Pottolo betaurrekoduna

fat-lagerfeld - Pottolo betaurrekoduna

Oker ez banabil, Argian egin zioten elkarriketa idazleari: hark sari inportante bat jaso berria zuen, eta, nola sentitzen zen galdetuta, zera ihardetsi zuen: “Mehe egotea bezala da, pasada bat”. Harrezkeroztik, haren meritu literarioak gorabehera, argal gorrotagarrien nire zerrenda beltzean dago sartua egile hura (zerrenda, autokarabana batean dut altxatua). Horrelako argalak badira mundu honetan: zernahi jaten dutela ere gizentzen ez direla oharkabean bezala komentatzen dizutenak –donut bat eskuan, zuk kafea azukrerik gabe hartzen duzun bitartean–, horrek zure errukia mereziko balu bezala; edo pottoloa izatea xarmangarria izan daitekeela aitortzen dizutenak –konplizitate eske-edo–, ondoren semeari edo alabari txokolaterik ez merendatzeko oihu egiten diotenak, “lodituko baitzara bertzenaz”, aurpegian nazka keinu nabarmena marrazten zaielarik. Guziak –izen-deitura eta guzi– nire zerrenda beltzean daude, budua egitera animatzen naizen egunaren esperoan.

Nolanahi den ere, idazle hark naski egia erran zuen, eta horrek asaldatu egin zuen barnean darmadan gizon lodia. Bai, hainbat jende baitaramat nire baitan (hondartzak gorroto dituen puritano bat; zinema korearra gustuko duen esnob bat; inork maite ez duela uste duen paranoiko bat… –guziok barnean omen dugun haurra, ordea, falta dut–), baina gizon lodia da guzietan problematikoena eta paradoxikoena. Ez baitakit kabitzen zaidan: zenbait kilo galdu eta gero, kanpoan gelditu izana litzateke logikoena, baina barnean sumatzen dut noizean behin, urduri. Gizartean ere gizenak problematikoak eta paradoxikoak dira, haien gorpuzkerak toki franko hartzen badu ere, usu ikusezinak izaten baitira. Neroni, adibidez, ez naiz inoiz lodia izan: haurtzaroan, arropa dendetan “fuertea” nintzen (“bertze neurri bat bilatu behar dugu”, erraten zioten dendariek amari, “haurra fuerte baitago”), edo “gotorra”, edo “egitura sendokoa”, edo “bizkar zabalekoa” –arropa dendetako azpieuskalkian, beraz, tripa-zorroa (ez) errateko erabiltzen dute bizkarra–. Gehienez ere, pottoloa izan naiz: behin, itxaron gela batean hondar bezeroa nintzela, atezainari aditu nion lankide bati erraten berehala hetsiko zutela, “pottolo betaurrekoduna” –“el gordito de gafas”, jatorrizko bertsioan– kontsultatik atera bezain fite. Baina akaso inoiz inork nitaz egin duen definiziorik zehatzena eta zorrotzena da.

Duela bi aste ebakuntza estetikoa proposatu nien nire ikasleei idazlana egiteko gaitako. Guziek ez, baina gehien-gehienek idatzi didate kanpoko edertasunak ez duela inportarik, eta barnekoari eman beharko geniokeela garrantzia. Erantzunak poztu nau, benetan, beti erraten baitiet idazlanetan gezurrak bota behar direla inolako lotsarik gabe, hizkuntza bat ikasteko ez dela beharrezkoa beti egia erratea, eta orain ikusen dut nire hitzak aintzat hartzen dituztela. Ezin da ukatu –nire ikasleak prest daude hori onartzeko– jendeak itxura zaintzen duela, baina –diotenez– bere buruarekin ongi sentitzeko da. Bistan da: zenbait emaztekik hamar zentimetroko takoiak dituzten zapatak janzten dituzte erosoak direlako, ez dotore edo sexyak direlakoan; gizon batzuek bularra depilatzen dute jarduera horrek ematen dien plazeragatik, ez horrela erakargarriagoak direlakoan; eta nik ez dut espero inork nire elastikoei erreparatzea. Zizek-ek errana du: gure gizartean inork ez du hainbat gauzatan sinesten, baina gauza horiek igual-igual funtzionatzen dute. Ez dugu edertasunean sinesten, fedegabeak gara, baina, beharbada horregatik, mehetasunaren dogmaren fanatikoak gara. Eta horretarako ez dugu aitzakiarik eskas: osasunak dogma hori arrazionalki zuritzeko balio du, bertzelako erlijioetan zerria jateko debekua arrazionalki justifikatzeko balio duen bezala.

Berriki, lagun eusnob zinezale batek erran dit pornoak erakutsi duela gorputz lodiak ere politak direla; are gehiago, maiz itsusiak iduritzen zaizkigu argalendako pentsatutako arroparekin estaliak agertzen zaizkigulako. Ados nago. Baina susmoa dut edertasun hori adjektiboduna izanen dela beti: hemengo idazleak euskal idazleak (edo, are makurrago, nafar idazleak, baina ez idazle hutsak) diren bezalaxe, lagunak aipatu edertasun hori lodien edertasuna, konplexurik gabeko edertasuna edo neurri handiko edertasuna izanen da, baina ez edertasun hutsa.

Duela guti, Henri Béraud-en Obesoaren martirioa nobela (Le martyre de l’obèse) erosi dut, frantsesez, nire barneko esnobak aholkatuta; beraz, oraindik ez dut irakurri (leitu beharreko liburuen zerrendan daukat, autokarabanan ez, etxeko gelarik goienean gordetzen dudan zerrendan). Baina lehen orrialdeetan, erosi bezain fite gainetik irakurtzen diren horietan, esaldi hau aurkitu dut: “Zertarako etengabe errepikatu egia desatsegin bat? Bai, lodia naiz, begi-bistakoa da, jakina da, hamaika aldiz erran didazue”. Tema horretan, behin eta berriz nabarmentze horretan –eufemismoen bidez bada ere–, lodiaren ustezko axolagabekeria zigortu nahia ere bada, gorputz kontuetan aspaldi baita neoliberalismoa dela nagusi gure artean: nor bere gorputzaren egoeraren itxura erantzule da (gorputz ederreko) anitzen iritziz, nahiz eta gero, apaltasuna erakutsi nahian-edo, hori defendatzen dutenek beren argaltasuna genetikari zor diotela erraten duten. Horiek ere nire zerrenda beltzean daude, gero eta gizenago dagoen zerrendan hain zuzen ere.

Baina orain banoa nire barneko edertasuna bilatzera, ea bidenabarkoan guziok barnean omen daukagun ume hori harrapatzen dudan.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

2 pentsamendu “Pottolo betaurrekoduna”-ri buruz

  • Ederki idatzia, bai horixe. Pentsamendu hauxe, adibidez, buruan gorde behar dut, bere umore zipriztinarekin: «… gehien-gehienek idatzi didate kanpoko edertasunak ez duela inportarik, eta barnekoari eman beharko geniokeela garrantzia. Erantzunak poztu nau, benetan, beti erraten baitiet idazlanetan gezurrak bota behar direla inolako lotsarik gabe, hizkuntza bat ikasteko ez dela beharrezkoa beti egia erratea, eta orain ikusen dut nire hitzak aintzat hartzen dituztela».

  • Pisu handiko hausnarbideak, inondik ere…