100 zibilizazioren arteko IA borrokan euskaldunok garaile
20.000 zeldako mapa batean jokatu den inteligentzia artifizialeko (IA) 100 zibilizazioren arteko borroka baten istorioa da hau.
Baina borrokaren xehetasunetan sartu aurretik, utzidazue jokoaren aurkezpen txiki bat egiten. Freeciv, giza zibilizazioetan oinarritutako joko bat da, non inperioak eraikitzeko estrategia ezberdinak garatu behar diren. Jokoa prehistorian hasten bada ere, helburu nagusia zure tribua Harri arotik Espazio arora gidatzea da. Erronda bidezko estrategia jokoa da beraz. Online jolastu daiteke zure web nabigatzailetik zuzenean eta doan (Kode Irekia da gainera). Hona hemen jokoaren azalpen bideo txiki bat:
Bada, joko honetan oinarrituz, gerra simulazio bat egin da 100 zibilizazio ezberdinetako jokalari errobotekin. Estatistiketan jokalarien puntuak, populazioa, barne produktu gordina, unitate militarrak, kolonizatutako lurraldea, lur-eremua, teknologia zenbatekoa, hiriak, kolonoak, eraikitako unitateak, korrupzioa, urrea eta eraikitako eraikin liluragarriak kontutan hartu dira erronda bakoitzean. Guztira 534 erronda simulatu dira.
Gainera, jokoaren 10 errondatik behin, pantailaren argazkia atera eta gorde dute, gerora denbora lerro bat eraikitzeko. Hau da, datuen grafikoekin batera konkista eta zibilizazioen egoerak izan duten bilakaera mapan bertan ikusteko. Hemen behean adibidez, Euskal zibilizazioaren hastapen lurraldea dago. Bertan ikus daitezke zehazki, 400. erronda inguruan zer lurralde zuen okupatua zibilizazioak.
Sustatu.eus | Euskal zibilizazio birtuala © cc-by-sa: urtzai
Basauri, Errenteria, Leioa, Portugalete, Angelu, Baiona, Santurtzi, Biarritz, Gasteiz, Donibane Garazi, Irun, Zarautz… dira noski inperioko herri naturalak baina, 400. erronda horretan (inperioaren gailurrean), Tetzcoco edota Cuauhnanauac hirien jabe ziren euskaldunak. Iruñea berriz, etsaien eskuetan…
Baina zer ikas ote daiteke mapa erraldoi batean mundua konkistatzen duten IAeko 100 zibilizazioren borrokatik? Errobot hauek jokoaren une bakoitzean berain lurraldea lideratuz zein taktika eta estrategia erabili dituzten jakitea interesgarria da nonbait jokoaren garatzaileentzat. Simulazio hau aurrera eraman dutenen esanetan, Antso III Gartzes Nagusia eta M?ciwoj II (Kasubiarren) arteko borroka bereziki interesgarria izan omen da. Bi jokalari hauek denbora luzez izan dira nagusi jokoan zehar, baina Euskaldunek lortu dute puntuazio altuena (321 puntu). Emaitza honekin, hainbat ondorio atera ditzakete eta jokoaren hurrengo bertsiotarako hobekuntzak sartu.
Adibidez, 500 errondaren ondoren, oraindik bi nazio konkistatzaile nagusi hauetako inor ez da kapaza izan gainontzeko denak menperatzeko. Garatzaileek esan dutenez, agian inteligentzia artifizialak ez du horrelakorik gerta dadin uzten eta nazio bat baino gehiagoren nagusitasuna ahalbidetzen du. Erronda gehiago simulatu beharko lirateke horretarako, baina nork jakin, agian inoiz ez ginateke puntu horretara iritsiko. Matematiketan adituak direnek badakite horretaz zerbait….
Simulazioaren datuei helduz, hona hemen jokatu ziren 534 erronden zenbait datu:
Sustatu.eus | Zibilizazio simulazioaren puntuaketa grafikoa © cc-by-sa: urtzai
Sustatu.eus | Amaierako sailkapena © cc-by-sa: urtzai
Mapako irudi, datu eta estatistika guztiak hemen ikus ditzakezue: http://play.freeciv.org/blog/battle-of-100-freeciv-ais/
IA partida hau simulatzeko 48 ordu behar izan ziren eta 4,7GHz-tako CPUa %100an erabili zen. Jokoan saltseatu nahi duzuonontzat, Freeciv zerbitzaria (2.5.0+ bertsioa) eskuragarri dago. Garatzaileak dagoeneko beste simulazio batetan pentsatzen ari dira. Eta oraingoan 500 jokalarirekin egingo balitz? Zer gertatuko ote litzateke aliantzak simulatuz gero? Eta zibilizazioak errepublika, demokrazia (sic) edota monarkia izango balira??
Bestalde, zure abilezia proba dezakezu eta jokoko IAri erronka bota. Jokoa web nabigatzailetik hemendik jolas daiteke doainik.
Sustatu.eus | Euskal zibilizazio birtuala © cc-by-sa: urtzai
Ez al da arraroa eta berezia bestalde, euskaldunak konkistatzaile nagusi bezala irudikatzea? Esperimentu honek behintzat nire arreta bereganatu du! Eta harridura sortu dit estaturik gabeko nazioak ere zibilizazio moduan jokuan eskuragarri aurkitzeak. Jokoak honela deskribatzen du euskal nazioa:
Euskaldunak antzinako garaietatik bizi izan dira Pirineo mendebaldeko magalean. Nafarroako erresuma izan zen euskaldunen azken estatu independientea, non, Aragoiren eskuetan erori zen 16. mendean. Gaur egun Euskal Herria, Espainia eta Frantziaren arteko mugetan, zazpi probintzia historikotan zatituta dago. Beraien hizkuntzak, Euskarak, ez dauka seniderik eta bere jatorria ezezaguna da.
Ei, aurkikuntza polita izan ez dela behintzat ezidazue esan!! Mila esker Galder, joko honen berri emateagatik!
100 ordenagailuk batera Civilizationsen partida bat jolasten daude. Begira nor doan irabazten: http://t.co/DJ71S9OiNq#basquerules
— Galder Gonzalez (@theklaneh) April 30, 2015
Testu originala gamerauntsia.eus webgunetik CC-BY-SA lizentziapean hartuta dago.
Bideojoko honetan euskal zibilizazioaren liderren aukerak tumatxa dira!! Joko honek bai merezi duela euskaratzea!! 😀
Sustatu.eus | Freeciv jokoan euskaldunen liderrak © cc-by-sa: urtzai