Urgentziazkoaren diktadura

Urgentziazkoaren diktadura –

Alienazioak molde asko hartu ditu iraganean, horietariko gehienak gizakiaren azpiratze fisiko-material latzetan islatzen ziren. Egin beharreko lanak, edota gizarte botere krudel eta bidegabeak, eragindako oinperatzeak gizakiari bere gorputz egoera fisiko eta bizimolde materialaren baldintza ezin onartuzkoak ezartzen zizkioten. Itxura batean gure gizarte mendebaldarrean izugarri egin dugu hobera hein horretan, konstituzio, legediak, eta, oro har hitz eginda, giza eskubideetan, era ezin geldituzkoan egin diren aurrerapen guztiak tarteko.

Badago baina, giza dimentsio ez material bat, horren inmanente eta bista-bistakoa agian ez dena, baina gure bizi-kalitatea, geure-geurea den lasaitasun eta bake hori, izugarri baldintzatzen duena, are material huts den horrek bainoago ere, eta atergabe eta gero eta azkarrago oker eta okerrera egiten ari dena. Gure osasun psikikoaz ari naiz. Horren froga edo erakusgarri bista-bistakoa dugu: buru-osasunarekin loturiko gora eta gora egiten duen baja-kopurua, antsiolitikoen kontsumo izugarria, euren buruaz beste egindakoen zenbatekoa, alkohola eta bestelako lasaigarri ez-legalen kontsumoa…Hau guztiau horrela, oro har, gai honetaz bere sakonean eta larrian behar beste ez da hitz egiten. Arazoari bere larrian heltzeko orduan, maila politikoan, agian eskuinetik hain espero izatekoa ez bada ere, ezkerretik ere lepo beretik ikusten ditugu gure politikariak, materialismoak itsututa. Dena den, ez gaitezen engaina, gure egungo gizartean zinez ukigarria ez den hori ez da behar bezainbat aintzat hartzen. Tamala da, baina halaxe da. Politika egiteko moldeei dagokienez, material den hori zer-nola banatuko beharko litzatekeen gizarte mailan da eskuinetik edo ezkerretik egindako politikak bereizten dituena, baina betiro gizartea ikuspegi material hutsetik begiztatzen da dena. Sindikalgintza nahi adina egingo dio kritika neoliberalismoari, baina ez bere izaera materialista hutsagatik, baizik-eta materialismo horren kudeaketa-moldearen kritikagatik. Sindikatuek hein horretan egiten dituzten aldarrikapenak, egia esatera, itxura egite alderakoak baino ez ditugu, eta betiere indargabe eta nahiko ahopean egindako batzuk kenduta, ezikusia egiten diote arazo honi bere larrian.

Bien bitartean, gure herritarrek, gure langileek, gure familiek, euren bizi-kalitateak, euren bake psikoak nola egiten duen okerrera egunetik egunera ikusten dute. Izan ere, aipatutako materialismoaren diktadura gupidagabeak, krudela zeharo, lanaren bidez zein gizarte-mailako bizimoldeen eskakizunen bidez, gure psikearen, geure barne lurralde intimo horren, gero eta jaun eta jabeago dira. Ez dut gutxietsiko goian aipaturiko alienazio materiala, baina barne alienazio moderno hau askoz larriagoa ere da, nire ikusian. Gure barne bizia menderatua egonez gero, horrelakorik lortzen badute, akabo askatasun guztia, akabo askatasun horretarako aurrebaldintza ezinbesteko den gutxieneko hori.

Esanda moduan, bizi gaituen kultur eta gizarte giroak bere materialismo diktadurapean gaitu gatibu, izan “hau edo beste izateko” eskakizun gogorren bidez, izan “honela edo hala ezinbestez bizitzeko” agindu ezin saihestuzkoen bidez, izan “hau eta beste hau erosi eta nahitaez edukitzeko” beharraren bidez, izan “bai lanean, bai lanetik kanpo ere, egitekotik egitekora ibili behar derrigorrezko eta geldiezinezkoaren” dinamika itogarriaren mendean hartuta…

“Urgentziazkoaren diktadura” dugu aipatuturiko diktadura handiago horren bitartekari edo ordezkaria geure egunerokoan. Urgentearen presiopean bizi gara. Tamala ez da urgentzia bera, ez da urgentzia bere orokorrean kritikatu beharrekoa, baizik-eta urgente izaten den horren izaera, zer-nolakoa, eta nondik datorren. Urgentea den hori, eskuarki, gehienetan, geure baitan egonda ere, ez da berenez geure baitatik sortu; guztiz kanpokoa da, hazi arrotzekoa dugu berau hasiera batean, gerora oso geurekotua geratzen bada ere. Aipatutako urgentea den horrek ez digu “bizitzan garrantzitsua” ikusten uzten. Praxi eta teoriaren artekoa nahastu egin digute ondo asko aurrez eta tranpa batera lerrarazi gaituzte; “kalterako praxi” batean murgilarazi gaituzte, baldin-eta urgente den hori batere inportantea ez bada, edo, ez behintzat, ustez bezain inportantea. Ustez urgente genuen hori, horrelakoa ez balitz, nola edo hala, molde batez bederen, gerorakotu genezake, edota, eginez gero ere, bestelako jarreratik eta bestelako kezkatik eta bestelako larriminez. Teoria oker batetik bizi dugu gure egunerokoa eta geure bizitza oro har; “bizitzan garrantzitsua” urgentziazko horretatik erauzten dugu errotik. Garrantzitsu izan beharko genukeen horixe urgentziazkoaren eremutik guztiz ere guztiz kanpo uzten dugun heinean, berau, garrantzitsua alegia, inondik inora ukitzen ez gaituen “abstrakzio huts” dugu bilakatzen, deusetan eragiten eta eragingo ez diguna, eta, azken batez, arrotz zaigun urgentzia horri geure bizitzan edozertarako bide askea ematen diona.

Gure gizarteak pairatzen duen gaixoaldi kultural-politiko honi ez zaio buru eman ahal izango egunetik biharrera. Plaza publikoan, politikoa den eremuan, badago asko egiteko. Hasteko eta bat, eta aurren-aurrena, diskurtso-ikuspegi guztiz materialista horretatik zer edo zer alde egitea ez legoke gaziki. Dena dela, eta geurea, norberarena salbatze aldera, azken gomendio-hitz batzuk, neure ikusian, lagungarriak-edo izan dakizkigukeelakoan:

Urgentziazko (denborarekin loturikoa) eta garrantzizkoaren (hartu beharreko pisuarekin loturikoa) artekoa ondo kudeatzen jakitea zuhurtziarekin dago hertsiki lotuta. Bien artekoa armoniaz jakinduriarekin ere dago loturik, “bizitze onaren” aurrebaldintza den horrekin, hain justu.

Urgentziazkoaren diktadura

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude