gaur arte hitzartutakoa ez baita ahuntzaren gauerdikoa izan. Oraingoan baina hauteskundeak eta gorbenu berriaren osaketa daude tartean. Prozesua hurbiletik jarraitu duen Urtzi Urrutikoetxeari kasu eginez gero, -“prozesuak etengabe izan duen arriskua: alderdikeria”- une kritikoan daude. Berbera esan zen urriaren 13ko gauean; galdeketa bertan behera gelditu eta alderdien artekoa erremediorik gabe zartatuko zela. Nola edo hala ur emariak bere bidea egin zuen azkenean, eta 9N arrakastatsua izan zen.

Zenbaitzuen titular handietatik haratago, Katalunian denetariko iritziak agertu dira independentisten eremuan, bi proposamenei maila antzekoan aldeko zein kontrako argudioak emanez. Gauza bat dago argi: 9Nren hauspoa eta gero, jada eztabaida ez da zer lortu, nola baizik. “Noiz?” galdera ere erantzunda dago: orain. Honatx iritzi batzuk.

Vicent Partalek esentziara jo du, eta adostasunak azpimarratu.”Zerrenden kontuan bat ez egitea ordaindu beharreko prezio txikia da, azkenean errepublika berria erdiesten badugu”.  Baikortasun arrazoitua da berea, eta adostasuna helduko dela sinisten du. 2010etik hona inork espero ez zituenak gertatu dira Katalunian, baita alderdien artean ere: Fernandez eta Masen besarkada horren metafora ezin hobea. “Jada eztabaidatik kanpo daude gauza asko. Espainiarekin zereginik ez dagoela adostu dugu”. Ez da gutxi. (I tan lluny com som…)

Aldiz, Eduard Voltas Time Out-eko editorea Junquerasen kontraproposamenarekin etsita dago, eta Partali erantzuten diola dirudi: “Ezin dira desadostasunak gutxietsi. Proposamenek ez daukate ezer ere ez komunean. Gauza handia egiteko atarian gaude, baina baita hanka sartzekotan ere”.  Galdera zentzuzkoak pausatu dizkie biei, proposamenen akilesen orpoak agerian utziz: “ERCk irabaziz gero, nola kudeatu Artur Masen porrota?” eta “Zerrenda bakarrak ez al du ondorioz diskurtsoa konpartitzen den horretara mugatzen, eta beraz, aldarrikapen ideologikoak [sozialak] independentziaren aurkakoei oparitzen?” (Junqueras: les formes i el fons)

Zirt edo zart egiteak -batez ere, zerrenda bakarra ala gehiago- galera batzuk ekarriko ditu derrigorrean. Inork ez daki zein bidek lor dezakeen independentismoak behar dituen 300.000 boto berriren babesa. Zerrenda bakarraren alde, Frances Marc-Alvaro (Els no convençuts i la llista). Akaso hirugarren biderik ere agertuko da, 9N berria izan zen bezala, baina zerrenden kontuan ez dago erdibiderik. Edozein kasutan, erdia baino gehiago egin dute. Euskal Herriko politikan mila aldiz entzundakoa hara eramanez, Maltzagako sarreran daude. Asko da.

 

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra