2013ko hamar post ikusienak
Onak eta txarrak. Denetik izan dugu 2013 honetan ZuZeun. Neurgailua klik kantitatean jarri dugu, eta urteko post irakurrienen laburpenak ekarri dizkizugu gaurkoan. Sareen olatuetan eztanda egin duten artikuluak dira hurrengoak. Zurekin: ikusienetan ikusienak.
1. Ertzain bati identifikazio txartela eskatutakoan hau gertatzen da
AskeGunea gori-gori zenean, ertzain batzuen hala nolako jarrerak asaldatuta zeukan jende anitz. Endikaritzek kaskodun baten identifikazio txartela eskatu zuen. Ertzainak, ordea, legez eskaria onartu behar badu ere, uko egin zion. Harro egin ere, eta gaztelaniaz. Meneame bidez zabaldu zen bideoa, eta gaur gaurkoz 47.000 bisita baino gehiago dauzka youtube-n.
2. Aitite Felix
“Kolono baten bizitzaz” idatzi zuen Galder Gonzalezek, Pako Aristiren Euskal Herria, 2023, kristalezko bolan, artikuluari erantzuna emanez. Extremaduran jaio eta Euskal Herrian zendu zen aitonaren bizitza kontatu zuen @theklaneh-k. Gorriak ikusi zituen etorkin espainiar baten seme euskaldunaren istorioak ehunka lagun hunkitu zituen. Twitter sutan jarri zuen.
3. Patxi Lopezek The Croods jokua jaitsi nahi du Legebiltzarrean, euskal gatazkaz ari diren bitartean
iPad bat eta Lopez. ZuZeun gertatzen diren mirarietako baten sorburua izan zen lehenagotik ere hainbesteko jokoa eman duen Patxi Lopez. Leku egokian eta une egokian harrapatu zuen Iñaki Larrañagak Lopezen denborapasa. Ziztu bizian barreiatu zen saretik. Politikari axolagabeen ranking-ean puntuak irabazi zituen Lopezek, eta ZuZeuk sareko mundutxoan, eta paperezko prentsan. Egun batzuk beranduago Argazki gaizto baten kronika plazaratu zen. Lopezek eskelen egunkarian ukatu behar izan zuen bere ageriko portaera alferra.
4. Evaristo: “Euskaldunak armadarik gabe geratu diren honetan, ‘a por ellos!’ ari dira”
SER irratiko Carne Cruda saioan agertu zen Evaristo, La Pollako abeslari mitikoa, eta jauregiko zutabeak dardarka jarri zituen. Irain eta ironiaz josita egia biribilak bota zituen ordu betean. Biolentziaz, ETAz, ezkerraz, independentziaz, torturaz, poliziaz, demokraziaz… ez zuen gai bat utzi arrastadarik eragin gabe.
5. Titiak ukitzen
Batzuk ikurrina erraldoitik begia kendu ezin zuten bitartean, beste batzuk bular biluzietan zuten begirada… eta eskua. San Ferminetako ikuskizun aldrebes honek hainbaten haserrea piztu zuen. Iker Sumendiagak idatzi zuen gaiari buruz ZuZeun, eta feminismoaren orbitako diskurtso ezberdinak azaleratzea lortu zuen. Zergatik ukitzen zieten horrelako grinez nesken titiei? Zein zen nesken jarrera? Zer egin horrelakoetan?
6. Aiert Goenaga Durangoko Azoka proiektutik kanpo utzi du Gerediaga Elkarteak
Goenaga kalera. Iskanbila. Horixe euskal kulturaren mundu apalak otsailaren 13an esnatu zuen iratzargailua. Herritar gehienak sorpresaz harrapatu zituen albistearen jarraipena egin zuen ZuZeuk. Interes bizia sortu zen. Aiert Goenagak berak biharamunean aitortu zuenez, “boterekeria” zegoen gertaera haren atzean, “bi ereduren talka”. Zalaparta baretu zen, eta 2013ko Durangoko Azokan inor gutxik gogoratu zuen Goenagari gertatutakoa.
7. Lingua navarrorum = Naffarrera
Josu Lavinek harri eta zur utzi gintuen. Bost mende atzera egin bagenu bezala hasi zitzaigun idazten. Euskara batua gutxietsi eta Joanes Leizarragaren eskuizkribuetara itzuli gintuen. Ez dakigu zenbat lagun izan ziren testua osorik irakurtzeko gai. Dakiguna da, ez zuela inor ez hotz ez bero utzi, eta bisita ugari jaso zituela. Sustatun jaso zuten Twitterren artikuluaz sortutako algara. ZuZeun 160 iruzkin idatzi ziren. Artikulu honen eta beste batzuen harira ZuZeuk erabilera baldintzetan euskara batuaren aldeko apustua berretsi zuen. Orain, Lavinek blog bat dauka.
8. AskeGunea: Zutik segi behar duen herri harresia
Irudi asko eta asko utzi zituen. Donostiako bulebarreko herri harresia historia bihurtu baino lehen, bideo aparta egin zuen Oier Aranzabalek. Zaku eta kanpin-dendak kremaileraz itxi artekoa gordin jaso zuen Aranzabalek ikus-entzunezkoan. Gainontzekoa, bor-borka zebilen #herriharresia-ren uhinek egin zuten.
9. Lander Arbelaitz kazetariari eraso egin dio Ertzaintzak AskeGunean
Ertzainek utzi zituzten Donostiako Bulebarrean irudi latzenak. Argia aldizkarirako informatzaile lanetan zebilen Lander Arbelaitzek jaso zuen tratu ankerrak sekulako hedadura izan zuen. Legebiltzarrera eta guzti heldu zen Arbelaitz, ertzainek egin ziotena azaltzeko. Informazio gosea galarazten saiatu ziren ertzainak, Arbelaitzi eskarmentua emanez. Kontrakoa lortu zuten. ZuZeuko erredakzioak kazetariari emandako tratu txarra salatu zuen.
10. Bigarren mailakoak gara?
“Presa daukazuenez gaztelaniaz hasiko naiz”. Laura Mintegiren hitz horiek euskaldun asko mindu zituen. “Euskara tramite huts bezala tratatzeak, egin beharreko eta ez berezko zeozer bezala ikustarazteak mina ematen baitu”, idatzi zuen Oier Aranzabalek. Laura Mintegi berak barkamena eskatu zuen Twitter bidez, eta ZuZeun azaldu zuen gertatutakoa.
Gaurkoan prentsari gaztelaniaz zuzendu natzaio lehenago eta gero euskaraz, estrainekoz, beraien eskariz. Barka norbait kaltetu badut.
— Laura Mintegi (@lauramintegi) 2013 otsaila 14