Zergatik ez diote Libiakoari gerra deitzen?

 Gaddafiren aeronabeak edo horiek babesteko eta hegan jartzeko gailuak soilik eraso ditzakete NATOren baimenez aliatuek, hau da, Frantzia, AEB eta Erresuma Batuek. Operazio militarraren kontrako jarrera izan dutenez Alemaniak eta Turkiak zorrotz neurtuko dira Libian aliatuek egiten dituzten urratsak. Operazio militarra deitzen diote, estatu-buruek, berri agentziek, nola egunkariek. Ez ei dago modan “gerra” berba. Baina halaxe dio hiztegiak: “Herri, giza talde edo estatu bi edo gehiagoren arteko arma bidezko borroka”.

  Libiako oposizioak eskatu eta Frantziak lideratu duen aliatuen esku hartze militarraren lehen 24 orduetan aliatuek lortu dute aire eremu kontrolatzea, baina  dagoeneko, gainditu dute muga. Bab Aziza konplexuari eraso egin diote aliatuek, Tripolin. Ekintza sinbolikoa da guztiz. 1986an Reaganek bonbardatu zuen jauregi hori, eta Muamar Gaddafiren lau hamarkadako agintaldian leku erreferentziala izan da. Liga arabiarrak dagoeneko adierazi du aliatuek gainditu dutela euren eskumena.

Liga arabiarrak aliatuen esku hartze militarraz Nazio Batuen Erakundeak idatzi zuen erresoluzioa onartu zuen, baina orain kexu da, eta babesa kentzeko arriskua dago. “Aliatuen zeregina zibilak babestea da, eta ez zibil gehiago erasotzea”, esan zuen Amro Musa Liga Arabiarreko buruak. Qatarrak, ordea, oraindik aliatuen aldean jarraitzen du bederen.

Aire eremua kontrolatzetik askoz harago, Liam Foxek Erresuma Batuko atzerri ministroak iradoki du Gaddafi bera aliatuen jomuga izan daitekeela, baina AEBetako defentsa ministroak berehala ukatu du Gaddafi hilko dutenik. Ikusteko dago. Aliatuek eurek ezarritako mugak gainditu dituzten bezala, Muamar Gaddafik ere sua eten zuela iragarri arren, ekintza armatuekin jarraitzen du, batez ere Benghasi aldean. Eta iraultzaileek jakinarazi dutenez, Mistrata ere hartu du Gaddafik, obusen laguntzarekin. Bart gauean ere beste su-eten bat iragarri du, eta ikusteko dago beteko duen.

Iraultzaileen aldean 8.000 baja zenbatu dituzte, Al Jazeerak eman duen datuaren arabera. 

Libiako herritar bat aliatuen esku hartze militarraren berria ospatzen

Irudia | Libiako herritar bat aliatuen esku hartze militarraren berria ospatzen | ezezaguna | LGPL