Balkoietako zabor poltsen barruan dagoena…

diario vasco zaborra

Argazki hau ez duzu ikusiko Diario Vascon. Gorka Zabaleta kazetari zumaiarrak hartu du gaur arratsaldean, herrian txipa duten edukiontzia jartzeko akordioa publiko egin ostean. “Irudi batek mila hitz ordezka ditzakeela esaten denean, honetaz ari dira, ezta?”, idatzi du argazkiarekin batera Twitterren.

Hondakinen bilketarako sistema egokiena aukeratzeko eztabaida teknikoa behar lukeena nahas-mahas politiko bihurtu da. Gipuzkoako Foru Aldundiari “inposaketa” leporaketak egin dizkiete gainontzeko alderdiek, eta “herriaren hitza” ez errespetatzea egotzi. Ez da makala atez-ateko bilketaren aurka agertu den herri mailako oposizioa. Horren erakusle Gipuzkoako hainbat herritako balkoietatik eskegita dauden zabor poltsak.

Giroaren beroa ikusita, Bilduk bere jarrera malgutu du, arreta atez-atekoan jarri ordez %60ko birziklapen tasan jarriz. Aldaketa horrek ere kritikak jaso ditu, Iñaki Petxarromanen “Ontzia, nora ezean” artikuluan kasu. Erantzuna ere izan du Petxarromanenak Joxean Agirre EH Bilduren ordezkariaren aldetik: “Lemari handiak”.

Bitartean, “zaborraren gatazkak” Gipuzkoako eta Euskal Herriko hedabideetan minutuak eta orriak betetzen segitzen du. Oposizio mediatikoak berean darrai. Gipuzkoako egunkari salduena gaia jorratzeko izaten ari den moduak kritika ugari jaso ditu. Ez dira gutxi uste dutenak Diario Vasco eskaintzen ari den trataera informatiboa dela gai arrunt dena gizarte iskanbila bihurtu izanaren errua, arrazoi politiko eta ekonomikoak medio.

Gorka Zabaletak jaso duen irudiak ideia hori bera primeran sinbolizatzen du: protestarako erabiltzen ari diren balkoietako zakar poltsen barruan Diario Vasco dago. Edo beste modu batera esanda: atez-atekoari buruzko iritzi publikoa Diario Vascoren iritzi publikatuak moldatu du.

 

 

argazkia, balkoiak, Diario Vasco, Gipuzkoa, hondakinak, zaborra, Zumaia
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

5 pentsamendu “Balkoietako zabor poltsen barruan dagoena…”-ri buruz

  • Noski, edukiontzi urdinean, paperari dagokion bezala…

  • El Diario Vasco “espainola” gaztelaniaz idatzita dagoen Gara baino koherenteagoa da askotan.

    • Arrazoi guztia daukazu. Gara gai honetan beste aldera begira dabil. Oso larria da, guzti honek daukan dimentsio politikoa kontuan hartzen badugu. Bilduren hautesleek DVk jaulkitako gezurrak irentsi behar izan dituzte zuzenean irakurrita, zein inguru sozialetik, baina ez dute atez atekoa defendatzeko argudiorik ezagutu.
      Sasi-iraultzaileak, interes ekonomikoari mesede egiten, orden politiko-ekonomikoaren mesedetan ixiltzen.

  • Dudik ez. Hemen koherentzia merke saltzen da. Bi auzoak lasai asko egon daitezke.Euskaldunok jaurtitako hezurrei amorruz heltzen diegun bitartean, eurak gaztelania hezurretaraino sartzen diete aberchale borrokalari eta alaiei, badakite denbora kontua besterik ez dela, Iparraldeko egoerak ondo erakusten duen moduan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude