Zerrendak eta errelatoak
Miresten ditut iritziak xehetasun, aipu eta dataz atontzeko gaitasuna dutenak. Nire memoria alperregia da, ezgauza. Ipuin-liburuak dira horren erakusgarri; kontakizun bat irakurri orduko, apenas gogoratzen dudan aurrekoaren amaiera. Akaso horregatik dut zerrenda eta oharrez betetako koadernoak pilatzeko ohitura kontrola ezina. Ezjakinok interneten laguntza estimagarria dugun honetan ere, badaezpada bildutako dokumentuz mukuru dago nire ordenagailua.
Gogoratzeko idazten dugula —duela— nabarmentzen duenik ere bada, baina ez dut uste hala denik; zerrendak eta oharrak horretarako dira, baina ez literatura eta enparauak. Aukeran, gure buruari zerbait sinestarazi nahian izkiriatzen dugula esango nuke nik —aurrekoa bezain baieztapen absurdua izanagatik—. Ahoz-aho dabilen errelato multzo horretan dagokigun zatia doitu eta betikotzea dugu xede.
Baina, memoria gabeko baten ikuspegitik, zaila da orainetik abiatuta iraganaren narrazioa egitearena ulertzea. Antzu begitantzen zait inor ere aseko ez duen errelato multzo hori. Hori dela eta, pozik nengoke —itxaropentsuago bederen— egungo gertakarien inguruko informazioa zintzoki zabaltzen duten hedabide publikoak bagenitu. Baina tamalez, Aske Guneei eman zaien tratua aztertzea nahikoa da konturatzeko: hori ere ez.
Arestian zerrendak aipatu ditut, eta Donostia eta Ondarruk hasitakoak jarraipen luzea izango duelakoan nago. Gero eta urrutirago eta zabalago hedatuko den zerrenda izango da. Nik bitartean, lerro hauek gordeko ditut, beste alde batera begiratzen duen memoriadun baten errelatoa noizbait nire egin behar ez izateko.