Adingabeei egindako bi sexu abusutatik bat familia barruan gertatzen da

Adingabeei egindako bi sexu abusutatik bat familia barruan gertatzen da –

Edurne Begiristainek, berria egunkarian

Biktimen %81 neska nerabeak edo neskatxoak dira, gehienak 14 eta 17 urte bitartekoak.

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eman ditu datuok, UEUren ikastaroetan.

Adingabeei egindako bi sexu abusutatik bat familia barruan gertatzen da, eta biktima ia gehienak —%81— neska nerabeak edo neskatxoak dira, gehienak 14 eta 17 urte bitartekoak. Datuok eman ditu gaur Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Donostian, Kontaidazu zer gertatu zen: Indarkeria jasaten duten haur eta nerabeak elkarrizketatzen UEUren ikastaroan. Ertzaintzaren datuen arabera, 2020an 1.459 adingabe izan ziren delitu baten biktima —Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako adingabeen %0,4—, eta horien artean tratu txarrak eta familia barruko indarkeria izan ziren nagusi: %45,5.

OME Osasunaren Mundu Erakundearen datuak gogora ekarri ditu sailburuak: munduan bost adingabetatik batek sexu abusuak pairatu ditu 17 urte bete aurretik. Eta Espainiako Berdintasun Ministerioaren datuak ere antzekoak direla azaldu du: 2019an galdetutako emakumeen %3,6k adierazi zuten sexu indarkeria motaren bat pairatu izan zutela 15 urte bete aurretik. Datuok eskuan, ondoriozta daiteke Espainian haur eta nerabeen %20 inguruk sexu indarkeria jasan dutela noizbait, Melgosaren arabera.

Jakina da adingabeen aurkako sexu indarkeria ez dela anekdotikoa, maiz gertatzen dela, baina nekez atzematen da, eta, detektatzen denean, gutxitan salatzen da. Datuak, beraz, «izebergaren muturra» baino ez direla nabarmendu du Melgosak, eta hori hala izateko arrazoi asko daudela azaldu du: «Tratu txarren eta abusuen kopuru beltz bat dago salatzen ez dena, beldurragatik, nahasmendu disoziatiboak daudelako, haurrak egin diotena ulertzeko edo adierazteko elementurik ez duelako, edo errua botako dioten edo sinetsiko ez dioten beldur delako».

Adingabeei egindako bi sexu abusutatik bat familia barruan gertatzen da
Nerea Melgos UEUren ikastaroetan. Argazkia: IREKIA

Nolanahi ere, gero eta sexu indarkeriako kasu gehiago salatzen dira: 128 salaketa izan ziren 2016an, eta 159, berriz, 2020an. Baina adingabeentzat ez da samurra izaten salaketa jartzen dutenetik aurrera egin behar duten bidea. Melgosak esplikatu duenez, «prozesu judizial gogor bat» hasten da biktimarentzat, eta sarritan haurrentzat egokitu gabe ingurune batean egin behar izaten du bidea. Gainera, prozesu hori urteak luza daiteke, eta, duela gutxi arte, «trauma berriz pizten» zien haurrei, eta defentsak haien testigantza zalantzan jar zezakeen elkarren segidako deklarazioen bitartez. Hori dena konpontzeko, Jaurlaritzak proiektu bat jarri zuen abian 2022-2028 aldirako Euskadiko Justizia Plan Estrategikoan, zeinaren bitartez «hobetu» egin den justiziaren sarbidea eta arreta adingabeentzat. Proiektuak informazio «egokitua» ematen die adingabeei beren eskubideei eta eragiten dieten prozedurei buruz, eta, haurren aurkako indarkerian espezializatutako zigor arloko epaitegiak edo Barnahaus proiektuak martxan jartzea aholkatzen du.

Save the Children erakundearen arabera, haur eta nerabeen aurkako sexu indarkeriako kasuen %70 inguru ez dira inoiz ahozko epaiketara iristen. Hori hala, Melgosak iritzi dio oso garrantzitsua dela haurren eta haien beharren mailan jartzea justizia: «Izan ere, sistemari aurre egiten diotenean, ulertu ezin duten helduen mundu beldurgarri batean ikusten dute beren burua». Gogoratu du haurren eta nerabeen aurkako indarkeria prebenitzeko estrategia bat duela Jaurlaritzak, «indarkeria goiz prebenitzeko eta detektatzeko, eta arreta, babes eta erreparazio eraginkorragoa eskaintzeko», eta adingabeen eskubideen babeserako urratsa dela atzo Gobernu Kontseiluak onartutako Haur eta Nerabeen Lege proiektua ere.

Adingabeei egindako bi sexu abusutatik bat familia barruan gertatzen da

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude