Frontoian

Gure lanean badira gai batzuk behin eta berriro kubritzea tokatzen zaizkigunak, urtero errepikatzen direnak, ziklikoak direnak. Hauetako batzuek aurrez finkatuta dute nolako argazkiarekin argitaratuko diren. Beste noizbait idatzia dut ez dakidala horrela egiten ikusi nuelako egiten dudan nik hala eta horregatik argitaratzen direla gisa hortan, edo eta modu horretan argitaratuak izateko eskatzen dituztenez, hala egiten zutela aurrekoek eta horregatik hasi nintzela ni horrela egiten, baina egia da argazki tipoa errepikatu egiten dela egunkari gehienetan, beste argazki mota batek kabidarik izango ez balu bezala.

Pilota partidoekin nik sentsazio hori daukat. Oker ez banago egunkari baterako, partida bati, argazkiak ateratzera joatea tokatu zitzaidan lehen aldia Tolosako Behotibar pilotalekua izan zen, astelehen arratsalde batean. Frontoira sartu, bistazo bat eman eta han ikusi nituen, beste egunkarietako nere kideak, frontisaren eskubi aldean, lurrean eserita, telea jarria zutela. Nik gauza bera egin nuen, bertara jo, lurrean eseri eta teleobjektiboa jarri.

Bista ez da itsusia: pelotariak aurrez, aurpegia ikusten zaielarik, batzuetan jokoan dauden guziak, izan bi edo lau, enkuadre barruan sartzen zaizkizu, pilotari eman behar dionak eskua atzera egitean ondo ikusten da… gainera, pilota zabalera irekitzen badute, aurrez arrapatu dezakegu pilotaria, pauso luzez, makurtuta eta besoak zabalik, egan egitera joango balitz bezala. Argazki politak lortu daitezke.

Baina galdera da, zein da gure funtzioa pilota partido batean? Zer da kontatu behar duguna?

Testuak orokorrean partidaren kontakizun izaten dira: Artekariek 100-10i eskaini zuten dirua hasieran irabazleen alde, hau hasi zen irabazten, honek ez zuen buruik altxa, sufrimendua eta lanaren bitartez tantoak luzatu zituen, 7-0, bigarren zatian buelta eman zion, 9 eta 13 jarri zireneko tantoa gogorra izan zen… partida gogorra dejada zehatz batekin amaitu zen… Baina argazkiekin ezin dugu hori egin, are gutxiago argazki bakarra argitaratuko bada. Argazkiak arazo hori dauka; kontatu, argazkiak ezin du ezer kontatu, gertatutakoeren momentu bat erakus dezake gehienez eta horren bitartez partidako sentsazio bat iradoki. Baina gehienetan jokuko argazki bat erakusten dugu, telebistaz osoki emandako partiduaren fotograma bat izan zitekeena. Finala bada aldiz, irabazlearen bukaerako keinua, beti.

Baina hori da gure egitekoa? hori da eskaini dezakegun bakarra?

Ez dut ikusgarritasuna eskatzen, hori ere ez da gure egitekoa. Ezin dugu beti zerbait orijinala, zerbait ezberdina erakutsi, frontoiak eta pilota partidoek ematen dutena ematen dute, baina zer da guk eman beharko genukeena? Non jarri arreta? Zer erakutsi irakurleari?

 

MILA HITZ - Freelance argazkilaria. BostokPhoto egitasmoan buru belarri nabil. EuskalHerriko Informatzaile Grafikoen Elkarteko kidea.

3 pentsamendu “Frontoian”-ri buruz