Euskara Gasteiz eleanitzean

Aurreko batean, seme-alabak ikastolan utzi ondoren, bilera batera abiatu nintzen. Gasteizen izanik, kotxea garajean utzita, tranbian joatea erabaki nuen. Bi geltoki aurrerago, ikasle-talde bat sartu zen bagoian. Zalapartaka, oihuka, alarauka. Gazteleraz garrasika, ondoan dagoen D ereduko institutuko ikasleak izanagatik. Tranbia berriz abiatu zen eta Legebiltzarreraino joan nintzen bidaide zaratatsuekin.

Gazteleraz aritu ziren ibilbide osoan. Nahi gabe ere, institutuko neska-mutilek esaten zutena entzun behar izan nuen. Bitartean, leihotik begira jarri nintzen eta hizkuntza paisaiari erreparatu nion. Une batez, Zaragozan edo Burgosen egon nintekeela pentsatu nuen.

Ohartu gabe, nire ikasle garaietara bueltatu nintzen. Seguru asko, duela hogeita hamar bat urte, geu izango baikinen horiek bezain zalapartatsuak…  Garai hartan, nire inguruan gaztelera zen hizkuntza bakarra eta ia ez nuen euskararen presentziarik hautematen. Hiru hamarkadetan asko aldatu gara denok. Kasu honetan, Gasteizko bilakaera soziolinguistikoa ere esanguratsua izan da. Hobera egin du, zalantzarik gabe, eremu guztietan, formaletan batez ere. Hala ere, gaur egun, gasteiztar askorentzat gaztelerak segitzen du izaten hizkuntza eta errealitate bakarra [gasteiztarren % 93,1ek gaztelania erabiltzen du etxean; % 1,9k euskara. Euskara zein gaztelania erabiltzen dituztenen kopurua gehitzen badiogu, % 5,5era heltzen da].

Datu soziolinguistikoen arabera, Gasteizen, 5 eta 30 urte bitarteko biztanleen erdia baino gehiago elebiduna da dagoeneko. Horren ondorioz, adin horretako elebidun hartzaileen eta erdaldun elebakarren ehunekoak gutxituz doaz. Are gehiago, 10 eta 14 urte bitarteko haur-gaztetxoen artean hirutik bi euskaldunak dira. Adin horretan euskara batere ez dakitenak %10 inguru dira.

Azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, gasteiztarren % 15,5 elebidunak dira eta % 18,7 elebidun hartzaileak. Ah, eta kontuan izateko eta nabarmentzeko beste puntu bat da Gasteizen, Bilbon eta Iruñean bezala, gaztelania ez diren beste hizkuntzak euskara baino gehiago erabiltzen direla. Beste hizkuntza horiek, euskarari ez ezik, gaztelaniari ere eragin diote.

vitoria-gasteiz.org_-300x150

Gasteizko argazki hori ikusita, erraza da ondorioztatzea euskarak ez dituela betetzen gaztelerak betetzen dituen funtzioak. Ume askok euskara ikastolan jasotzen dute, bikote euskaldunen ehunekoak gora egin badu ere. Jakina da irakaskuntzak berebiziko garrantzia duela hizkuntzaren transmisioan eta normalizazioan. Hezkuntza sistemaren bitartez, Wert gora-behera, pertsona euskaldun eleaniztunak sortu eta hezi nahi dira. Baina eremu formal horretatik kanpo, erabilera jaitsi egiten da… Ikasle hauen gaitasuna nahikoa ez izateagatik, hiztun-dentsitatea behar bestekoa ez izateagatik, gurasoon utzikeriagatik, garatzen ari diren politikak eznahikoak direlako, gaztetxoentzat eredu direnek beste hizkuntza batzuk erabiltzen dituztelako, etab.

Gasteizko gaztetxo gehienentzat gaztelaniaz bizitzea da eguneroko errealitatea, normala dena. Esfortzu apartekoa egin behar dute gaztelera ez den hizkuntza bat erabiltzeko, eta horretarako motibazio berezirik ez badute, ez dute erabiliko. Hezkuntza sistemak bakarrik ez du lortuko gizartea euskalduntzea, euskararen erabilera orokortzea. Hezkuntza sistemaren ekarpenaren ondorioz, gaztetxo horientzat guztientzat, euskara ez da arrotza, euskaraz aritzeko gaitasuna badute, eta ez da gutxi, baina hortik hizkuntza erabilera-ohiturak errotik aldatzeko urratsa egiteko funtsezkoa izango da alor eta estamentu guztiak inplikatzea, bai eta hauen arteko koordinazioa, elkarlana eta osagarritasuna ere.

Tranbia Legebiltzarreko geltokian gelditu zen. Handik jaitsi ziren, zalapartaka, institutuko ikasleak Ignacio Aldecoa kultur etxean dagoen Badu Bada erakusketara bisita egiteko… Euskara mundu eleanitzean.

Hemendik gutxira, gure seme-alabak ere tranbia horretara igoko dira bere lagunekin ikuskizun, hitzaldi edo erakusketa batean parte hartzera. Hau al da seme-alabentzat eraikitzen ari garen mundu eleanitza?

badu bada, euskara, Euskara mundu eleanitzean, hezkuntza, inkesta soziolinguistikoa
Rober Gutiérrez

Bai Euskarari Elkartea http://twitter.com/robergutierrez

10 pentsamendu “Euskara Gasteiz eleanitzean”-ri buruz

  • Iñaki Larrañaga
    Iñaki Larrañaga 2013-12-20 13:38

    Gasteizko egoera bat: Futbol talde bat, 20-25 arteko mutilak, gehienek ulertzen dute euskara, asko ala gutxi. Jokalari bat entrenatzaileetako bati euskaraz zuzentzen zaio noizean behin. 1. Esan dio igandean ezin dela partidura joan, bidaia bat duelako. Jokalari batek elkarrizketa entzun eta adiskideari galdetu dio “y a donde vas?”. 2. Ariketa bat nola egin galdetu dio entrenatzaileari, euskaraz, eta euskaraz erantzuten dio. Hark ez ezik, besteek ere ulertu dute azalpena. Ez dago berriz erdaraz azaldu beharrik. Gaztelaniaz segi du entrenamenduak.

    Euskara horrelako dosi txikietan sartzen zaie eskolatik at. Asko da? Gutxi da? Bada zerbait. Euskaldunarentzako txikikeria, erdaldunarentzako harrigarria.

  • Peru Dulantz 2013-12-20 18:57

    Arazoa da eskolan euskalduntzen direnek ez dutela euskara beraien hizkuntzatzat hartzen, eta ez zaiela bururatu ere egiten eskolatik kanpo ere erabiltzea badagoela. Gasteiztik gertu, eskolako irteeran nirekin euskaraz hitz egiten duten hainbat guraso ikastolerok sekula ere ez diete euskaraz hitz egiten seme-alabei (eta gero kritikatuko ditugu umeekin euskaraz baina beraien artean erdaraz hitz egiten duten gurasoak…)

  • Iñaki, pixka bat es poco, eta oso gutxi, poquísimo.
    Euskararen erabilera urria eta gero eta etenez josiagoa da.
    Gutxiaren eta askoaren, eta botilaren betetze mailaren inguruko hausnarketa filosofikoek estaltzen dute errealitatea hemen.
    Gasteizen poquísimo o casi nada hitz egiten da, Bilbon berdin, Altsasun ere bai, eta Urdiainen edo Arbizun, gero eta gutxiago. Asko da? Gutxi da?
    Sei lagun elebidun erdaraz gozatzen luze, konplexurik gabe… asko da? Gutxi da?
    Ordezkapen prozesuaren urrats bat gehiago da.

    • Bittor Hidalgo
      Bittor Hidalgo - Donostia 2013-12-21 13:20

      Kontuak zehazteko, Itzain. Diozu “Euskararen erabilera urria eta gero eta etenez josiagoa da.”
      Bi baieztapen batera. Lehena, “Euskararen erabilera urria” dela, subjektiboa da, eta apreziazio kontua denez, beti izan liteke egia, edo beti gezurra. Zeren aldean konparatzen den. Eta garbi dago orokorrean Euskal Herrian espainolaren eta frantsesaren erabileraren aldean oraindik ere denbora luzez izanen dugula euskararen erabilera urria. Ados ba horretan.
      Zure bigarren baieztapena ordea ez da / ez zait iruditzen / justua. Eta zerorrek ondoko mezuan ere ongi diozunez objektibitatea eta datu garbiak behar ditugun neurrian, “Euskararen erabilera GERO ETA ETENEZ JOSIAGOA” dela esatea berriz askoz ‘iruzurtiagoa’ iruditzen zait (barkatu hitzagatik) gure gaur eguneko eztabaidaren harian.
      “Euskararen erabilera GERO ETA ETENEZ JOSIAGOA” non eta noiz baino? Eta uste dut ez dela zuhurra hor garai guztiak eta alde eta aldi guztiak zaku berean sartzea tranpa egingo ez badugu.
      Euskararen erabilera EZ BAITA inondik ere AGERI GERO ETA ETENEZ JOSIAGOA azken (ber)hogeita hamar urtean hegoaldean ez EAEn eta ez Nafarroa Garaiko ‘eremu euskaldunean’, eta ez ere, nahiz guztiz beste neurri apalago batean, balizko ‘eremu mistoan’, edota ‘eremu ez-euskaldunean’ ere.
      Beste gauza bat da pentsatzea, sinistea, are hegoaldean euskaldunontzako azken 30 urtean aldekoago izan ditugun inguruetan ere (EAEn…) denok ere egin genitzakeela gauzak agian hobetoxeago (nekez hala ere ‘askoz hobeto’ ametsetan ari nahi ez badugu).
      Eta beste gauza bat da ere azken hogeita hamar urteetako euskaldunon aurrera pausu guztiak gutsietsi eta ukatu nahi izan dituztenen estrategia, bere estrategia militar antisitema zuritu nahian, ‘dena gero eta okerrago dago/daramakigute’ lelo sorgintzailearen pean.
      Horregatik konbeni zaigu, bai, ondoko mezuan diozun bezala: “euskara bizirik nahi dugunok, batzuk, besteak eta hangoak mahai baten inguruan jar[tzea,] datuak aurrean izanik, aurrera egiteko helburu eta bide eraginkorrak baina realistak zehazteko”.

      Ondo izan

      Bittor

  • Euskararen bilakaeraren gaineko hausnarketek eurek, azterketa sakona merezi dute. Batetik, egundoko ahaleginak egiten dira egoeraren interpretazioa gozotzeko. Batzuek sekulako ariketak egiten dituzte egoeraren irakurketa baikorrak zabaldu ahal izateko, baina gero eta sarriago azaleratzen diren datuek, oso egoera kezkagarria islatzen dute. Inork ezin du dagoeneko ukatu, Iparraldean eta Nafarroan desagertzeko zorian dagoela euskara, eta EAEn erabilera oso maila baxuetan egonkortuta dagoela.
    Baina era berean, itoginak ezin konpondu gaudelarik, badira oraindik Euskal Herria euskalduntzeaz ari direnak… helburu hori lortzeko egitasmo zehatzik edo egingarririk gabe.
    Ez da garaia, euskara bizirik nahi dugunok, batzuk, besteak eta hangoak mahai baten inguruan jarri, eta datuak aurrean izanik, aurrera egiteko helburu eta bide eraginkorrak baina realistak zehazteko?

  • Peru Dulantz 2013-12-22 00:20

    Gaurko txangotxoa Gasteizen:
    Izotz pistara eraman nau 10 urteko alabak. Bakh izeneko kiroldegira (Vasconiaren eta Kutxabank-en artean sortu/kudeatua). Hizkuntza paisaia ia beti elebiduna, lehentasuna gaztelaniari. Kartel berriena ingeles hutsean “Sport Medic Center” (edo horrelako zerbait). Badirudi aurkitu dutela inor ofenditu gabe “elebitasun antiestetikoa” saihesteko bide bat, kosmopaletismoak bideak gero eta zabalago aurkitzen ditu… Informazio-mahairako bidean “Festival Infantil de Navidad”, erdara hutsean iragarkia, eta erdara hutsean jaialdia, nola ez. Uste dut Mercedesen babesletzarekin egiten ari zela une horretan bertan kiroldegian. Informazioko 20 urte inguruko neskari euskaraz hitz egin eta berehala argi utzi dit ez zidala ulertzen. Hangoak bukatu eta izotz pistaren sarrerako leihatilara joan naiz, Lehiatilako neskak (oso gaztea bera ere) atzerritarra ematen zuen, Errumaniarra-edo. Hala ere saiatu naiz, eta hor ere pott, erdaraz egin behar…. Tira, egunerokotasunaren normaltasuna…

