[Simone Weil] Errogabetasuna eta Nazioa XVII
[Simone Weil] Errogabetasuna Eta Nazioa XVII –
Errogabetasuna eta nazioa (XVII. bidalketa)
Langile horien gaurko portaerak, Alemaniari buruzkoak, ez digu problemaren larritasuna ezkutatu behar. Gertatzen da Alemania estatu sobietikoaren etsaia dela. Hori baino lehenagotik, agitazioa bazen jada langileen artean; baina partidu komunistarentzat agitazioa beti entretenitzea hil ala biziko premia da. Eta agitazio hori zen: «Faxismo alemaniarraren eta inperialismo inglesaren kontra». Aldiz, Frantzia, partidu komunistak ez zuen aipatzen ere. Bestetik, erabakigarria izan zen urte batez, 1939ko udatik 1940ko uda arte, eragin komunista herriaren kontra aritu zen osoki. Beraz ez da erraz izanen orai langile horiek beren bihoza Frantziara buruz itzultzea. Gainontzeko populazioan, patriotismoaren krisia ez da hain larri izan. Ez da joan frantses patriotismoa ukatzeraino beste patriotismo baten fagoretan, Bakarrik itzaltze bezalako zerbait izan da. Laborariengan, gertatu zen herrian garrantzirik ez zutelako sentimentuagatik, salbu kanoi-aragi gisan arrotz zitzaizkien interes batzuen defendatzeko, aldiz burges tipiengan asperduragatik gertatu zen sustut.
Atxikimendu-ukapen berezi guziez gain beste bat biziki orokorra gehitu da zeina idolatriaren beste bertsio bat bezalako zerbait den. Nazio edo patria izenpean ezagutzen ginuen estatua, geratu zen ongi infinitua izaitetik, alegia ongiaren zentzuan eginbeharrez zerbitzatu behar ginuen gauza hori izaitetik. Berriz, denentzat bilakatu zen kontsumitu behar ginuen ontasun mugarik gabekoa. Idolatria desagertuz geroz, hari loturiko absolutua gelditu zaio estatuari alderako postura berriari ere. Estatua bilakatu zen aberastasun iturri agortezin bat, altxorrak banatzen zituena exigitzen ginizkionaren araberan. Horregatik beti aiher egoiten gintzaizkion gehiago ez emateagatik. Iduri zuen estatuak errefusatzen zuela ematen ez zuen guzia. Aldiz estatuak zerbait eskatzen zuenean, emaiten zuen exigentzia arraroa zela. Eta zerbait inposatzen zuenean, bidegabekeria jasanezina zela. Estatuaren alderako jendearen postura zen haurrena baina ez haurren postura haien burasoen alderakoa baizik eta maitatzen ez dituzten eta beldur ez diren heldu batzuen alderakoa; eta haur horiek taigabe eskatzen dute baina ez dute obeditu nahi.
Nola, bada, pasatu bapatean portaera horretatik, gerlak exigitzen duen mugagabeko arduratasunera? Baina gerla denboran berean ere, Frantsesek sinetsi dute estatuak garaipena daukala nunbait bere kutxetan, atera nahi ez dituen beste altxorren ondoan. Dena egina izan da sineskeria hori zabaltzeko, eslogan honek erakusten zuen bezala: «Irabaziko dugu azkarrenak baigara».
Garaipenak askatuko du herri bat zeinean jende guziak kasik beti desobeditzen aritu diren, motibo apal edo altu batzuengatik. Londreseko irratia entzuten, paper debekatuak irakurri edo banatzen, iruzurrez bidaiatzen, ogi-bihia gordetzen, ahalik eta gaizkien lan egiten, merkatu beltzean aritzen; eta horietaz guzietaz espantuak egin ditugu familian edo adiskideen artean. Nola eginen dugu jendeari esplikatzeko hori guzia bukatua dela, eta aurrerantzean obeditu beharko duela?
Azken urte hauek pasatu ditugu tripa-asezearekin amesten. Eskale ameskeriak baizik ez dira horiek, ezerrezen truk gauza onak jaso nahi izaitea den zentzuan. Izatez, botere publikoek banaketa segurtatuko dute; nola egin ekiditeko gerla aurreko hiritarren estatua alderako eskale portaera lotsagabe hori oraindik askoz gehiago handi ez dadin? Eta herri arrotz bat hartzen badu objektutzat, adibidez Amerika, lanjerra oraindik askoz larriagoa da.
Bigarren amets bat, biziki zabaldua, erailtzearena da. Erailtzea estakuru ederrenen izenean, baina modu zitalez eta arriskurik gabe. Edo, beldurtzekoa denez, estatuak amor ematen dio terrorismo lauso horren kutsadurari, edo ahalegintzen da kutasura hori mugatzen, baina kasu bietan, Frantzian tradizioz hain hastiatu eta mespretxaturiko estatuaren aurpegi zapaltzailea eta poliziarra lehen postuan agertuko da.
Territorioa askatu ondoren, Frantzian sortuko den gobernua lanjer hirukoitz baten aurrean aurkituko da, zeina odolerako gustuak, eskale konplexuak, eta obeditzeko ezgaitasun horrek eraginen baitute.
Ez dago sendagailu bakar bat baizik. Frantsesei emaitea maitatzeko zerbait. Eta lehenik Frantzia emaitea maitatzeko. Frantzia izeneko errealitatea asmatzea horrelako moduan nun arima guziaz maita dezakegun den bezalaxe, bere egian. Patriotismoaren funtsezko kontraesanaren zentroa da patria gauza bat mugatua dela zeinaren exigentzia mugagabea baita. Izan ere muturreko perilaren aurrean dena eskatzen digu. Eta zergatik dena emanen ginioke, ordea, gauza mugatu bati? Eta bestetik, behar orduan dena emaiteko prest ez izaitea, patria erabat abandonatzea da, zeren eta ezin baita bere salbamena segurtatu prezio tipiago batean. Horregatik du beti iduri patria zor diogunaz hunaindian ala haraindian garela, eta egunen batean zenbat eta zor dioguna baino haratago bagoaz, hainbat eta hunatago bueltatuko garela erreakzioz. Baina kontraesana idurizkoa da bakarrik. Edo zehazkiago mintzatzeko kontraesana erreala da, baina bere egiatasunean ikusita, giza-egoerari dagozkion funtsezko kontraesan horietarik batean datza, zeina aitortu, onartu eta altxagailu gisan erabili behar den gizakiarena dena baino gorago igotzeko. Unibertso horretan sekulan ez da neurri berdintasunik obligazio baten eta bere objektuaren artean. Obligazioa infinitu bat da, ez ordea objektua. Kontraesan honek gizon guzien eguneroko bizitzaren gainean pisatzen du, salbuespenik gabe, baita kontraesan hori ezta lausoki ere adierazteko ezgai direnen eguneroko bizitzan. Kontraesan horretatik ateratzeko gizonek ustez aurkitu zituzten jokamolde guziak ez dira gezurrak baizik.
Jokamolde horietarik bat da obligaziorik aitortzea mundu honetakoa ez denarentzat baizik. Jokamolde horren aldaera bat mistika faltsua da, kontenplazio faltsua. Bigarrena da egitate onen praktika izpiritu jakin batean burutua, «Jainkoaren amodiorako» erraten den bezala, dohakabe sokorrituak egitate onen objektu materialak baizik ez balira bezala, Jainkoari debozioa agertzeko bitarte aukera anonimoak ez balira bezala. Kasu bietan gezurra da, zeren eta errana izan da «Nola ikusten duen anaia maite ez duen batek maita lezake ikusten ez duen jainkoa?». Izan ere, giza-amodioa ez da behere honetako gauzen eta izaiteei esker baizik iristen ahal hauen atzean dagoeneraino.
Beste jokamolde bat da sinestea behere honetan badela objektu bat edo hainbat objektu zeinek barnean izatez edukiko bailituzkete obligazioa gisa obligazioari datxikizkion absolutua, infinitua eta perfekzioa. Idolatriaren gezurra da.
Hirugarren jokamoldea obligazio ororen ukatzean datza. Ezin da modu geometrikozko demostrazio batekin frogatu ukatze hori erru bat dela, zeren eta obligazioaren segurtasun maila frogak bizi diren eremuari gailentzen baitzaio oso. Izatez, ukatze hori ezinezkoa da. Izpiritu suizidioa da. Eta gizona horrela da egina nun izpiritu suizidioarekin batera datozkion berak hilgarriak diren eritasun psikologikoak. Izatez, iraupen senak arimari eragozten dio horrelako egoeratik hurbiltzea baino gehiago ez egitetik. Eta horrela ere arima basamortu bilakatzen da asperduragatik. Gainera, kasik beti, edo kasik seguru beti, obligazio guziak ukatzen dituela bestei erraiten duenak gezurra erraten die bestei baita bere buruari berari ere; egiatan horrek gezur hori aitortzen du. Izan ere gizonik ez dago ongiaz eta gaizkiaz noizean behin zerbait erraiten ez duenik, urkoa gaitzesteko nahian bederen.
[Simone Weil] Errogabetasuna Eta Nazioa XVII
Testu honetan zehar batzuk ohartu zaretenez, SWek denbora eta arreta asko kontsakratzen du patriotismoa analisatzen edo aztertzen. Laburbiltzeko erran genezake norberaren “hil ala biziko ingurunearen” hau da komunitatearen (askotan herriaren edo nazioaren) alderako atxikimendua eta amodioa da. Existitzen denean sentimentu inportantea eta sakona da baina historian zehar goitiak eta behetiak ukan ohi dituena batzutan desagertzeraino.
Sentimentu horren kalitatez asko alda daiteke abagune politikoen edo norberaren klase sozialaren arabera; Kasu batzutan izan daiteke sntimentu eder eta aratz bat eta besteetan berriz idolatria mota bat besterik ez. SWek, bere ifilosofia platonikoa eta estoikoari fidel izanda, pentsatzen zuen une kritikoenetan patriotismo sendimendu horrek exigi ziezagukeela muturreko sakrifizioaraino baina hala ere beti egon behar zela “ongia”ri subordinatua.
“hil ala biziko ingurune”aren ideia, denentzat arimaren premia dena eta horregatik guretzat eta besteentzat obligazio baten objektua bilakatzen dena, da kontzeptu zentrala SWentzat. Kontzeptu horretatik orretatik datoz patriaren kontzeptua eta patriotismoaren justifikazioa.
Egia erraiteko SWek “milieu vital” esaera erabiltzen du, nik ordea “hil ala biziko ingurunea” itzultzen dut.
Norbaitek balaki “vital” aditzlagun hori hobeki itzultzen?