Europara iritsiko balitz Afrikako haizea?

Ruby eta adin txikiko neskak, edota bestela prostitutak, gehiegikeriak, komunikabideen kontrola…  Silvio Berlusconi jo-puntuan dago azken aldi luze honetan Italian eta handik kanpo. Manifestazio bidez, planto egin diote milaka eta milaka herritarrek asteburuan Italiako hainbat hiritan, eta dimiti dezan eskatu diote. “Dimisioa. Italia aske eta justu baten alde” leloarekin manifestatu dira herritarrak, eta “Iratzarri Italia, zerbait hobea merezi duzu” aldarrikatu dute.

Kopuruek ez dute Tunisiakoekin edo Egiptokoekin antzik, baina batek baino gehiagok gogoratu duenez, leku horietan ere milaka txikiak izan ziren gaurko ehunka milakakoen aurrekari. Posible ote litzateke Italian jendea mobilizatzea?

Herritar arruntek eta intelektualek bat egin dute Berlusconiren dimisioa eskatzeko, Umberto Eco edota Roberto Saviano ikusi ahal izan dira argazkietan. Ecok berak egin zion erreferentzia Mubaraki: “Uste genuen Berlusconik eta Mubaraken iloba bat besterik ez zutela partekatzen, baina orain ikusten dugu ez dimititzeko jarrera ere partekatzen dutela”.  Savianok ‘Italia garbi batekin amets egiteko eskubidea’ izeneko berbaldian esan zuen “Gobernua kritikatzera ateratzen den edonork badaki irainak eta difamazioa jasoko dituela ordainetan”.

Egunkarietan albiste honen iruzkinak ikusita, berehala irakurleek Egipto edota Tunisiari egiten diote erreferentzia. Izan ere, Berlusconik esan berri du “askatasun eta demokrazia haizeak jotzen duenean kutsatu egiten ditu ingurukoak, eta haize hori jotzen ari da, eta pertsonan askoren intereseko ari da bihurtzen. Ezinegona ez da Egiptora mugatzen, beste herrialde batzuetan ere sentitzen da”.

Horrez gain, Mubarak “gizon jakintsu eta erreferentziazko” gisa definitu du Berlusconik. “Ekialde Hurbileko pertsona jakintsuena da”. Berlusconik Europako beste hainbat estatubururekin batera, trantsizio bat aldarrikatu du Egiptorako, “hausturarik gabeko demokrazia bateranzko trantsizioa”.

Italiako manifestazioko irudi bat

Irudia | Italiako manifestazioko irudi bat | z | LGPL

Zer duzu buruan “Europara iritsiko balitz Afrikako haizea?”-ri buruz

  • Atzo, ARTE telekatean, Berlusconiri buruzko dokumental batean, zera esan zuten: “Azken 25 urtetan Italiako populua lobotomizatuta dauka Berlusconik bere telekateen programazioarekin…”. Gogorra egin zitzaidan “Lobotomizatu” hori, baina adierazgarria oso.
    Ondoren gizon baten bloga aipatu zuten (ez nuen helbidea jaso, zoritxarrez). Antza blog horretan bere egunerokoa dagi gizonak: ” Berlusconiri erositako etxe batean bizi naiz, eta egunero, gosaltzean Berlusconiren egunkarietako bat irakurtzen dut. Oroitzen naiz bart ikusitako pelikulaz, eta Berlusconik ekoitzitakoa zen. Lanera bidean, Berlusconiren irrati kate bat entzuten dut, Berlusconiren negozietako batentzat lan egiten hasi baino lehen…”
    Ikaratzekoa iruditu zitzaidan, eta gogora etorri zitzaizkidan duela 10 urte Tabucchik SAUTRELAn esandako hitzak: “Ez ditut neure herritarrak ezagutzen, ez dakit zer egin eta nola jokatu, baina zerbait egiten ez badugu derrepente, honek ez du atzerabiderik izango”.