Bigarren Tipi-Tapa Usurbilen
Datorren urtarrilaren 6a, Errege Eguna, egun berezia izango da, inondik ere. Errege-opilaren ondoren (edo aurretik), txangurru pintxoak dastatu nahi izanez gero, hona hemen iganderako proposamena:
Urtarrilaren 6an, Errege Egunean, ospatuko da, Usurbilen, Tipi-Tapa ekimenaren bigarren saioa. HURBILAGO Usurbilgo Merkatari eta Ostalarien Elkarteak antolatuta, pintxo bereziak dastatu ahal izango dira egitasmo honekin bat egin duten Aitzaga, Artzabal, Bordatxo, Txapeldun eta Txiriboga tabernetan.
Estreinakoz, abenduaren 2an, bakailaoa hautatu zuten, tabernariek, pintxo bereziak prestatzeko. Urtarrileko hitzorduan, aldiz, txangurrua izango da mokaduak sukaldatzeko erabiliko duten osagai nagusia. Txangurruz betetako piperrak, Itsaski-salpikoia ogi txigortuan, Txangurru-budina, Txangurru gutizia eta Txangurruz betetako txanpiak plantxan; horiexek izango dira, datorren igandean, Usurbilen, dastatu ahal izango ditugun zizka-mizkak.
Ez da, ordea, Hurbilagotik Errege Egunerako prestatu dugun nobedade bakarra. Abenduko saioan, pintxoarekin batera, urteko ardoa (zuria, gorria, beltza), txakolina edo sagardoa eska zitekeen. Eskaintza zabalduko dugu oraingoan. 2 euroren truke, txangurru pintxoarekin batera, zuritoa, muztioa eta ura ere edan ahal izango dira aipatutako bost taberna horietan. Pintxoa bakarrik nahi duenak, 1,50 eurotan dastatu ahal izango du mokadutxoa.
Gogoan izan, bestalde, zazpi Tipi-Tapa egingo direla orotara: 2012ko abenduan hasi eta 2013ko ekainera arte, hileko lehen igandearekin bat eginez beti. Bost tabernaz osatutako ibilbide gastronomiko honetan parte hartzera animatzen denak, “eginbehar” bat baino ez du izango: norberak bere ‘Tipi-Tapa txartela’ eskuratu (taberna guztietan dago eskuragarri) eta, pintxoa probatu ostean, taberna horren zigilua biltzea. Aipatutako bost taberna horietan aurkituko dituzue Tipi-Tapa txartelak uzteko kutxatxoak ere.
Abenduaren 2ko Tipi-Tapa ibilbidea osatu zuten lagunen artean (5 tabernetako zigiluak behar ziren horretarako), 300 euroko erosketa-balea zozkatu genuen, Usurbilgo Hurbilago Merkatari eta Ostalarien Elkarteko saltokietan eta jatetxeetan gastatu ahal izateko. Lehen zozketa hartan, Agus Martinez eta Haritz Jauregi herritarrak izan ziren sarituak. Haritzek eta Agusek erdibana osatu zuten beren Tipi-Tapa txartela. Hurrengo zozketa, otsailaren 3an egingo da. Eta beraz, ibilbide osoa abenduko lehen jardunaldi hartan egiterik izan ez zenutenok, igande honetan duzue txartela osatu eta hurrengo zozketan esku hartzeko aukera.
Argazkian, ezkerretik eskuinera, zutik: Igor Gorriti (Artzabal), Mikel Elexpe (Txapeldun) eta Arantxa Unanue (Txiriboga). Makurtuta: Imanol Grijalba (Aitzaga) eta Paulino Ibargoien (Bordatxo). Bost tabernari/taberna horiek dira, hain zuzen ere, ekimenean parte hartzen dutenak. Erdian, Tipi-Tapa iragartzen duen kartela eta txangurrua (urtarrileko mokaduen osagai nagusia).
Antolatzailea: Hurbilago Usurbilgo Merkatari eta Ostalarien Elkartea
Babeslea: Usurbilgo Udala