1813ko abuztuaren 31, Donostia suntsitu zuten eguna (II)
1813ko abuztuaren 31, Donostia suntsitu zuten eguna (II) –
1813ko abuztuaren 31, Donostia suntsitu zuten eguna (I)
…
4.- Castañosen agindua agerian geratu zenekoa.
Egun berean, hau da, uztailaren 22an, tropa aliatuan soldadu zebiltzan portugaldarrak Astigarragako baserrietan lapurtzen aritu ziren. Hauek garbi zabaldu zuten Castaños jeneral espainiarrak Donostiari su emateko eta donostiarrei lepoa mozteko agindua emana zuela. Hori entzutean, donostiar askok, arrunt ikaraturik, etxeak eta ondasunak utzirik, ihesari ekin zioten, eta azkenean, frantsesek ateak itxi behar izan zituzten hiria hutsik gera ez zedin.
Hemen agertzen zaigu argi eta garbi zer den Castañosek eta Wellingtonek Iruñea aurreko bilera sekretu hartan hitzartu zutena. Graham ezezagunaren agindupeko armada ingeles-portugaldarrak hiria hartu behar zuen, etxeak zakuratu eta erre, eta donostiarrei lepoa moztu. Horrela eginez gero, Castaños eta tropa espainiarrak inolako erantzukizunik gabe azalduko ziren denon begien aurrean.
Donibane Pasaiara ihes egindako donostiarrek gutun bat igorri zioten Lesakan zen Wellingtoni, portugaldarrek aitortutako aginduaz galdetuz. Ingeles jeneralak aginterik gabeko soldadu portugaldarrei ez zitzaiela inolako jaramonik egin behar erantzun zien.
Uztailaren hogeita bostean, bigarren erasoaldi handia burutu zuten. Hornabekeko (kanpo aldean kokaturiko gotorgunea, harresi batez loturiko bi baluartez osatzen dena) beheko aldea lehertu zuten bertako defendatzaileen artean laborria sortaraziz. Huraxe izan zen erasoaldi handirako seinalea. Bi mila soldadu hondarrezko pausu estuan egindako babeslekutik irten eta harresira hurbildu ziren defendatzaileen metraila desafiatuz. Zurriolatik lehen bretxara sartzen ahalegindu ziren, baina alferrik, frantsesen artilleriak izugarrizko sarraskia sortu baitzuen ingelesen osteetan. Osora ehun bat hildako eta laurehun bat zauritu eduki zituzten. Frantsesen aldetik, berriz, hemezortzi hildako eta berrogeita bederatzi zauritu.
…
5.- Donostia sarraskitu eta suntsitu zutenekoa.
Abuztuaren hamabostean, frantsesek San Napoleonen eguna handikiro ospatu zuten. Urgull mendiko gazteluan Vive l´Empereur zioen suzko txartela ezarri zuten. Hogeita seian, Wellingtonek berrehun bat gizon bidali zituen uhartea hartzera. Berehalaxe menpean zuten. Bitartean, eta etengabe, hirurogeita hiru kanoik Donostia bonbardatu zuten. Hogeita hamarrerako, frantsesen artilleria ia osoa hondatuta edo zerbitzutik kanpo zeukaten.
Abuztuaren hogeita hamaikan, hirugarren eta azken erasoaldi handia burutu zuten. Eguna ilun samarra esnatu zen, goiz-goizetik hodei beltzak eta laino handiak izan baitziren nagusi. Hori dela eta, goizeko zortziak arte ezin izan zuten artilleria erabili. Ordu horretatik aurrera ingelesen artilleriak ez zuen atsedenik hartu. Hamabietan itsasbehera zen eta horretaz baliatuz bretxatik sartu nahi zuten. Hori gauzatzeko, hamaikak aldera, infanteriak eraso egiteari ekin zion, bretxara behin eta berriro hurbilduz. Haatik, frantsesek ez zieten zulotik sartzen utzi. Baina ingelesek erasoaldi hura galdutzat ematen zuten momentuan ustekabe handia gertatu zen. Bonba galdu bat frantsesek bretxaren atzean zeukaten bolborategian erori zen eta sekulako eztanda sortu. Hirurehun bat soldadu frantses txiki-txiki eginda gelditu ziren eta bretxa ingurua defentsarik gabe. Rey jeneralak etxez etxeko eta kalez kaleko defentsa agindu zuen hasieran, eta handik ordu betera, dena galdua ikustean, Urgull mendiko gaztelura erretiratzea.
Arestian aipatu bezala, frantsesek ordubetez eutsi zioten kalez kaleko eta etxez etxeko borrokari. Urgull mendiko gazteluan gotortzea zen beraien helburua. Kalez kalezko borroka horretan zazpiehun bat soldadu frantses hartu zituzten preso eta ohore militarrez tratatuak izan ziren. Donostiako alkaideek ingelesaren agintariekin hitz egin zuten populazio zibilari zor zitzaion errespetua eskatzeko, eta dirudienez hitz onak jaso omen zituzten. Baina, tamalez, Donostiako biztanleak eta haien ondasunak babestu beharrean, biztanleria bortxatzeari eta sarraskitzeari, lapurreria egiteari eta etxeak erretzeari ekin zioten inolako oztoporik gabe.
Emakume asko, ihesbidea bilatuz, estolda zuloetan ezkutatu edota teilatuetara igo baziren ere, gehien-gehienak soldadu ingeles eta portugaldarren hatzaparretan erori ziren. Donostiak infernua zirudien, lurrera etorritako infernu gori-goria. Hori guztia gertatzen ari zen bitartean, ekaitz izugarri handi batek hiria astintzen zuen, euri zaparrada, trumoiak, tximistak eta guzti. Soldadu sartu berriak etxeetan sartzen ziren den-dena lapurtzen, baita biztanleek jantzirik zeukaten arropa ere. Kaleetatik barrena, noraezean, Donostiako biztanleek, biluzik edota erdi biluzik, babesa bilatzen zuten bitartean, soldaduek umeak eta zaharrak hiltzen, emakumeak bortxatzen inolako adinik errespetatu gabe, jarraitzen zuten. Egun hartan soldadu aliatuek Donostian egin zituzten balentriak kontaezinak dira baita pertsona krudelenentzat ere.
Donostiak bazituen garai hartan zazpi mila bizilagun gutxi–gorabehera, eta setioaren orduan hiru mila eta bostehun edo lau milaren artean zeuden barruan. Sarraskiaren ondoren, Donostiako udalak egindako txostenetan irakur daitekeenez, mila eta berrehun biztanle erail zituzten gau odoltsu hartan eta seiehun etxe inguru kiskali. Bakar-bakarrik Trinitate Kalean zeuden hamasei etxeak salbatu ziren, bertan ofizialeen bizitokiak ezarri zituztelako. Udaletxea ere erre zuten, eta Santa Maria eta San Bizente elizak salbatu ziren bertan ospitaleak ezarrita zituztelako. Horretaz gain, esan beharra dago Donostian zeuden emakume guzti-guztiak bortxatuak izan zirela –haurrak eta adinekoak barne–, eta 1600 familia ekonomikoki lur jota gelditu zirela.
…
6.- Azken gertakizunak.
Soldadu aliatuek piztutako suak astebete iraun zuen, eta bitartean inork ez zuen ezer egin itzaltzeko. Sute handi hartatik, bakar-bakarrik salbatu ziren Trinitate kaleko etxeak (Gaur gertatutakoaren oroitzapenez Abuztuaren 31 kalea deitzen dena), ofizial britainiarrek bertan hartu baitzuten aterpe.
Irailaren 8an, Urgull mendiko Lamota gazteluan gotorturik segitzen zuten soldadu frantsesak errenditu egin ziren, eta britainiarrek gerra ohorerekin hartu zituzten preso. Egun berean, arratsaldeko 3etan, Zubietako Aizpurua baserrian bildutako donostiarrek, zurbil, zikin eta oinazetan zirela, negarrek eta lantuek etengabe mozten zuten isilaldi luze baten ondoren, hiria berreraikitzea erabaki zuten. (Honela kontatzen da, Aizpurua baserrian egindako bileraren aktan).
Dena den, hiria berreraikitzeko zailtasun handiak izan zituzten, hiria berriz berreraiki ez zedin aginduak baitzeuden. Horrela izaki, hasieran, berreraikitze lanak debekatu zituzten, eta momentu batetik aurrera baita hildakoen hiletak ere, jadanik burutuak zirenak solemnegiak izan omen zirelako. Inork ez zuen inoiz soldadu bakar bat ere zigortu. Inork ez zuen inolako ahaleginik egin lapurtutakoa berreskuratzeko. Inork ez zuen inoiz gertatutakoaz inolako argibiderik edota ardurarik eskatu. Inork ez zuen inolako indemnizaziorik bideratu, eta inork ez du gaurko egunera arte, Donostian egindakoaz barkamenik eskatu. Hortik atera kontua!
Egindako hilketen berri zehatzagoa nahi izanez gero, jo ezazue honako liburuetara:
- Luis Murugarren.- San Sebastián incendiada por británicos y portugueses. Doctor Camino Institutua, Donostia, 2003
- Javier Sada.- El asalto a la brecha. Crónica de la destrucción de San Sebastián en 1813. Txertoa argilaletxea, Donostia, 2010
Bestalde, aipatu beharra dago, modu nobelatuan bada ere, izugarri zehatza eta argigarria den Toti Martinez de Lezearen La brecha izeneko liburua.