Uda bat betiko
Uda bat betiko –
Ez genuke negurik. Uda betiko balitz, ez genuke negurik. Zuei ez dakit, baina niri ez zait plan txarregia iruditzen. Lan handiegirik hartu gabe imajina dezaket nire burua eguzkitako betaurrekoak eta bainujantzia jantzita, edozein itsasertzetan, oinutsik, izozkia marrubizkoa ala txokolatezkoa nahi dudan erabaki ezinik.
Uda betiko balitz, halakoxe kezka arinekin ibili beharko genuke mundutik, belarritik belarrirainoko irribarreekin, ezinbestean. Jantzi beharko genituzke arropa fin eta zabal gutxi batzuk, berehala eranzteko jantzitakoen erdiak. Uda betierekoak, nola edo hala, klaserik gabe utzi eta berdindu egingo gintuzke doi bat ikaslea eta irakaslea, langilea eta nagusia, emakumea eta gizona, txano koloredun eta eguzkitarako krema likatsuen azpian. Eta mantsoago ibili beharko genuke, gainera, bat-batean konturatu izan bagina bezala gakoa ez dela iristea, baizik eta paseatzea.
Uda betiko balitz, izerditan blai, berehala nekatuko ginateke harresietan harriak jartzeaz, atzetik korrika jendea jazartzeaz, leihorik gabeko geletan bilerak egiteaz. Flamenko arrosak antzeratzen dituzten puzgarrietan etzanda kulunkatuko ginateke itsasoan egun argiz, eta ez gauez ito pneumatiko zaharrez egindako txalupa gainpopulatuetan. Udak, nola edo hala, berdinduko lituzke doi bat gure azalen koloreak eta agerian utzi gure miseriarik behinenak.
Uda betiko balitz, ez litzateke faltako etorriko zenik esatera, aurpegi zurrunarekin, uda betiko balitz ez genukeela negurik, ez mendi berderik, ez elur zuririk, ez urik iturrietan edo zerbarik platerretan, gu dagoeneko ohartuta ez bageunde bezala tamainako Pernandoren egiarekin. “Gainera, beti izan da horrela; udaren ondotik beti etorri da negua” botako du, argudioa borobildu nahian. Gero, eskua altxatuko du eta txiringitoko kamareroari beste sangria bat eskatuko dio, eta patata platerkada bat, alioliarekin.
Utikan. Uda betiko balitz, asmatuko genituzke negu berriak, eguzkiarekin, txankletekin, antioju eta azal ilunekin eta mendi eta zerba berdeekin. Klaserik, generorik eta itotakorik gabe, eta txokolatezko izozki eta aliolidun patatekin.
Uda bat betiko.