A zer parea!

Rúnar Rúnarssonek hamabi urte zituen Michael Hanekek lehenengo filma egin zuenean. Seguruenik lehenengoak bigarrenaren lana ondo ezagutuko du, baina austriarraren azken lana ikusi eta zalantzak ditut bigarrenak ere ez ote duen lehenengoaren lana ezagutzen.
Rúnarssonen Eldfjall (Volcano,  2011) pelikulako protagonista, Hannes izeneko gizona da. Erretiroa hartu berri du eta hainbat urtean emazte eta seme-alabengandik emozionalki urrun egon dela ohartzen da. Egoera honi buelta eman nahi izango dio eta emazteari ezbehar bat gertatu ondoren, bere alboan emango du egun osoa, hau zaintzen.
Hanekeren Amour (2012) filman ere, Georges senarrak, emaztea jagongo du honek ictus  bat izan ondoren. Planteamendua baina, ezberdina da, hemen bien arteko maitasuna eta elkarri ematen dien babesa hasiera-hasieratik agerikoa da.

Film batak bestea gogorarazi zidan, nahiz eta planteamendu eta estetika ezberdinak izan. Amouren hasierako eszena bat kenduta, gainontzeko sekuentzia guztiak etxe barruan kokatzen dira, gainera, hasieratik dakigu emaztea hil egingo dela.Eldfjall-en ordea, kan
poko espazioek garrantzia berezia dute.
Amour-en zein Eldfjall-en, plano guztiak oso zainduta daude. Lehenengoan, izugarrizko jarraikortasuna dago, batez ere argiztapenean. Rúnarssonek ordea, ispilu eta kristaletako islei garrantzia berezia ematen die.
Batak zein besteak antzeko gaia lantzen duen maisulan bana egin dute. Michael Hanekeren lanek estreinatzen direnean zeresan handia ematen dute. Rúnnarson gaztearen (zine munduan bai behintzat) lanez ere luze hitz egingo da etorkizun ez horren urrun batean.
2013ko martxoaren 5ean zartkultura.com webgunean argitaratua

IZAN ALA EZ IZAN