42 pertsona zauritu dira Tafallan zezena plazatik atera delarik

Izua nagusitu zen atzo Tafallako Errekoratari ikuskizunean. Plaza 3.500 pertsonek bete zuten, aunitz haur eta gazteak, eta giroa nahastera heldu zen Quesero, 500 kilotik goiti pisatzen zuen zezena. Gibeleko hankez lagundurik, eguzki tendidura salto egin zuen animaliak eta 42 lagun zauritu zituen. Haien artean, 10 urtetako haur bat, zeina ZIUra eraman behar izan baitzuten zezenak zapaldu ondotik. Bestalde, 47 urteko oiartzuar bat adarkadaz bizkarrean zauritua izan zen. Aitzitik, gainontzeko lagunak arin zauritu ziren. Azkeneko hauetarik hamar Iruñera eraman zituzten, Tafallako osasunetxera 24 lagun joan ziren eta beste guziak zezen-plazan bertan artatu zituzten.

MzEzNA==

 

Zezena jende artean zelarik, nork bere burua salbatu beharra zuen. Batzuek plazara salto egin zuten, besteek tendidutik zaldi-patiora dauden 5 metroak jauzi zituzten. Orduan, giroa nahastua zelarik, Pablo Simón toreatzaile ohiak zezenari buztanetik heldu zion. Gazte batzuk laguntzera hurbildu ziren bozgorailuetatik errekortariei deika ari zirelarik. Hondarreko hauek lortu zuten zezena erabat gelditzea. Sokaz lotu zuten, hogei bat pertsonaren artean zezena inguratu, izkina batera eraman eta bertan sastakatu zuten.

Abisatu zuen

Bertaraturiko bizilagunek ez dute ulertzen nolatan ez zuten zezena aldatu, izan ere, lau aldiz saiatu baitzen zezena plazatik ateratzen. Atera bezain pronto ezkutalekuaren aurka jo zuen bere burua, adarra apurtu zuelarik. Beste bitan barrera gainditu zuen eta bosgarrenean, jendeak hurbilegi ikusi zuen zezena eta izua bihurtu zen plazako jaun eta jabe.

40 zauritu Tafallan, zezen batek harmailetara salto egin ostean – EiTB Albisteak Gizartea

Irudia | Zezenak hegan egin zuen | zz | Creative Commons By SA

BARDO GORRI NAFARRA