Afrikatik migrazioa: ‘Iñaki’ak nahiago ditugu

'Iñaki'ak Mutrikuko etxe batean, Euskal Itzuliari begira

Iñaki, ze urrun dago Kamerun, abesten zien Zaramak —enpatiaz— kalean gora eta kalean behera zebiltzan Saharaz hegoaldeko saltzaileei. Abestiak 22 urte ditu. Nola ikusten ditugu orain azal beltzeko etorkinak? Zein jatorritako etorkinak dira gure aurreiritzien begiko eta zeintzuk aurkako?


(Artikulua begiratu bitartean abestia entzuteko gomendioa)

Ikuspegik argitaratu berri duen ikerketaren arabera, “Afrikar Jatorriko Biztanleria EAEn”,  nazioarteko etorkinen artean begikotasun-maila handiena sortzen duen hirugarren giza taldea Sahara azpikoa da. Aurretik dituzte Mendebaldeko Europar Batasunekoak eta Argentinakoak. Etorkin baztertuenen artean magrebtarrak dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren artean ospe txikiena dutenak.

Etorkinenganako begikotasun-maila, jatorriko herrialdez

| Create infographics

Magrebtarrekiko pertzeptzioaren gainean Ikuspegik ondorio hau atera du:
“Afrikarren taldea, eta, zehazki, magrebtarrena, egon daitekeen egoera txarrenean dago: gabezia handiak dituzte gizarte-integraziorako prozesurako, eta zailtasunak ere bai, harrera-gizarteko sektore batzuek haiek onartzeko”.

Usteen gaineko uste batzuk

0tik 100era balorazioa egiteko eskatzerako orduan ez dute zergatirik eskatu ikerketaren egileek. Halere, aurreiritzien mundua askori zaigu ezagun; usteei buruzko uste duguna, hain zuzen ere.

Ez da atrebentzia handiegia zera esatea: magrebtarra, alegia, ñabardurarik egin gabe morotzat hartzen dena, iruzurti, alfer eta delitugile susmagarri gisa ikusten da (ez ditu kasualitatez Marotok Gasteizko lokuto mintzatokietan kristal gardenak nahi).

Sahara azpiko afrikarra, beltza, langile sufritu eta lagunkoi gisa ikusten da, Zaramaren Iñaki haren moduan. Kostaldeko herrietan arrantzaleen lekua hartu izanak (euskaraz ikasiz askok) lagundu du imajinario hori bultzatzen.

Gainontzeko pertzeptzio batzuk ere gainetik behintzat azaleratu daitezke. Argentinarekin migrazio lotura historikoak eta hizkuntza espainola partekatzeak egiten ditu begiko. Europako etorkinei dagokionez, ostera, hurbiltasun kulturalak, eta, batik bat, maila ekonomiko erosoak ekar dezake haienganako sinpatia.

Aurreiritzi hauen jatorriak historikoak eta kulturalak izan daitezke hein handi batean, baina gaitza da neurgailu zehatz bat jartzea. Pertzepzioen gaineko ikerketa serioagoa komenigarria litzateke uste ustelak neutralizatzeko.

Zenbat eta nongoak dira?

Gizonezko magrebtarrak dira immigraziorik ugariena osatzen dutenak, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Marokoarrak dira nagusi (Sahararrak barne) 29.080 lagun baitaude Hego Euskal Herrian erroldatuta. Jarraian Ikuspegik argitara eman berri duen grafikoa: EAEko afrikar etorkinen kantitatea eta jatorri geografikoa agertzen da.

afrikatik

 

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

3 pentsamendu “Afrikatik migrazioa: ‘Iñaki’ak nahiago ditugu”-ri buruz

  • Inkesta hauetan ez da inoiz bereizten emakume eta gizonen artean. Emakume magrebtarrekin, adibidez, ez det uste inork arazo handiak izan ditzakenik.

  • Imaginarioak ez dira hutsaren gainean eraikitzen. Oinarriren bat izan ohi dute gehienetan.
    Gure herrian senegaldar talde polita errotu da. Bertokoekin elkarreragiteko nahia eta apaltasuna dute ezaugarri gehienek, eta oso ongi hartuak izan dira. Magrebtar gehienek aldiz, uzkur jokatzen dute, talde itxietan murgiltzen dira, eta ia ez dute harremanik bertokoekin.
    Bestalde, Argentinaz eta hizkuntzaz aipatutakoak ez dirudi ongi bideratua. Bestela, zergatik argentinarrak hain gora eta Ekuador edo Kolonbia horren behera sailkapenean?
    Herrialde batzuen (mendabaldeko Europa, Argentina…) indar ekonomikoari eta hangoen prestakuntza mailari lotuagoa ez ote da izango haiei buruz daukagun pertzepzioa?

  • Iñaki Larrañaga 2013-11-07 09:53

    Esandakoekin ados, Ankagua eta Karmele. Ekarpen onak. Zenbat ertz dituen auzi honek!