Aita Larzabal torturatu zutenekoa

Aita Larzabal torturatu zutenekoa –

Aita Larzabal torturatu zutenekoaPiarres Larzabal nor zen ez dakienak jakin behar du apaiza izan zela, urteetan Sokoako erretorea, eta abertzale sutsua. “Resistance” frantziarrean komandante gradua izandakoa abertzale bilakatzen joan zen. ETA-ren inguruan ibili zen, barruan ez esatearren; ez omen zen soilik sokoatarren arimak zaintzeaz arduratu.

GAL-en urte gogorrak igaro zituen galiarrez inguratuta, eta Larzabalen pentsamolde politikoa aski ezaguna zenez, zentzuzkoa zen beldurra izatea. Sokoa eta Ziburuko herritarrek ere primeran zekiten hori.

Behin Sokoako bizilagun bat tabernatik bere etxera bueltan zihoan, gauaren iluntasunak bilduta. Sokoako elizaren alboan dago apaizetxea, eta orduan bertan bizi zen Aita Larzabal. Bat-batean, bizilagunak izugarrizko garrasiak entzun zituen etxe barrutik, odola izozteko moduko min oihuak. Larzabalen ahotsa identifikatzea lortu zuen. Sokoatarrak fite atera zituen bere ondorioak: “GALekoek gure apeza bahitu eta torturatzen ari dira”. 

Gizon honek aukera ezberdinak zeuzkan: txintik esan gabe etxera segi, edo oso fidatzekoak ez ziren gendarmeei deitu… Batek daki zer igaroko zitzaion burutik, baina berehala hartu zuen bere erabakia. Inguruko dozena erdi bat etxeetako ateak jo, sei lagun bildu, eta bakoitzak eskuetan eskopeta bat zeukatela abiatu ziren apaizetxera. Atea bota eta arrapaladan sartu ziren sokoatarrak, beren apaiza edota laguna beren bizitzekin babesteko prestutasun osoz.

Zer aurkitu zuten? Bada Aita Larzabal tortura mahai baten gainean, kameraz inguratuta. Telebista alemaniar bateko kazetariak eraman zituen etxera, eta polizia espainiarrak nola torturatzen zuen antzezten ari ziren kameren aurrean, ondoren erreportaje bat egiteko. Bai eta ondo antzeztu ere, alajaina.

Lakuak 4113 tortura kasuri (EAEko herritarrak soilik hartu dira kontuan, eta ziurrenik ez guztiak) eman die zilegitasuna, Pako Etxeberriak gidatutako lan taldeak hala berretsita honako txostenean. Pertsona horien %73a Franko hil ostean izan da torturatua. Guardia Zibilaz eta Polizia Nazionalaz ez noa ezer esatera, haiena ez delako, euskaldunoi dagokigunez, aparteko albistea. Egi bat paperean idatzita eta forentse baten sinadurarekin agertu da, hori da berria.

Kuriosoagoa da Ertzaintzarena: 336 torturatu, kasu guztien %8,1a. Ez dago soberan gogoraraztea poliziak ez direla munstro irrazional basati batzuk, orokorrean, aginduak betetzen dituzten funtzionarioak baizik. Jakinmina daukat ikusteko ea Ertzaintzaren tortura kasuak ze denbora tartean luzatu ziren, zeren eta, nik uste, polizia espainiarrek etengabe tortura duten bezala (horiek ere aginduak betez), Ertzaintzak ez duela beti torturatu. Une jakin batean hasi ziren, eta beste une zehatz batean gelditu. Zergatik? Noiz hasi zen gorakada? Lizarra-Garaziren atarian? Liskarra-Garrasiren ondoren?

“Zoru etikoa” kontzeptua sabaiaren altueran daukagun garai hauetan, beharrezkoa da oroitaraztea ertzainak funtzionariak direla, aginduak betetzen dituzten funtzionariak. Tortura ez da antzerki bat izan, Aita Larzabalek primeran zekien bezala.

Aita Larzabal torturatu zutenekoa

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.