Zisneen kantua hasi da

Matematikak Lehendakaritza ekarri zionean eskura Patxi Lopezi, askok galdetu genuen non arraiotik atera behar zuten jendea politikak eskatzen dituen hainbeste eta hainbeste langintza desberdinetarako. Nondik ekonomilariak, nondik kulturako jendeak, hizkuntza, errepide edo energiak kontrolatzeko modukoak. Eta agertu ziren, tantoka, baina agertu ziren. Harrien azpitik.

P. Lopezek egindako argazkia eta twitterren argitaratua: "Analizando los resultados en la Comision Ejecutiva". Hauteskunde biharamunean.

Geuri dagokigunean, arrunt hurbilekoak egin zaizkigu euretako asko eta asko: Euskara eta Kulturaren hariak gobernatzen, EITB kudeatzen, Etxepare Institutua erditzen, han eta hemen agintzen… Agendan eta facebooken geneuzkan lagunak bistatu ziren uste ez genuen bazterretatik eta txunditu benetan txunditu ginen (eta txunditzen gara oraino), jakitean PSE-PP batuketaren izenean  jarri behar zutela lanean, herrigintzaren, euskalgintzaren, ezkerraren… izenean.

Alor batzuetan olioa eta ura nahi zituztela nahasi iruditu zitzaigun, baina, sinetsi egin genuen euretako batzuen asmo on haietan eta ez zitzaigun esperantza zeharo sikatu. (Ez pentsa, ordea, erabat zozoak garenik, haragia ahula dela ere badakigu, kamarada, eta ezagutzen dugu txakurraren partia zein den)

Gaur da eguna, ordea, zisneak kantuan hasi direna.

Oraingoz Txetxu Barandiaran lagunak eduki du aitortzarako ausardia bere blogean. Los peores resultados jarri dio izena, gizon oso pragmatikoa baita Barandiaran, Jaurlaritzako Kultura saileko Aholkulari dena eta, seguru asko, liburu kontuez eta kulturaren banaketa sareez gurean gehientxoen dakienetakoa.

Gizon irekia ematen du, aurrerakoia, lanari beldurrik ez diona, dagokion alorra biziki maite duena… baina, alderdikoa izan gabe, sozialistek deituta jarri zen lanean eta orain, emaitzarik txarrenak ditu aitortzen.

“Nunca le había votado tan poca gente (PSOE-EEri buruz dihardu), y nunca se había producido un descenso tan brusco de unas elecciones a otras en ese ‘continuum’ de Generales, Autonómicas, Municipales. Lo ocurrido requiere una reflexión profunda y con cierta distancia.”

Aparatoa eta betikoan betikotutako politikariez ere badihardu, eta gauzak aldatu eta denbora probestu beharraz: “Sólo queda ver porque no hay tiempo para mucho si seguirán en su castillo o volverán a tender puentes.”

Baia ez da ari soilik martxoaren 22ko ustegabeko emaitzez, barruragoko min handi batez ari dela dirudi, gurean sekula ez bezala, berak bizi izandakoa aitortzen duenean:

El PSE había conseguido en los últimos comicios (duela bi urtekoez ari da) una cierta ‘movilización épica’, casi heroica, de sectores desencantados, no militantes del partido y animosos colaboradores del mismo que con el rum-rum del tiempo se han visto, nos hemos visto, dejados de lado o pidiéndonos que interpretáramos músicas distintas a las acordadas.”

Traizio eta galbide baten albiste ematen du azken esaldi horrek: “nos hemos visto dejados de lado o pidiéndonos que interpretáramos músicas distintas a las acordadas.” Deslilura latz baten traza dauka dioen guztiak, ez esan niri ezetz.

Barandiaran bezalako zenbat ez ditugu ezagutzen euren ordulaurdentxoa ukan dutenak, orain izu eta etsiturik behar dutenak egon? Nondik aterako dute  indarra egunero egin beharrekoari bi urtez ekiteko? Nondik lortuko dute autosugestioaren merkantzia garesti hori? Nondik liderrarekiko fede pitzadurarik gabea, aurrera segitzeko? Eta zailagoa dena, nondik oldarra gainerakooi euren aginduak bidezkoak direla sinestarazteko?

Hasi dira zisnearen kantuak, bai, eta etorriko dira berriak. Pena moduko bat sentitzen dut barrenean Barandiaran horrela ikusita, baina bestetik esanda zegoen argi eta ozen, ederki asko zekiten eta dakite, herri borondateari esker baino, matematikaren ahalbidetze ezinezkoak jarri zituela merezi ez zuten lekuan. Legezkoa bai, baina ez zela etikoa egiten ari zirena. Jakinaren gain-gainean zeuden hartutako aginteak ez zeukala kalitaterik batere.

Eurei orain etsipena baino ez dagokie. Eta damua, agian.

Gainerakooi, ikasgaia ateratzea, datorkiguna neurtu ahal izateko.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

4 pentsamendu “Zisneen kantua hasi da”-ri buruz

  • Ederra testua, zintzoa

  • Beste batzuei oilarraren kurrukuarena heldu zaie. Ea oilategian denek, oilarrak eta oiloek, portatzen dakiten.

  • Ondo eta dotore esana. Haatik, ez dut inoren damurik espero. Gutxiago izan bide da egindakoa zuzentzeko asmorik, izan ere, denborak dena baretzen du, nola beroaldiak hala haize erauntsia eta bisutsa. Makurtu eta pasako da… baita olatu honen erautsia ere, zoritxarrez.

  • Ikasgaia nola edo hala ikasita, kontua da bi udaberrigarrenean nola jokatu beharko dugun antzarok zisneekin, aintzirako urak geureganatzen ditugunean.