  • Gaur Bilboaldean:

    Hondartzara bidean goaz kotxez ostera bat ematera nire pisukidea, lagun bat eta hirurok. Denok gara euskaldun, baina haiek biek gaztelaniaz egin ohi dute bai beren artean, bai beren harreman sozial gehienetan. Askotan bezala eutsi diot euskara erabiltzeari, eta haiek “amore eman” eta euskaraz aritu dira denbora guztian. Halako batean isildu naiz eta geratu naiz entzuten nola mintzo ziren beren gauzei buruz, berritsu eta eroso. Poztasun eta lasaitasun itzela sentitu dut.

    Iruditzen zait potentzial bat badagoela eta egin behar dugun gauza bakarra dela jakitea zein tekla jo behar dugun potentzial hori askatzeko. Hain da zaila eta erraza aldi berean!

  • Ados Gilen. Aukerak hor daude, handiak eta esku-eskura. Bainan lehenik nagusi den autokonplazenziazko mezuari alde egin behar zaio, egoeraren gordinari aurrez aurre begiratu, eta aurre egin.
    Elebidun gehien-gehienek erdaraz euskaraz baino errekurtso gehiago dauzkate dagoeneko. Normala da. Erdal inmertsiozko gizartean bizi gara, gero eta gehiago. Hortaz, euskaraz bizitzea haize-aurka hartutako erabakia da, erabaki konszientea, sarri deserosoa eta zailtasunez josia.
    Euskaraz bizitzen ahalegintzeko hautua egiten duenak, aurrean izan ohi ditu erdaldunen erosokeria edota erasokeria… eta euskal hiztun askoren begiratu zorrotza, erosoago bizi baitira asko eta asko erdaraz, erdaldunekin liskarrik izan gabe. Normala ere bada…
    Egoera horri aurre egitea badago, potentziala hor dago, zeuk esan bezala, baina ez da aski euskaltzaleon boluntarismoa. Euskaltzaleak direla esaten duten agintariek, izan alderdi, enpresari, sindikatu edo futbol talde, urrats serioak eman behar dituzte. Eta horixe exijitu behar diegu. agonia honi azkena emango badiogu.

  • Oharra: autokonplazentziazko mezua, erakunde askotatik zabaldu ohi dena da, noski.

  • Santomasak, Donostian. Alde zaharreko janari-denda txiki batera sartu naiz, apaletik ardo botila hartu, eta dendariari, “Zenbat da?”, gatazkarako prest. Dendariak, “Bost eta hogeita hamar”. Europa barnealdeko doinua, euskara zuzena. “Irekiko dizut?”, sakakortxosa eskuan. “Bai, mesedez”. Eskerrak ematean, begietara begiratu diot.

    Astelehena, Irunen, amaginarrebaren etxean. Amaginarreba eta bere jatorria guztia, Errioxakoa. Amaginarreba eta anai-arreba guztiak, txikitan kalean euskaldundutakoak. Etxe horretan erdaraz egiteko ohitura egon da beti. Nire presentziak euskalduntzen du zeozer giroa. Nire presentziak eta hiru urteko ilobarenak. Koinatuak eta bere emazteak, Extremadurako jatorriko familiakoa bera, erdaraz egiten dute elkarrekin. Alabak, amonaren etxean, euskaraz jo eta ke. “Nahi duzu gaileta? Dauka miel-a” eta horrelakoak botatzen ditu. Eskolan, andereñoari euskaraz egiten dion bakarra omen da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude