Elkano, egia zor

Elkano, egia zor –

Elkano, egia zorGaztelako tropek 1200. urtean Getaria herri nafarra militarki hartu eta portua suntsitu egin zuten. 1204an, jada Getaria Gaztela zela, harresiak berreraiki eta Donostiako Foru nafarra lekualdatu zion Alfonso VIII.ak. Gaztelako erregearen asmoa garbi ikus daiteke historiaren argitan: euskal itsasaldeko jakintza, arrantzarako eskarmentua eta ontzigintzako teknologia beretu (Gaztela ez zen jajoa horietan), eta baskoien hiriburuari itsasorako irteera ebatsi. Ordukoa da baskoen eta nabarroen arteko bereizkeria.

Esteban Garibaik, Felipe II.a Espainiako erregearen kronikariak ere argi adierazi zituen horiek: “… eta Getaria eta Mutriku hiribilduak berreraiki zituen itsasaldean. Oso ondo gotortu zituen hesi eta dorreekin, Kantauri Ozeanoan gailendu nahi izan baitzuen”. Alegia, kostaldeko herriak suntsitu eta ondoren berreraiki. Zertarako-eta, Kantauri Ozeanoan nagusi izateko.

Gaztelak eta Espainiak, godoen jarraiko erresumak euren esanetan, ez diote ezeren ekarpenik egin gizateriaren zibilizazioari. Amerikako konkistan, merkataritza eta trukean oinarritutako ekonomia, sarraskia eta arpilaketa bihurtu zuten. Euskaldunok batzuetan oldartu eta besteetan kolobaratu egin izan ohi dugu. Elkanoren kasuan, getariarrek jarri zuten ezagutza, eskarmentua eta teknologia. Espainiako erregeek, ordea, egin zuten negozioa. Ospatu ala ez eztabaidaren gainetik, Gaztelak Getariari egia zor.

Elkano, egia zor
Elkano, historia
Beñi Agirre

Euskara irakaslea

7 pentsamendu “Elkano, egia zor”-ri buruz

  • Hau diote, hoi diote… Hala ote?…Zer diote?

    Euskaldunok ez diagu gizateriaren zikoizkeria bihozgabean sekula eskurik sartu, Arpilaketak eta gainerakoak Gaztelako erresumarentzat geratzen dituk beti, eta geoni salbu gatxik.
    Olentzero marxista-leninista izan huen hasiera-hasieratik. Eta Mari Domingi andretarako hartu zuenetik, gizarte berdinzale eta parekide batean oinarritu izan gaituk beti euskaldunak. Elkar- trukea izan duk beti gure nazioarteko harreman guztien funtsa. Besteekiko errespetu osoz bizi izan gaituk, gure sustraietan halakoak garelako, eta hori duk kanpoko arrotzengandik argi eta garbi bereizten gaituena…

  • Beñi Agirre
    Beñi Agirre 2018-08-11 08:04

    Oso oker zabiltza edo ez duzu ongi ulertu. Euskaldunok, historian bizirik irautea lortu duten gainerako gizaki-herriek bezala, sarraskilari, maltzur eta gizatasunbakoak izan gara eta gara gaur egun ere. Bizirik irauteko baldintza da nonbait.

    Laster gogoratuko dugun Orreagako 778ko batailan, abuztuaren 15ean, adibidez, Karlomagnoren tropak garaitu eta franko bakar bat ere ez omen genuen bizirik utzi. Horrela dio Eginhardok. “Crimen de lesa humanidad” edo gizateriaren kontrako krimena.

    Aldea da, kasu horretan, bataila horretatik baskoiek erresuma propio baten oinarriak jarri zituztela, eta hari esker bizirik garela.

    Konkistatuak izan ondoren eta frantsesekin zein espainiarrekin kolaboratu izan dugunean, ordea, gure lepoaren kontra haiek nagusitzeko eta boterea emateko izan direla euskaldunak sarraskilari. Nik ez ditut maite gizatasun gabeko pertsonak, baina bizirik nahi ditut bai nire herrikideak bai eta nire herria. Bide batez eta logika berean, bizirik nahi ditut nire auzokideak. Nik haiek errespetatzen ditudan bezala nahi baitut haiek gu errespetatzea. Hori da dena!

    Ongi izan

  • “Aldea da, kasu horretan, bataila horretatik baskoiek erresuma propio baten oinarriak jarri zituztela, eta hari esker bizirik garela”

    Barkaidazu, lagun. Buruari hazka nago nondik atera ote duzun hori. Izugarrizko “perla” iruditzen zait.

    1) Batetik, zu eta ni bizirik bagaude, ez da ditxosozko bataila handi horri esker.

    2). Baskoiek erresuma propio baten oinarriak hortik aurrera jarri omen zituzten. Esadazu Nafar erresuma horretan, eta Gaztelaren atzaparretan erori aurreko tarte luzean, noiz erabili izan zuten euskara dokumentu ofizialetan, kanpo nahiz barne harremanetarako. Nik dakidan hein apalean, nafar erromantzea erabiltzen zuten gorte hartako barne funtzionamenduan, latinarekin batean, eta ez dut ezagutzen mende haietako euskal izkribu ofizial bat bera ere. Beraz, hori hala bada, ze demontretan ari gara, nafar erresumaren izenean euskal izaeraren aldeko harrabotsak ateratzen??

    Hau ere “egiari zor” hitz egitea da, nire ustez.
    Ondo izan.

  • Beñi Agirre
    Beñi Agirre 2018-08-12 10:35

    Mesedez, lagun

    1.- “zu eta ni bizirik bagaude” zu zure aita-amari esker eta ni nireei esker gaude bizirik hemen. Ez genuen besterik behar!

    2.- Orain kontua izango da “Gaztelaren atzaparretan erori” ondoren eta haiei eta frantziarrei esker bizirik dugula euskara eta haiei esker ere gure herriak inoizko subiranotasun mailarik handiena duela. Haiei esker?

    3.- Gaia bideratu nahi duzun horretatik iruzkinak ez du inongo interesik niretzat. Ondo dago, irakurtzen ditut eta harretaz jarraitzen ditut nire hausnarketei egiten zaizkien iruzkinak. Hala ere, kasu honetan, biziki estimatuko nizuke zuk zeuk ekarpenen bat egiteko izanez gero, egitea lasai.

    Segi jator

  • Pello Eizagirre 2018-08-15 00:05

    Elkarrizketa luze eta interresgarria.
    Beñi Agirre l “Gipuzkoako Historia Nafarra: Euskal Herria Osotasunetik”
    https://www.youtube.com/watch?v=xFm0QblC1UU

    Liburua erosiko dut, zalantzik ez.

  • Beñi Agirre
    Beñi Agirre 2018-08-16 15:08

    Mila esker, Pello
    Gustukua izatea eta jakinmina asetzea espero dut.
    Irakurketa on eta iruzkinik egin nahi baduzue, hementxe bertan.

  • Pello Eizagirre 2018-08-16 19:38

    Mila esker zeuri, Beñi.
    Bideo hau duela gutxi plazaratua eta plazer hartua bere 25 minutuak ikusi ondoren.
    https://www.youtube.com/watch?time_continue=3&v=ySIL1z1YunU
    Euskal Herriaren historia Bizkaian.
    Aitzol Altunak, Euskal Herriaren historia Bizkaian laburbiltzen du, bilakaera honetan Galdakaok izan zuen garrantzia azaltzen duelarik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude