Pedro Ugarte hizkuntzaren pisuaz

Pedro Ugarte idazlea

Zuzeu.com albistari digitalak, PAPEREKO ZUZEU aldizkaria argitaratu zuen joan zen Abenduan . Ale hartan bazen artikulu bat oharkabean iragan dena edo, bederen inori ez diodana entzun aipatzen. Nire ustez gauza berri asko esaten ditu bertan Pedro Ugarte erdal idazle euskaldunak,  arras interesgarri egin zitzaidan niri, behintzat. Horregatik iruditzen zait, egokia dela hona ekarri eta ostera ere irakurtzea. Euskal-erdal idazleen arteko kontuez ari da. Besteak beste.

HIZKUNTZAREN PISUA

Idazleek tresna abstraktua erabiltzen dute euren lanean: hizkuntza. Literatura, egia esanda, benetan abstraktua den artegintza bakarra da. Gainerako diziplina artistikoek errelitateak erabiltzen dituzte: hotsak, figurak, mugimenduak, baita zaporeak ere, baina literatura da bakarra edertasuna lortzen (edo arteek helburu duten dena-delako hori) eragiketa mentalaren bidetik. Liburu bat izan daiteke polita, baina horrelako gauza bat esaten dugunean, plastikaren gertaera bati buruz ari gara. Liburu baten benetako erakarmena, paperaren gainean dantzatzen diren orban beltzetan dago, elkarren ondoan estu-estu jarritako zeinu txiki lehor eta zurrunez osatutako errenkada amaiezinetan.

Penagarria da berez hain abstraktua den hizkuntza, iritzi historikoz, asmo politikoz, eta erresumin pertsonal edo kolektiboz tindaturik ikustea. Alabaina, hori guztia agian ez da izango edukia eta edukitzailearen arteko nahasmendu negargarri bat baizik.

Kutsadura mota hori ez da ia sekula ematen gainerako arteetan. Euren mesederako, margolariak, eskultoreak, musikariak… politika eta historiaren miseriek sekula ukitzen ez duten linbo espiritual moduko batean bizi daitezke, ahalegin handiegirik gabe, gainera.

Idazlearentzat ezinezkoa da hori. Hizkuntza, berea duen hizkuntza, ikurren eramalea da, eta hori oso desatsegina izan ohi da.

Euskadin onargarri dena baino sinbolo gehiago dituzte hizkuntzek. Egia esanda, astunegiak dira hizkuntzak Euskadin. Bizkarrean daramatzatenek ederki sentitzen dute pisua. Izan zen garai bat non euskarak metal astunen pisua ukan zuen, baina aspalditik hona arintzen ari da, eta gaztelania da pisu gehiago hartzen ari dena.

Ez dakit zergatik den hori horrela. Lehen militantzia leporatzen zitzaion euskal idazleari (militantzia kulturala, kasurik onenean). Orain erdal idazleari ari zaio gainera etortzen hori, nolabait.

Lehen euskal idazlea izaten zen aukera bat egiten zuena, baina esango nuke, garai batetik hona, erdal idazlea dela bere burua hori egin beharrean aurkitzen duena. Badakigu kaleko eguneroko hizketan ez dela horrelakorik gertatzen, baina mundu literarioan statu quoa alderantzizkatu egin da.

Negarraldi batzuetarako arrazoi izan daiteke diagnostiko hau. Inguruan hasita nago halakoak sumatzen. Sekretupean, inork entzuten ez digunean, erdaraz idazten dugun idazleok geure dardoak botatzen ditugu tradizionalki bazterrean utzi gaituzten erakundeen aurka, bere egonkortasunak inbidia ematen digun euskarazko argital-egituraren kontra, edota euskal idazle askok publikoa eta kritika liluratzeko duten gaitasuna finigaitzaren aurka.

Ni ez naiz negarraldi horietan usu partaide izaten, eta ez faltsuak direlako (ez baitira guztiz faltsuak), baizik eta nolabaiteko jakinmina sentitzen dudalako ikusteko zer gertatuko den baldin eta gure hizkuntzak duela hamarkada batzuk ezagutzen ez zituen zailtasunak aurkitzen baditu bere bidean.

Eta irrikitan nagoela diot, erretorika guztietatik harago, idazleak beharrezkoa baitu barrunbe ilunetan ibiltzea, putzu klandestinoetan, eszenatokietatik urrun diren lekuetan. Horrela ibiltzea ez da esker oso onekoa izaten, baina idazlearen sena asko fintzen  du. Gurea dagoeneko ez da inperioaren hizkuntza. Areago, izaera probintzialaren ajeak erakusten hasita dago. Agian gure begiak eta luma zorroztuko dira horrela. Eta behar bada hobeto idaztera eraman ere bai.

(Pedro Ugarte)

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Pedro Ugarte hizkuntzaren pisuaz”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude