Abdelkader eta gu

Abdelkader eta gu –

2020ko pastorala Arrast / Ürrüstoi herrian emanen dute Zuberoa Pettarreko lau udalerritako biztanleek: hots Ainharbeko, Ezpeize-Ündüreineko, Sarrikotapeko eta Ürrüstoi-Larrabileko herritarrek. Haatik Abdelkaderrek zer du gurekin ikustekorik? Hori da pastoralkariari berehala datorkion galdea.

Abdelkader eta guLehenik eta orokorki, ez da harreman beharrik pastoraleko heroiaren eta Zuberoaren artean, ez eta Euskal Herriko beste lurralde batekin. 1750ean Eskiulak eman zuen Sainte Elisabeth de Portugal trajeriatik 1951ean Garindainen agertu zen Robert le diable delakora, Xiberoa eta beste sei euskal “probintziak” pastoraletik bazter utzirik egon dira. Euskaldun handiak pastoral berrian sartzen hasi zaizkigu 1953an Barkoxen, Pierra Bordaçarre / Etxahun Irurikoaren lumatik, Etxahun Koblakari antzerkiarekin. Idazle horrek orotara zortzi euskaldun ohoratu dizkigu, horietan lau zuberotar, baita arrotz bat ere, Ximena Castilla / Gaztelakoa.

Bigarrenik, euskaldunen historia Euskal Herrikoa baino anitzez zabalagoa da, parte handi bat gure aberri edo amerritik urrun egin da, euskaldunak ibili diren leku ezberdinetan. Bereziki munduko itsaso guztietan alimaleko historia idatzi dute, euskal eskribu gutirekin maluruski, gure mariñel eta itsasturiek; halaber lurralde urrunetan hemendik joaniko hainbeste esploratzaile, misiolari, soldadu, artzain, emigrantek: zonbat argentinar eta Ipar amerikar hemenko hume edo arrahume, Saint Pierre eta Mikelon uharteetako frantziarrak ahantzi gabe: nolaz bazter utz genitiro? Ezin da.

Euskaldunen historia
Euskal Herrikoa baino zabalagoa da,
parte handi bat egin da
urruneko itsaso eta lurretan

Arrazoi xeheago bat, baina bere balioa baduena: Abdelkader, hamabost urtez Aljeriaren libertatea zaindurik, azkenean bere gudariez gabeturik, 1948an askazi eta lagun andana batekin sei hilabetez presoner egon zen Paueko erret jauregian. Paue, denbora batez Nafarroako azken erregeen hiriburua, berantean Bearnoko jaun subirano bat ezkontzaz tronu horretara igan ondoren, hain hurbil dugu gisa oroz; bere hiritarren artean hainbeste euskaldun badu ere, bereziki Xiberotik joanik.

Hirugarrenik, Abdelkaderrek gure historiarekin ikustekorik badu orokorkiago: frantziar konkistaren aurka egin zuen gerla, partida luze bateko lehen denbora erdia izan zen. Bigarren denbora erdian parte hartu dugu ene adineko gizon orduan gazte anitzek, eta han hogeita zazpi hilabeteko egonaldi militar bat egin dut nik ere. Aljeriak beregain jartzea lazgarri kario pagatu zuen. Frantziak bere aldetik hogeita hamar bat mila gizon gazte galdu, Euskal Herriak ehuneta hiru, horietan hogeita bi xiberotar. Gerla zikin eta azkenean behar gabeko horrek beste gizon asko markaturik utzi du bizi osoko. Nolaz erran daiteke historia hori ez dela gurea? Gure gazte denborako urterik hoberenak galdurik egon dira, batzuentzat leize beltz batean, xantza gehiago ukan dugunontzat zilo gris batean. Goitik ateratzeko tenorea hor dugu, urte galdu horiek azkenean zerbait onik ekar ahal dezaten.

Musulman eta kristauek elkar gudukatu behar ote dugu kurutzada denboran bezala, ala aitzitik elkar hobeki ezagutu, elkarrekin mundu hobe baten eraikitzeko? Hala nola klimaren berotzeari elkarrekin buru emateko, lurralde beroak baititu lehenik tinkatuko? Ikusten dugu oraidanik, etorkinak burrustan Mediterreaneo itsasoaren iragatera lehiatzen direlarik planta txarrenetan. Ez gara hortik aterako gaizkiaren erroari lotu gabe, eta lehenik elkar kondenatzetik elkarrekin gogoetatzera heldu gabe. Baina zalu ari behar dugu, zeren Chirac presidenteak zioen bezala, etxea sutan dugu, eta besteetara so egiteari uko egin dezagun. Hori ere denen historia dugu.

Jean Louis Davant

Abdelkader eta gu

Idazle zuberotarra eta euskaltzain emeritua. Laborantzako irakasle ohia. Enbata eta EHAS-en sortzaileetakoa.