“Kodeen liburua. Kodeen eta kodeak hausteko sistemen historia sekretua” dibulgazio-liburua argitaratu berri du Elhuyar Fundazioak


Kodeen liburuaElhuyar Fundazioak Simon Singh zientzia-idazlearen Kodeen liburua, kodeen eta kodeak hausteko sistemen historia sekretua (The Code Book) dibulgazio-liburua euskarara itzuli eta argitaratu berri du. Elhuyarren “Z izpiak” serieko laugarrena da, publiko orokorrari zuzendua dago, eta enkriptazioari buruz dihardu, historia, misterioa eta dibulgazioa uztartuz.

Liburu honetan, kodetzeko lehenengo sistemetatik hasi eta gaur egun erabiltzen diren kodetzeko sistemetara arteko historia kontatzen da: Egiptotik hasi eta Interneten garaira bitarteko kriptografoen eta kode-hausleen mundu sekretua, hain zuzen ere. Enkriptazioari buruzko historia zehatza, batetik, eta espioitza eta aurrerapauso intelektualez beteriko istorioak, bestetik, konbinatzen ditu egileak liburu liluragarri honetan. Besteak beste, kontatzen da nola Eskoziako Maria Estuardo erregina eraila izan zen enkriptazio ahul batean konfiantza izateagatik; II. Mundu Gerran alemaniarrek erabili zuten Enigma kodetzeko makinaren historia ere aurkituko du irakurleak; eta, nola ez, Interneteko PGP enkriptazio sistema ere aztertzen da…

Liburu hau hainbat hizkuntzatara itzulia izan da; besteak beste, portugesera, txinerara, frantsesera, alemanierara, gaztelaniara, italierara…, eta kasu askotan best seller bat izatera iritsi da. Orain, Elhuyar Fundazioak euskaraz jarri du eskuragarri, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Euskara Sailaren laguntzarekin.

Dagoeneko salgai dago liburua, 17 €-an, Elhuyarren onlineko dendan (www.elhuyar.org/edizioak) eta liburu-denda nagusietan.

Irakurri Simon Singh-i egindako elkarrizketa (Elhuyar aldizkaria)

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.