Alex Txikon: “Orain arte egin dudana ez da alpinismoa”

1981ean sortu zen hamahiru anaia-arrebatan gazteena. Mutil kozkorra zelarik Ganzabal taldearekin egindako lehendabiziko mendi irteera haiek gustatu zitzaizkion, antza, 2003an, 21 urte zituela, Broad Peakeko tontorreraino igo baitzuen grinak. Beste zortzi zortzimilako eta hainbeste espedizio etorriko ziren atzetik. Baina, zer du orain buruan?

Alex Txikon: "Orain arte egin dudana ez da alpinismoa"“Hauxe da gure herria eta gure auzoa; begira, han goian Gorbeia ikusten da”, harrera bero eta, batez ere, gozoa egin digu Lemoako etxean. Croissantak, opilak, esnea eta kafea mahai gainean bisitan datozenentzat. Modu kaotiko xamarrean agian, baina gogoa eta kemena ipintzen du egiten duen guztian, eta kasu!, ez baitira gauza gutxi egunak oparitzen dizkion 24 orduetan. Zaila da Txikonen bizitasun nekagaitza sei mila edo zazpi mila metrotik gorako altuerara eramanda imajinatzea, baina egin dezagun saiakera, halakoxea omen da eta. Dena dela, tarte batez bada ere, aulkian eseri eta elkarrizketara lotu dugu, txintxo.


Mendia, aizkora, igeltseritza… zein da afizio eta zein ofizio??

Bfff… ba aldaketa unean harrapatu nauzu! Igeltseroa naiz eta hamasei urte nituenetik orain arte hori izan da nire lana, eraikuntza enpresa bat eduki dut martxan, zortzi bat langile gara. Mendia gehiago izan da afizioa, baina orain baten edo bestearen alde egiteko unea heldu dela sentitzen dut eta, momentuz behintzat, mendiari egingo diot tartea, nahiz eta oraindik ez dudan proiektu zehatzik eta babesle finkorik. Enkargatua zenaren esku utziko dut enpresa, nik ‘txapuzak’ egiten jarraituko dut noski, baina mendian aurrerapausoa eman nahi dut.

Nondik atera duzu astia Himalaiarako??
Ba ez dakit, baina aitortu behar dizut, zintzotasunez, egin dudana ez dudala behar bezala prestatuta egin. Lan handiko boladetan, hemen nengoen bitartean, gutxienez hamalau orduz aritzen nintzen eraikuntzan, eta bi txanda ere sartu izan ditut: gauez eta egunez, apenas lorik egin gabe. Astean zehar, ahal nuen moduan, txarto eta buru barik entrenatzen nuen eta, garai batean, asteburuak aprobetxatzen nituen Pirinioetara-edo joateko, baina gero enpresa handituz joan zen eta… badinotsut ez naizela batere zentratuta ibili. Horrela ezin da.

Igeltsero, aizkolari edo mendizale gisa, harreman estua duzu medioekin. Bloga dela, kolaborazioak direla, saio bereziak, Nafarroa Oinez, Harria… gustatzen zaizu, ezta?
Horretara behartzen nauen babeslerik ez daukadan arren, ez naiz deseroso sentitzen kazetari artean eta, gainera, iruditzen zait mendiari edo abenturari buruzko halako kontuek oso harrera ona dutela Euskal Herrian. Aurrerantzean honetara bideratu nahi baditut indarrak, gustatuko litzaidake hurbileko harreman horri eustea jarraitzen gaituen jendearekin; zor diegun zerbait da.

Baina baduzu showman puntu bat, ez zaizu iruditzen??
–Algaraka hasi da– Ba agian bai. Lemoako mendi taldeko lagun batek “farandulero” deitzen dit –barrez–. Egia esan, ez dakit nondik datorkidan, agian ez dakit ezetz esaten, nire akatsa da, deitzen didaten guztietara joaten naiz, eta tarteka egin izan ditut gustatu ez zaizkidan gauzak ere.

Donostiko Zinemaldian ere ikusi zintugun, ‘Pura Vida’ filmaren estreinaldia babesten. A priori, morboso samarra iruditu zitzaidan erreskate bati buruzko dokumentala egitea…
Bai, tira, egia da ardatza Iñaki Otxoa De Olzaren erreskate saiakera eta heriotza bera direla, baina iruditzen zait zabaldu nahi duen mezua askoz ere positiboagoa dela. Alexey Bolotoven hitzekin geratzen naiz esaten duenean bera ez doala mendira ospe, ohore eta diru bila; edo Denis Urubkok mendizaleen arteko harremanaren kontura dioenarekin: guztiok herrialde berekoak garela, mendietakoak…

…ez dut uste dena hain arrosa kolorekoa denik.?Ez, noski. Oso bestelako jarrerak ere ikusten dira: bidean jendea botata uzten dutenak, tontorra lortzearren printzipio guztiak galtzen dituztenak eta abar. Baina etikoki eta balore argiekin jokatzen duen jendeaz ari nintzaizun hizketan, bizitzan bezalaxe mendian ere denetarik dagoelako. Bestela ba, gure egunerokoan gertatzen den moduan, normala da tarteka gaizkiulertuak edo desadostasunak sortzea, baina elkar errespetatzea behar da guztiaren gainetik. Adibidez, Iñakirena –Iñaki Otxoa De Olza– gertatu zenean, bion arteko harremana aldrebestuta zegoen eta, albistea jaso nuenean, irudi bat etorri zitzaidan burura, Astunen mendi eskia egiten koinziditu genuenekoa. Orduko hartan, berak ikusi ez ninduen arren, aukera eduki nuen hurbildu, agurtu eta, agian, gure artekoa konpontzeko, lagun onak ginelako; baina ez nuen egin, eta beti damutuko zait, pena daukat ez nintzelako agurtu.

Elkarrizketa osoa eta bideoa gaztezulo.com-en

Alex Txikon: “Orain arte egin dudana ez da alpinismoa”

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.