49 udalerri desagertzeko arriskuan
Euskal Herriko hainbat eremutan despopulatze arriskua presente da, batez ere, Nafarroa Garaian, non kasuen gehiengoa 4 eskualdetan pilatzen den
Euskal Herriko udalerri batzuentzat etorkizun zehatz gabea erakusten du errealitate demografiko heterogeneoak. Gure ikerketen arabera, epe motzean joera aldatuko ez balitz, hurrengo hamarkadan Euskal Herriko 21 udalerrik desagertzeko arriskua izango lukete. Epe luzeagoan, udalerri kopuru horri beste 18 batuko litzaieke.
Faktore desberdinen uztarketak, ezbaian uzten dute udalerri txiki askoren etorkizuna Nafarroa Garaian epe ertainean, bederen. Faktore horien artean daude, biztanleria bolumenaren galera, bizitza-proiektua aurrera eramateko adinean dagoen biztanleriaren ihesaldia, batez ere emakumeak, zahartze indize altua eta amatasun indize baxua edo hutsala. Herrialde honetako ezaugarriek, hedadura zabaleko eta tamaina txikiko udalerri asko bertan barreiatuta izateak, bideratzen dute bertan pilatzea galtzear dauden euskal udalerri gehienak. Udalerri hauek jarduera ekonomiko ahula dute edota belaunaldi berrientzat ez dira batere erakargarriak eta irisgarritasun traketsa dute.
Etorkizun iluna duten udalerriak Estellerriko Ekialde eta Mendebaldean, Auñamendi, Erronkari-Zaraitzu, Zangozerria eta Bidasoa Garaiko eskualdeetan daude. Kasu guztiek dute komunean zahartze indize altua, belaunaldi ordezkatze hutsala eta biztanleriaren ihesaldia beste udalerri edo eskualdeetara (Iruñerria).
Egiari zor, azaldutako kasuistika ez da aipatu 21 udalerrietan soilik gertatzen. Beste maila batean bada ere, epe luzeagoan beste 18 udalerrik etorkizun antzekoa pairatzeko arriskua dute. Udalerri hauetako batzuk tamaina handixeagokoak dira, hala nola, Ezkaroze (Erronkari-Zaraitzu), Iguzkitza (Estellerriko Ekialdea), Villabuena de Alava (Arabar Errioxa) edo Lanestosa (Enkartazioak). Iparraldeko kasuan, bi udalerrik bizi dute antzeko egoera Labetze-Bizkai (Amikuze) eta Gamere-Zihigak (Basabürüa).