Korrika munduan zehar, Shanghaitik New Yorkera

Korrika munduan zehar, Shanghaitik New Yorkera

Abiada bizian doa AEK euskaltegiek bi urtero antolatzen duten euskararen aldeko lasterketa eta, ohi bezala, ekimenak Euskal Herri geografikoaren mugak gainditu egin ditu Diasporari esker. Munduko hainbat lekuetaraino zabaldu da 18. edizio honetan: Madril, Mexiko, New York, Quebec, Shanghai, Txileko Santiago, Bartzelona, Montevideo…

New Yorken, esaterako, Euzko Etxea elkarteko kideak Central Park ezagunean egin zuten hitzordua eta, nahiz eta elurra ari zuen, fin eutsi zioten ekimenari. Lasterketak parkea zeharkatu zuen aurreko edizioetako leloa arrakastatsua errepikatuz: “Alkate entzun, New York euskaldun!”. New Yorkeko Euzko Etxea elkartea mendeurrena ospatzen ari da aurten, eta aurki, Aberri Egunean ekimen berriak burutuko dituzte. Ikus lasterketaren bideoa (eta argazki gehiago elkartearen Facebook orrian, hemen):

 

 

Madrilen lasterketari izen oso deigarria jarri diote aurten “Korrika Txulapoa”. Korrikalariak Complutense Unibertsitatetik abiatu ziren eta bidean “Espacio de las Lenguas Ibéricas” delakoan hamaiketakoa egiteko astia izan zuten. Ondoren Madrilgo erdiguneko hainbat kaletatik igaro zen lasterketa, Euskal Etxearen egoitzako helmugara iritsi arte. Ekitaldiari buruzko informazioa, argazkiak eta bideoak jarri ditu sarean Complutenseko euskara sailak, hemen.

Korrika 18 Madril

[Korrika 18 Madrilgo Plaza Nagusian, hiriaren ikurra den hartzaren estatuaren aurrean (argazkia KCAbasolo)]

Bartzelonan, aurrekoetan bezala, jende andana bildu zen oraingoan ere Korrikari ongi etorria egiteko eta euskararen irakaskuntzari babesa erakusteko. Lasterketak ibilbide polita egin zuen, Euskal Etxetik atera eta Sants auzoraino. Han, musika, elektrotxaranga, poteoa eta kontzertuak egin ziren, Euskal Etxeak antolatuta. Ekitaldiaren bideo bat, hemen.

Korrika 18 BCN

[Korrika jendetsua izan zen Bartzelonakoa, irudian hiriko kaleetan barrena larunbatean (argazkia BartzelonaEE)]

Korrika 18 Txileko Santiago

[Txileko Santiagon Korrika 18 giro ederrean egin zuten (argazkia Pamela Vergara Garcia)]

Korrika 18 Quebec

[Quebec-en, aldiz, Montreal elurrarekin zuri-zuri egon arren, Euskaldunak elkartearen Korrikak ederki berotu zuen giroa (argazkia QuebecEE)]

Mexikon, esate baterako, iragan astelehenean UNAMeko euskara ikasleek eta hiriko hainbat euskaltzalek lasterketatxo bat antolatu zuten. Ia 50 lagun bildu ziren ekitaldira, AEKak utzitako Korrika 18ko petoak soinean, eta ibilbidetxoa egin zuten  Xochimilco Kanalak gunean. Argazkia gehiago VascosMexico.com taldearen webguneko Galerian (izena ematea doakoa da).

Korrika 18 Mexiko 1

[Mexikoko korrikalariak ikurrinarekin. Eskubian, ume bat besoetan, Gurutzne Etxeberria, UNAMeko euskara irakurlea (argazkia IBilbao)]

Korrika 18 Mexiko 2

[Mexikoko Korrika 18n parte hartu zuten lagunak, lasterketaren ostean pozarren (argazkia IBilbao)]

Txinan, Shanghaiko Euskal Etxeko kideek Ningbo izeneko hiriko kaleetan barrena egin zuten korrikalditxoa. Hiri horretan enpresa asko daude eta horietan lan egiten duten euskaldunek ekitaldi hau antolatu nahi izan zuten, euskararen aldarria bertako kaleetara ateratzeko. Diario Vasco egunkariak lasterketaren bideo bat argitaratu du.

Korrika 18 Shanghai

[Korrikaren aldeko pankarta honekin egin zuten lasterka Txinako euskaldun hauek (argazkia AZabala)]

Txileko Santiagoko Korrika Euzko Etxeak, Etxepare Institutuak eta Euskadiko Ordezkaritzak antolatu zuten, beti ere AEK-ren laguntzarekin. “Korrikan bertan 70 pertsona inguru batu ginen: Txilen lanean ari diren euskaldunak, Txilera lan bila etorri direnak, oporretan daudenak, gurasoak edo aiton-amonak euskaldunak dituzten txiletarrak, Txileko euskara irakasleak, ikasleak… baina batez ere Euskal Herriko gazteak, arrazoi bat edo beste medio Santiagon daudenak. Valparaisotik jendea etorri zen ere”, azaldu digu Ordezkaritzatik Iker Aurtenetxek.

Korrikak Euskadiko Ordezkaritzan izan zuen hasiera eta, Providencia auzotik igaro ostean, Euzko Etxean bukatu zen, ia 7 kilometro burutu ondoren (ordu eta erdi gutxi gora-behera). “Musikarekin arazoak izan genituen eta azkenean txistulariak txistua jo behar izan zuen, korrikalariei ibilbidean zehar animoak emateko. Jendeak atseden hartu ondoren, Euzko Etxean manifestua irakurri zuten Txileko euskara ikasleek (Euskal Etxeetakoak nahiz unibertsitateetakoak). Ondoren herri-bazkaria hasi zen (enpanadak, patatak txorizoarekin, izozkia, kafea eta patxarana)”, amaitu du Ikerrek.

 Korrika 18 Santiago

[Santiagoko korrikalariak Euskadiren ordezkaritzaren egoitza parean, lasterketa abiatu aurretik  (argazkia IAurtenetxe)]

Korrika 18 Santiago 2

[Txistuaren soinuarekin egin zituzten korrikalariek lasterketaren zazpi kilometroak. Hori da sasoia! (argazkia IAurtenetxe)]

Uruguaien Montevideoko Euskal Erria elkarteak zenbait bazkide eta lagun bildu zituen Korrika 18ren eguna ospatzeko. Egitaraua goizean hasi zen, hiriburuko hondatza ondoko pasealekuan lasterketa abiatuz. Ondoren, partehartzaileek bazkaria egin zuten euskal etxean eta, bazkalaostean, pilota partidak jokatu zituzten elkarteko frontoian.

Korrika 18 Montevideo - Korrika munduan zehar

[Ikurrinak, eguzkia eta giro bikaina Montevideoko Korrika 18n (argazkia EuskalErria)]

Korrika munduan zehar, Shanghaitik New Yorkera

korrika18

3 pentsamendu “Korrika munduan zehar, Shanghaitik New Yorkera”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude