1977ko maiatz odoltsua Errenterian (I)

1977ko maiatz odoltsua Errenterian –

1977ko Amnistiaren aldeko aste odoltsuan gertatutakoak gogoratzeko ekitaldi ugari egin izan dira Errenteria-Oreretan. Ondo dago gertatutakoak oroitzea eta horren inguruan hausnarketa egitea.

Nik jada, idatzi behar nuen ia guztia idatzia dut eta oroimenaren aldetik, urteak aurrera geroz eta lausoagoak ditudalako bizipenak, garai haietan idatzitakoak berrirakurtzen ditut noizean behin (Orereta, herri borrokalari baten historia Luis Elberdinekin batera; Borrokaren gorrian liburu autobiografikoaren atal oso bat; eta 1977ko Amnistiaren bi asteak gaitzat harturik argitaratutako zenbait iritzi artikulu egunkarietan eta aldizkarietan). Orri hauek idazteko ere bai.

Paper horiztatuek miatzen hauxe aurkitu dut eskuz idatzita: “Maiatzaren hamahiruan Errenterian, zauri eta herio/ guardia zibilaren fusiletatik odola dario!”. Hitz solte horiek hurrengo goizean (1977ko hamalauan) idatzi nituen segur aski poesia izate intentzioarekin. Ustea ustel.

1977ko maiatz odoltsua Errenterian

Nola eta zergatik gertatu zen maiatz odoltsua? Gogoratzen dut Amnistiaren Aldeko Batzordeetako Greba Orokorra prestatu behar zela eta herriko asanblada egiteko deia lau haizetara zabaldu zela. Maiatzaren 7an mila eta bostehun herritar inguru bildu ginen. Bigarrena 11n egin zen: sei mila herritar, errenteriarrak gehienak, baina baita ondoko herrietatik etorritakoak ere. Lezo, Pasaia eta Oiartzundik batez ere. Espero zen bezala, lantegietako iritzia eta herri asanbladarena bat eginik azaldu dira greba orokorraren alde.

Maiatzaren hamabia, osteguna. Oiartzualde osoan greba erabatekoa da, Lezoko Orbegozo izan ezik. Herri-asanblada inoiz baino handiagoa da. Zenbat gara? Zazpi mila? Begiz jotzen dugu kopurua. Eztabaida sutsua bezain sakona da. Amnistia nahi dugu, baina ez nolanahikoa. Preso politikoak kartzeletatik ateratzeaz gain, euskal gizartea osatzen duten gizon eta emakumeentzat askatasun osoa nahi dugu. Amnistia bere zentzu zabalean hartzen dugu: kartzelaratutako politikoen askatasuna, lan munduko errepresaliatuen lanera itzultzea, emakumeen aurkako legislazio errepresiboaren abolizioa, eta baita homosexualitateari buruzkoa ere. Eztabaidak eztabaida, borroka da garrantzitsuena.

Orbegozo lantegia, eskualdeko eskirol bakarra, geraraztera abiatu gara. Biteri kaleko Cobreros botika eta Aurrezki Kutxa Probintzialaren arteko bidegurutzean, guardia zibilen Land-Roverrak eraso gaitu. Aurretik eraman dute pankarta eta ikurrina. Hain ustekabean harrapatu gaituzte… txiripa da ezer gertatu ez izana. Oraindik ez dakit nola saihestu dugun erasoa! Ohi genuen bezala, aurreko lerroari eutsi izan bagenion hilak eta zaurituak izango genituen.

-Akatu ez gaituztenean! –esan du lagun batek ozenki.
-Uste dut norbait atxilotu dutela -oihukatu du beste batek.

Erasoaren eraginez sakabanaturikoak elkartu garen heinean, haserreak harriduraren tokia hartu du. “Kuartelillora! Kuartelillora!” oihuak gero eta ozenago, gero eta maizago entzuten dira. Eta kuartelillorantz abiatu gara. Ehunka gara. Denok bero-bero. Beroegi agian. Izan ere, ez baitugu ondo neurtu kuartelilloaren aurka joaterakoan zer gerta dakigukeen!

Gure zain daude eta ez digute hurbiltzen uzten. Pilotakadaka eta kezko pote kirasgarriekin hasi dira. Guk, berriz,  harrika erantzun diegu. Gerra hasi dela ematen du. Halako batean su errealaz eginiko tiro hotsak entzun ditugu eta balak gure ondoko hormak zulatzen dituzte. Berunezko balak harrien aurka, beso hutsak fusilen aurka, metraileten hotsa oihuen aurka.

Laster hasi dira balaz zaurituriko manifestariak odol putzuetan erortzen, eta kuartelilloaren inguruko etxebizitzetan balek hormetan egindako zuloak agertzen. Kuartelilloaren inguruetako gatazka amaitzen joan den heinean, jendeak nork bere etxera jo du. Indarraren erabilera hain izan da desberdina, ezen guardia zibilek azkenik herria bere egin duten.

Arratsalderako zeharo aldatu zaigu egoera. Erdialde osoa inguratu dute. Halabeharrez, goiko auzoetara jo dugu asanblea egin ahal izateko. Beraun auzora hain zuzen ere. Bostehun pertsona elkartu ahal izan gara eta egoera aztertu ondoren, auzoak, enpresak eta batzordea bateratuko dituen ezkutuko taldea osatzea erabaki dugu.

Erdialdera jaisterakoan, Rafael Gomez Jauregi, 78 urteko aitona guardia zibilen balaz erori dela eman digute aditzera. Une horretan hilerriko bakearen giroa nagusi genuen herri-erdialdean. Lau katu besterik ez zebiltzan kalean eta gu goiko aldean geunden bilduta.

Zer gertatu da beraz? Rafael eta beste bi jubilatu patxara ederrean zihoazen Zumardian barrena. Bat batean, ordea, tximistak jo izan balu bezala, zerraldo erori omen da Rafael, Batzokiaren parean. Lagunek, zeharo asaldaturik, alde batera eta bestera begiratu dute eta, tiroa, berrehun metro aurrerago, Panier Fleuriko zubian zegoen guardia zibilen taldetik atera dela antzematen dute.

Ezkutuko koordinadorakook Agustinetako komentuaren ezkaratzean bildu gara, hurrengo egunerako zereginak prestatzera. Maiatzaren hamahiruan, greba orokorrak aurrera dirau. Herri osoa guardia zibilek hartu dute. Hala ere, auzoz auzo, kalez kale, piketeak ibili dira informazioa zabaltzen. Kontsigna bat zen nagusi: “hamabietan, denok herri asanbleara!”

1977ko maiatz odoltsua Errenterian (II)

1977ko maiatz odoltsua Errenterian
1977ko maiatz odoltsua Errenterian  1977ko maiatz odoltsua Errenterian
1977ko maiatz odoltsua Errenterian

Oreretarra. Idazlea eta politikaria. Alternatiba alderdiko kidea.

Zer duzu buruan “1977ko maiatz odoltsua Errenterian (I)”-ri buruz

  • “Zergatik gertatu zen maiatz odoltsua?”
    Herri okupatua ginelako eta jarraitzen dugulako izaten, bere Estatuarekin baitua eta bere lurraldeak inperialismoaren kontrolpean.