Zakila nagusi

Zakila nagusi –

Urteak daramazkigu indarkeria sexista gora eta behera, eta hain esaldi eta hausnarketa borobil bezain ikaragarriak entzunda, badirudi laster arazoa desagerraraziko dugula. Zoko guztietatik agertzen dira arazo honi aurre egiteko gai diren  “plangintzak”, batez ere, herriko jaietan.

Ni ez nago ados, ez arazoa aztertzeko garaian ezta aurre egiteko aukeratutako zigor metodologiarekin. Ezta ere, ez nago ados –norbaitzuk dioten bezala- kanpotik etorritako zerbait dela esaten danean, eta gainera, beste hainbat arazoei aurre egitekoan bezala, zigorra ez da erabaki egokia.

Arazoa latza da egia, indarkeria ez baita mamitzen tartean heriotza duenean bakarrik, baina ez da ez kanpotik etorritako zerbait ezta erabat berriki sortutakoa, arazoak sustrai oso luzeak ditu eta gure arbasoen erlijio eta ohiturak zer ikusi handia dute.

Ezin daiteke esan arazoa gure arbasoen baitan bakarrik dagoenik, baina kanpotik etorritako zerbait dela esateak ez digu ezertan lagunduko, eta gainera gezur hutsa da, nahiz hainbat atzerritar gure inguruetara hurbildutakoak erasogile trebeak izan. Jakinik eta onartuz,   gertatzen ari danarekin  oso bero gaudela, Euskal lurralde osoko arazo larria baita.

Behar bada oso urrun joko dut, baina, -nire ustez- gaurko arazoaren aztarnak, 17.mendean “ere” aurki daitezke. Garai haietan, hainbat eta hainbat gertakizun latz jasan behar izan zituzten emakume euskaldunak gure lurraldean.

Hasi egin naiz eta ahal dudan haina sakontzeko asmoak ditut. Banoa.

Gure arbasoen Euskal Herrian natura zen biziraupenerako ardatza. Hala talde eta jendarte bizitzan, nola banakotasunean, inguruarekiko menpekotasuna erabatekoa zen. Eguzkiak, urak, suak, ilargiak, kazkabarrak… garrantzi handia zuten bizitza modu hartan.

Hainbestekoa izanik, ezinbestekoa zen indar haien kontrola bilatzea, abantailez profitatzeko eta kalteak saihesteko. Aldekotasunak errito eta mitoen bitartez eragozgarri honek, eraman zuen denborarekin erlijioa osatzera. Lurra, ilargia, zerua, eguzkia….

Gure arbasoen erlijioak beraz, naturan du bere  sorburua eta sinesmen hartan oinarritutako jardunak sustrai sakonak utzi ditu Euskal Herrian, Neolitikotik Erdi Aroa arte.

Esan daiteke XVI mendean kristautasuna Euskal Herri osoan hedatuta zegoela eta honek aldaketa sakona ekarri zigula. Besteak beste, lurraren jabegoa ulertzeko kristautasunetik zetorren eredu pribatuak, ekarri zituen lehen desberdintasunak,   klaseen arteko borrokak.

Eliza kristauak, laster eutsi zion ordura arte lurralde hauetan ohi zen erlijioko usadio eta mitoak deuseztatzeari. Ohituren jarraitzaileak deabruarekin loturak izateaz akusatu zituzten; haurren odol xurgatzeaz, uzta txarrak bultzatzeaz… Erroma inperialeko zerbitzariek lehenago kristauekin egin zuten gauza berbera errepikatu zuten hauek, beste erlijio bat jarraitzen zutenekin.

Zakila nagusi

Poliki-poliki kontzeptu berri hauek jendartean lekua eginez joan ziren eta kristautasuna kasu batzuetan sinesmen zaharretara egokitu egin zen (udako eta neguko solstizioa) beste batzuk arbuiatu egin zituzten sineskeria hutsa bailiran, eta kristau sinesmena kontraesan zuzenean jartzen zuten beste haiek, suntsitu egin zituzten, debeku eta tabuen bitartez (ilargiaren gurtza, inauteriak, eta abar…).

Testuinguru honetan kokatu behar ditugu sorginak, heresia eta Elizak bultzatutako errepresioa. Gerora, Espainiako eta Frantziako estatuek bere egiten dutena, mugaren alde honetan katolizismoa erlijio bakar gisa inposatuta. Adibide argia daukagu Nafarroako Gorteek 1533an adierazten dutenean: “Gotzainen absentismoaren erruz, diozesiak ahultzen  ari direla eta horren ondorioz, sorgin zaletasuna ugaltzen ari dela”.

Garai honetan igaro zen emakumea errepresioaren jomuga lehentasunezkoa bilakatzera, eta ez kasualitatez. Emakumea  eremu magikoarekin lotzen da, gaizkileekin. Kristautasunarentzat, emakumea bekatu-iturria da eta bere errito zein ospatze ardura  guztietatik aldendu egiten du. Zeremonia eta jendarte kristauan gizonezkoa da bide guztien jabe.

Garai hartan, emakumea ez zen deus, sorginkerian jarduteko, mundura gizakumeak ekartzeko eta gutxi gehiagorako balioa ematen zitzaion….

Hala ere esan behar da errito guztiak ez zirela kristautasunaren aurkakoak. Berez, apaiz kristauak ere egon ziren inkisizio kasuetan nahastuta. Baserri giroan, asko, meza ondoren ere biltzen ziren leize-zuloetan eta bidegurutzeetan (euren ohiko leku sakratuetan) denen partaidetzarekin jaiak ospatzeko. Kristauen ereduan, ordez, zeremoniaren protagonista bakarra apaiza zen, eta bildutakoei bizkarra emanez jarduten zuen.

Hura zen garai hartako “klase gidaria” eta Elizaren bitartez osatu zuen poliki-poliki, euren interesen defentsarako egitura. Emaitza: gaur egun irauten duen “kristau morala”.

Portaera mota guztiak arautu zituzten. Ohitura zaharren eta kristau sinesmena, aurrez aurre jarri eta haiek moral gabeak jo zituzten.

Horrela, sinesmen zaharrak moral gabeak izatera igaro ziren, naturaz goragoko lotutakoak, sorgin eta heretikoen gauzak.

Oro har “sorgin” izendatuari bi ikuspuntutik hurbil gaitezke: Sorgina, errealitatetik kanpoko zera; eta sorgina, zer erreala, egiazkoa, gorpuzduna, sozialki horrela onartua.

Lehena mito zaharra da, ikusezina, irreal, kalte eta gaitzen sinboloa. Gorputzik gabeko espiritua izaki, uxatzeko errito andana erabili ohi izan da.

Elizak berak, (azpimarratu beharra dago), sorgin eredu hau erabili izan du kristauak deabruarekin parekatzeko.

Beste “sorgin” eredura joaz, gorpuzdunera alegia, esan behar da emakume honek jasan zituela errepresioaren ondorio zuzenak. Torturatu eta sutan erre zituzten, askotan ingurukoen bekaizkeria eta mendekuen ondorioz.

Emakume-sorgin hauen artean, beste bi talde egin ditzakegu: Batean gazteak eta ederrak daude,  “bekatuaren sinboloak”, duela gutxi esan bezala. Edertasuna argudio indartsua bilatzen zen deabruarekin lotzeko. Bestean emakume adinduak daude, askotan atsoak eta alargunak. Hauek ez ziren arriskutsuak agintean zeudenentzat, baina ospea zuten herritarren artean, zeren eta jendeak eurengana jotzen zuen, gaitzetatik osatzeko, belarrak eta ziropak erabiliaz.

Kasu asko aipa daiteke, eta horretarako ez dugu urrutira joan beharrik. Esate baterako, Etxalarko Maria Endara gazte eta ederra. Erretorearen etxean gauero egon behar izan zuen hilabeteetan, honek behartuta. Bekatuaren tentazioari otoitzaren bitartez aurre egin ziezaion…. haurdun geratu arte.

Azkenean, erretorearen serorak sorgin gisa salatu izanak, balio izan zuen kristauen artzainak nahi zuena lortzeko.

Zenbat holako? Auskalo.

Hasieran esandakoaren bidetik, ez dut ikusten instituzioetatik bultzatzen diren kanpainak arazoaren amaiera ekarriko dutenik. Egia da biktimei eskaintzen zaizkion laguntzak egokiak direla, baina beste ezer gutxi. Azkenean -eta zori txarrez– botoen ehizan ibiltzeko tresna egokia bihurtzen dute.

Arazoa ez da horrela konponduko, heziketa egokien bidez baizik. Duela hainbat hamarkada, haurrak ziren adinean, mutikoak neskaren gelara sartuta zigortzen zituzten ikastetxeak, ez ditu inork azaleratzen, baina ez daude hain urrun.

Hor dago arazoa gaindituko duen tresna bakarra; heziketa egokia, haurrekin hasita.

Eta ez pentsa mendeetan “normal xamar bezala” ikusi izan dena, denbora gutxian moldatuko dugunik, ez baita horrela izango.

Ez da gaurko esaldia baina, nire ustez, bai balioduna: halako hazia, holako lorea.

Zakila nagusi Zakila nagusi  Zakila nagusi
Zakila nagusi

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.

3 pentsamendu “Zakila nagusi”-ri buruz

  • Artikuluan zenbait zertzelada interesgarri emanagatik beste gauza asko nahasi eta egia erdi gehiegi bota dituzulakoan nago, izenburu probokatzaile eta lekuz kanpokoaz gain.

    Zentraltasuna eman diozun sorginen gaiari dagokionez, utzidazu esaten gure lurrera lehenik iritsi zen kristautasunak erreformaren garaira arte (sorginen aurkako errepresiora arte alegia) oro ar emakumeekiko jarrera irekia erakutsi zuela, emakume apaiz eta abadeen existentzia lekuko. Emakumea izan da gurean espiritualitateari loturiko gaietan etxearen ordezkari, bai elizan eta bai antzinako errituetan ere. Era berean Erdi Aroan sinesmen ezberdinak elkarbizitu ziren leku askotan, unean-uneko botere harremanen arabera bat edo beste zelarik nagusi. Hori dela eta europar kristautasunak kontaezinezko elementu paganoak ditu barnean, erreformarekin (honen azalpenak artikulu oso baterako emango luke) eragin horiek errotik moztu nahi izan zituzten arte, makina bat interes politiko tarteko.

    Asko eman dezakeen gaia da baina oraingoz kritika hementxe amaituko dut. Izan ongi

  • Gaia eta arazoa ez dela ondo bideratzen ari agerikoa da. Ia egunero dugu erasoren baten berri. Baina badago arazoa konpontzeko borondaterik edo hain justu egunero gai hau gosaltzeko, bazkaltzeko eta afaltzeko eskaintzea da batzuen helburua?

  • http://www.ikerbasque.net/es/convocatorias/research-professors-0

    “Las candidaturas de mujeres son especialmente bienvenidas.”