Alderdi berri bat, orain artean ez bezalakoa eta gainerako alderdien egitura antzekoarekin
Argigarria da Ramon Solak sinatzen duen artikulua, Ezker Abertzaleak bere historian zehar inoiz erabili ez duen antolaketa molde bat proposatuko delako, zuzendaritzari dagokionean bederen, Bilboko Euskaldunan egingo duen aurkezpenean. Zutik Euskal Herria eztabaidarako txostenean agertzen zuen bezala, ez da alderdiaren berrantolaketa soila izango astelehenekoa, “kultura politiko”aren aldaketa baizik.
Zentzu horretan, argigarria da, militanteen figuratik afiliatuaren figurarako emango den aldaketa. Aurrerantzean, eta inoiz ez bezala, Ezker Abertzaleak afiliatuak izango ditu. Horrela, Ezker Abertzaleak egitura publiko antolatu bat izango du eta afiliatuak bertako dagokion organoetan eztabaidatu eta alderdiaren ekintzetan parte hartu ahalko du. Betebeharren artean kuota ordaintzea edota estatutuekin bat egitea eskatuko zaio.
Kuoten gaia aipatuta, afiliatuen diru-sarrera horiek eta aparteko donazioak izango dira Ezker Abertzaleak aurkeztuko duen alderdi berriaren aktibo finantziero nagusiak, ez baitu patrimoniorik izango abiarazterako orduan.
Zuzendaritzan ere aldaketak
Finantzaketa eta afiliatuen antolaketaz gainera, berritasunik ere badakarte zuzendaritzari dagokionean estatutuek. Horrela, zuzendaritzako organo nagusia Biltzar Nazionala izango da, 300 lagun inguruk osatuko dutena. Honek ildo ideologiko eta politikoak zehaztuko lituzke, eta kasuan, baita estatutuen aldaketa ere.
Hau lau urtean behin batuko litzateke, eta baita modu berezian ere, hala eskatuko balitz. Hau biltzen ez denean, Asanblada Nazionala izango da organu gorena, eta honek, aurrekontuak eta aliantzak eta itunak berraztertzea izango du helburu.
Egunean eguneko jardunerako, 25 laguneko exekutiba nazional bat egongo da: hilabetean behin bilduko da eta alderdiaren dinamizazioaz arduratuko da.
Idazkari nagusia
Idazkari nagusiaren figura berria da Ezker Abertzalearen egitura politikoetan. Buruzagi historikoak izan dituen arren, izendatutako idazkari nagusirik ez duela izan iruditzen zait, eta alde horretatik, berritasuna dakar proposamenak. Hau kongresu nagusiak izendatuko du, lau urterako, asteleheneko estatutuen arabera.
*
Aldaketa honek baina, irekiko al dizkio alderdi legal izateko ateak?
Informazio gehiago:
Batasunaren zalantza (El Correo)
Ezker Abertzaleak ETAren biolentzia salatuko du (Diario Vasco)
300 delegatuko Kongresu Nazionala (Gara)
Alderdi legal izateko ateak ireki, ez dakit, baina gutxienez itxi ez dizkio isten…
Argi dagoena da Gobernuak ilegalizazio prozesua martxan ipiniko duela bai edo bai.
Albistean aipatutakoak uste baina garrantzia gehiago dauka. Auzitegi Gorenak aurrez ilegalizatutako alderdi baten eratorria dela esateko hainbat gauza izan behar ditu kontutan.
Hori gerta ez dadin, Ezker Abertzaleak antzekotasun horiek aldatzea erabaki du, partidu berdina dela esan ez dezaten.
Honekin esan nahi da ezingo dutela ilegalizatu? Ba ez, baina gutxienez zaila jarriko diete epaileei. Bestetik, Gorenak badu beste aukera zikin bat; epaila atzeratzea… hauteskundeen ondoren arte.
[…] This post was mentioned on Twitter by Mikel Iturria, zuzeu and errekalo, Rober Gutiérrez. Rober Gutiérrez said: RT @zuzeu: Alderdi berri bat, orain artean ez bezalakoa eta gainerako alderdien egitura antzekoarekin: https://zuzeu.eus/?p=21106 […]