Alderdien karta-jokoa hastear da

Garrantzi gutxi du lehenengo, bigarren edo hirugarren izan, zinegotzi bat gora edo bi diputatu behera. Alderdien arteko botere-trukeak izango dira gure erakundeen banaketaren muina.

Zure herriko alkate edo lurraldeko presidente/diputatu nor izango den jakiteko, ziurrenik egunak itxaron beharko dituzu. Paktuei buruz hitzik esaten ez duten politikariek izango dute horren erantzukizuna. Karta truke jokoa errazten duen indar banaketa orekatuan ezer gutxi dugu guk esateko.

Euskal Herrian, oro har,  lau eremu politiko aurkeztuko dira.  Espainiazaleak eta abertzaleak. Ezker eta eskuin.  Gutxi gora behera lau hanka orekatu dira. Bakoitzak bere ahulguneak eta indarguneak ditu. Baina, denek dute zer eskatu eta zer eskaini.

Hamaika aldiz entzun dugu azken aldian: “paktuak egingo ditugu gure programaren arabera”. Erdipurdizko egia edo gezur galanta. Kartak eskuan hasten da trukea. Botere esparruak tartean direnean programak malgutu egingo dira. Harritzeko paktu bakarra, gauzak dauden moduan, PP/UPN-Bildu izango da.

Programaren inguruko hitzarmenak a posteriori egingo dira, aurretik trukea. Nik zuri hau emango dizut zuk niri hura ematen badidazu. Kartak trukatu, eta gero, agian, proposamenak adostuko dira.

Inkesten gaineko hipotesiak

  • PP-PSE: Askok iragartzen zizkioten zirrikituak ireki ireki dira, baina baita berehala itxi ere. Basagoitik “sekula” ez omen dio Patxi Lopezi babesa ukatuko. Diputazioetan begia jarriz gero, Gipuzkoan eta Araban PP-PSEk EAJri aurrea hartuko diote, baita Gasteizen ere. Abertzaleen esparru instituzionalak kentzen segiko al dute? EAJ horren beldur da.
  • PSE-EAJ: Espainian duten amodio istorioak bere horretan dirau, Euskal Herriko egoera mikatza gorabehera. Hala ere, paktu hau Bilduren aurka erabiliko den susmoa badago, Gipuzkoan batez ere. EAJren proiektu “estrategikoak” hankaz gora geratuko lirateke Martin Garitano Diputatu Nagusi bilakatzekotan. Gipuzkoako hitzarmenek eragina izan dezakete, esaterako, Araban eta Gasteizen. PSEk EAJri Gipuzkoa, EAJk PSEri Araba. Eta, Gasteiz?
  • EAJ-Bildu: Urteetan ezker abertzalea eta EAJ mutur-joka ibili arren, kalte txikienaren alde egin du sarritan ezker abertzaleak. Pentsatzekoa da EAk PP-PSE ituna zabal ez dadin EAJrekin hitzarmena egiteko bulkada izango duela. Baina, bestalde, programa aldetik bi proiektu guztiz ezberdinak dituzte EAJk eta Bilduk, lotzen dituena, izatekotan, bakea eta normalizaziorako ibilbidea izan daiteke. Hala ere, EAJk itxaropena izango du Aralarren emaitza onetan. Izan ere, iragarri dute haien alde egingo dutela behar izanez gero.
  • Hipotesi honetan luzatuz egoera hau gerta daiteke. EAJk Bilduri Gipuzkoa utzi eta Bilduk EAJ babestu Araban eta Gasteizen. Aukera hau beti ere PP-PSE ez badira elkar ulertzen edo matematikek laguntzen ez badiete.
  • Nafarroa eta Iruñea: Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiaren aldean banaketa politiko ezberdina aurkitzen dugu hemen. Zeharkako eragina izan dezake EAEn. Hala ere, Nafarroan unionistek nagusi izaten segitzen dute. PSE-PP-PSN hirukoteak NaBai2011 eta Bilduren arteko hitzarmenak galaraziko ditu Parlamentuan eta Iruñean. Orain lau urtekoak ikusita PSN eta NaBai2011ren arteko paktu orokorrak ezinezko dirudite.

Nahastuta? Ez da gutxiagorako.

Igandean jakingo dugu euskal herritarron borondatea zein den. Nork nori zer ematen dion, ordea, gure alkate eta diputatu/presidente nor izango den, alegia, partida jokatzen ari direnen kontua izango da.

Kartak banatuko ditugu igandean, jolasa astelehenean hasiko da.

Oharra: analisi hau epe motzera eta erakundeetako botere banaketara zuzenduta dago. Ez zaio garrantzirik kendu nahi epe ertainera indarren harremanen aldaketak ekarriko dituen ondorioei.