37 galdera uhinen bestaldeko kolaboratzaileari

(Bernardo Atxagaren poemaren sakrilegioa Euskadi Irratiko Arratsean saiorako)

muga

Esaidan, zoriontsuak al zarete uhinen bestaldeko kolaboratzaileak?

Kausitzen al duzue errekonozimendurik sikira zuen Twitterreko jarraitzaileen arteko ehunetik hogeita bost edo hogeiaren baitan, ala hemen bezala mutu al diraute smartphonak, bihotz mortuak bailiran gauez gau, bihotz mortuak bailiran anorak elegantearen barrualdeko poltsikoan?

Zuen erresumako lurraldeen artean ba al dago jaiegun edo oporraldi gisakorik? Laburrak al dira hango egunak?  Ba al daude konpainia bilatzeko aplikazioak? eta ez al dira biltzen kulturetak kolore horituko maindireetan? Igandeetan ere ez?  Ez al du esistitu Kevin Heredia bezala firmatzen zuen espia batek?

Esaidan, zoriontsuak al zarete uhinen bestaldeko zutabegileak? Ez al duzue karaktere kopuruarekin ametsik egiten? Eta egutegiekin? Zuhaitz Gurrutxagarekin akordatzen al zarete inoiz? Nola abiatu zen EiTB mendian gora, nola bere elastikoak axedrez taula apurtu bat zirudien moda modako tabernatan?

Uhinen bestaldean, gizontxoek ematen al diete bizkarra erractusei? Ba al dago (oraindik) Berri Txarrak ikusteko sarrerarik? Idazle abisalek ba al dute gidabaimenik? Ba al dakite stop eta “ceda-el-paso”-ak bereizten? Trena hartu eta Durangora abiatu zen jendeak, azken unera arte gorde al zuen ateri egon zitekeeneko ilusioa? 

Hala esan zaidan, haize boladetan datzala kolaboratzaieon halabeharra, bagaudela portua sekulan aurkitzen ez dugun untziak itsasoan; Zuek soldata aipatzen duzuenean, zertaz ari zarete zehazki? Lan seguru baten abantailaz? Edo laranjak jateko ematen duenaz, sinpleki? Kontuak egiterakoan, gogoan izaten al dituzue zientzietako ikasgaiak?

Asko al dira, asko al zarete uhinez bestaldeko erresuma hartan? Egunero mugikorrean irakurtzen dudan jende klase hau, han bizi al da?

NIRE KONTRA ESANAK