Uste zoro baten intuizioa
Ez naiz ausartzen esatera teoria bat izan daitekeenik, baina —snob guztiek dioten moduan—, intuizio bat badaukat behintzat. Nire ustez, hitz edo izen baten hotsak eta formak, izugarri markatzen du memoria. Uste dut, izena oroitzen ez badugu, gertaera edo pertsona ahaztu egiten ditugula. Esperimentu txiki bat hasi nahi nuke hemen, horren guztiaren frogatzeko. Eta zeu behar zaitut horretarako.
Hemen azpiko iruzkinetan behar dut zuk esatea, halaxe, borteprontoan eta ezarritako beste inolako aurretiko ierarkiarik gabe, zein katastrofe natural eta bestelako dituzun gogoan. Hiru, lau edo bost aski izango dira.
Jakinekoa da, katastrofe izateko, handia behar duela izan gertaerak. Ez nabil zeure etxeko sukaldean edo bikotean izan diren katastrofe txiki bezain ezinbesteko horiez, baizik eta albistegietan agertu izan diren beste guztiez. Konparazio batera, Biblian agertzen diren horietakoak, edota Ertaroko eta Errenazimenduko pinturetan hainbestetan agertu zaizkigunen antzekoak: Erroma sutan, Lisboako lurrikara…
Alabaina, behar da zeu jaioz geroztik gertatu eta entzun dituzun katastrofeen izendatzea. Ez du balio zeu jaio baino lehen gertatutako guztiak. Berdin da zein izan den garrantzi handiagokoa. Kontua da zein daukazun gogoan txertatuta, zein oroitzen duzun, hondamendiaren benetako garrantzia kontutan izan gabe.
Horixe bakarrik behar dut, hemengo iruzkinetan zerrendatxo bat bota dezazula, gogoan dituzun eta burura lehenbizi datozkizun hiru, lau edo bost katastrofe handienen izenarekin.
Eskerrik asko.
Uf! Beno, lauzpabost botko ditut eta ez garrantziaren arabera, buruan bilatu ahala azaltzen doazen hurrenkeran botata:
-Japoniako lurrikara
-Japoniako Zentral Nuklearraren matxura
-Haitiko lurrikara
-Bangladeshko uholdeak
-Iranen izandako lurrikara, Baas edo antzeko izena zuen herri batean izandakoa(hau derrepente azaldu da txoko batean, gogoan dut argazkia, desertuaren erdian, hiri bat izandako lekuan hondar eta harri multzokada bat azaltzen ziren…).