“Euskara Osakidetzan? Gutxienekoarekin aski dugu”

Euskara Osakidetzan

Noizbait galdetu izan zara zein den Osakidetzan euskarak bizi duen egoeraren zergatia? Ba, besteak beste, euskara normalizatu asmoz egindako araudia, Euskara Plana (hainbat hutsune eta gabezi dituena), ez delako betetzen, betearazten. Adibidez, Lehentasunezko unitateetan hutsik geratzen diren lanpostuak euskaradunekin bete behar direla ezartzen du araudiak, baina horren ordez Euskara Plana paper bustia bailitzan, zenbaitetan “gutxienekoarekin aski da” printzipioa aplikatzen zaio euskarari Osakidetzan.

Araudia eta errealitatea. Asmoak eta egitasmoak. Uztartuak beharko liratekeenak eta uztartu gabe daudenak.
Zer dio adibidez, bada, Euskara Planak hutsik geratzen diren lanpostuen inguruan? Honakoa:
“Helburuak lortzeko bidean aurrera egin nahian, tauletan zehazturiko gutxieneko portzentajeez gain, lehentasunezko unitateetan derrigortasun-data jarriko zaie Plana onartzen den egunetik aurrera titularrik gabe hutsik egongo edo geratuko diren lanpostu guztiei, salbu beste lanpostu batean jardunean ari diren enplegatuak atxikitzeko gordeta edo konprometituta dauden lanpostu hutsei”.

Osakidetzan euskarari dagokionez teoria eta praktika bide beretik joaten ez direnez, ordea, zarautzen Osakidetzaren jokamoldea, mediku lanpostu bati euskararen eskakizuna ez jarri izana, salatu behar izan zen. Baino zarauzkoa ez da kasu isolatua, araudiaren urraketa berdina gertatu da besteak beste Errenteriako Beraungo osasun etxean. Osakidetzari azalpenak eskatu eta bere erantzuna, hitzez hitz, honakoa:

“Beraungo Osasun Zentroan medikuen kasuan derrigortasun dataren ehunekoa betetzen da. Horregatik aipatutako mediku lanpostu horri ez diogu derrigortasun datarik jarri.”

Garbi dago erantzuna ez datorrela bat araudiak ezartzen duenarekin, baino kezkagarriena erantzunak adierazten duen ikusmoldea da: “Tauletan ezartzen den gutxienekoak betetzen ditugu, beraz gure erabakia da haruntzago ez joatea” esatera dator Osakidetza. Nola normalizatu euskara ikusmolde mekanizista, murritz eta murriztatzaile honekin? Inork somatu al dezake Osakidetzaren erantzunean euskara Erakundearen hizkuntza naturala lehenbailehen izateko grinarik?

Noiz izango dugu Osakidetzan euskara normalizatu ahal izateko moduko plan integral eta eraginkor bat, beteko dena, betearaziko dena, betetzeko baliabideak izango dituena eta betetzen dela neurtu eta kontrolatuko dena? Orain dagoen plana, gaur gaurkoz, hein haundi batean paper bustia besterik ez da.

 

euskara, Euskara Osakidetzan, Osakidetza
osaeus

Osasungintzan euskaraz bizi eta lan egin nahi dugu! www.osaeus.eus

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude