EAEko hezkuntza-akordioaren zirriborroaren inguruan

EAEko hezkuntza-akordioaren zirriborroaren inguruan –

Kezka handiz irakurri dugu batzorde horretatik sortu den “Euskal Hezkuntzaren Eraldaketarako Oinarriak”. Dokumentua eskasa da, oso. Oso orokorra eta zehaztasunik gabea izanik, aldi berean esanguratsua suertatzen da. Ez dugu eskatu nahi hasierako zirriborroari ez dagozkion zehaztapenik, baizik eta, hain zuzen ere, hasierako adierazpenei dagozkien zioen azalpenak, eta ez daude. 

Lehenik eta behin, garbi utzi nahiko genuke, behin zirriborroa jasota ez zaigula iruditzen  ekarpen edo zuzenketarik egin behar diogunik. Ez gaude txostenaren oinarriarekin, norabidearekin eta planteamenduarekin ados, ez baititu eskola publikoko ordezkariek egin genituen eskakizunak bere barne hartu, eta lege honetaz kezkatzen gintuena bete egin nahi da: lege hau sistema duala mantentzeko interesarekin dator. Publikoa ardatzean jarri ez, eta titulartasun ezberdineko ikastetxeak parekatzen ditu.

BALORAZIOA

EAEko hezkuntza-akordioaren zirriborroaren inguruanEuskal Hezkuntza Sisteman dugun arazo nagusietako bat segregazioa da. Euskal Herrirako irudikatzen dugun elkarbizitza ez da “geruzen” edo kolektiboen artekoa, baizik eta ondo formatutako pertsonen artekoa, eskubide bereko pertsona anitzen artekoa. Horretarako hezkuntza ezinbesteko tresna da. Zentzu horretan, ezin dugu ontzat eman une honetan dugun mota ezberdinetako ikastetxeen sistema, non antzeko ISEKeko ikasleak elkartzen diren ikastetxe ezberdinetan. ISEK eta ezaugarri anitzeko ikasleek osatutako ikastetxeak nahi ditugu, eta hori lortzeko bidean hainbat oztopo gainditu behar direlakoan gaude. 

Urteetan ezkutatu nahi izan da segregazioaren eta sare bikoitzaren artean dagoen lotura, nahiz eta aspalditik aski frogatuta dagoen lotura hori. Behin eta berriro salatu  dugu bekadunen, hezkuntza behar berezidunen eta atzerriko jatorria dutenen banaketa desorekatua bi sareen artean, eta, azkenik, arrazoia eman behar izan digute. Ukaezina da ISEK eskaseko ikasleak sare pribatuak uxatzen dituela eta sare publikora bideratzen dituela. Hau da, sare publikoak unibertsala izan nahi duen bitartean, sare pribatuak ez ditu gustuko ustez emaitza akademiko kaxkarragoak izan ditzaketen ikasleak, eta ez ditu onartzen.

Bestaldetik, EAEn sare pribatuak duen presentziak ez du parekorik gure inguru hurbilean. Hori gure ezaugarria izateak ezin du ekarri besterik gabe gure onarpena edo babesa. Alderantziz, neurri zuzentzaileak eskatzen ditu berezitasun horrek. 

Etsipenaz irakurri ditugu plazaratu diren “oinarriak”, non bi sareak parekatzen diren, eta “doakotasuna” bermatu nahi zaion sare pribatuari, sare horren patronalaren diskurtsoarekin bat eginez. Hau da, diru gehiago eman nahi zaio dirua kontrolik gabe eta hitzartutakoa baino gehiago gastatzen duenari, (seigarren ordua, gehiegikeriazko instalazioak, gela berriak, zerbitzu gehigarriak eta abar) diru publikoaz gain beste diru iturriak dituenari, bazterkeria sustatzen duenari, eta, kuotak kobratuz,  kontzertuetan sinatu duena betetzen ez duenari. Ez dugu uste horiei diru gehiago emanez konponduko direnik gure hezkuntza sistemak dituen arazoak. Sare publikoa eta itunpeko sare pribatua ezin dira parekatu tratamendu politikoan, ezta administrazioak eman behar dion babes-mailan ere. Publikoa denona da, pribatua, ez.

Udalei hezkuntza arloan garrantzi gehiago eman baino lehen orain arteko ibilbidea ebaluatzea ezinbestekoa da, Udal Eskola Kontseiluen emaitzak hain zuzen, horren inguruko proposamen berriak zuhurtzia gehiagorekin egiteko.

Euskara arloan egin diren aipamen orokorrek ez dute inolako aurrerapausorik ekartzen une honetan dugun egoerarekin alderatuta.

Hau guztia kontuan hartuta, gure proposamena adierazi genuen idatziz kontsultaren garaian eta modu presentzialean, Legebiltzarrean izan ginenean. 

.

LEGEAK JASO BEHARKO LITUZKEEN PRINTZIPIO EDO OINARRIAK:

  • Euskal  Eskola  Publikoa  goraipatu  eta  euskal  gizarteak  berarekiko duen   atxikimendua   handitu.   Euskal   eskola   publikoa  hezkuntza sistemaren  ardatz bihurtu,  bere  alde eginez  eta  bere  printzipioak indartuz: hezkuntza unibertsala, doakoa, berdintasunezkoa eta konpentsaziozkoa jasotzeko eskubidea bermatzen duen sare bakarra, zerbitzu publiko bakarra.
  • Eskola  Publikoak  behar  dituen  baliabidez hornitu eta  tokian  toki dituen oztopo  eta  diskriminazioak  gainditzeko planteamendu konpentsatzaile zehatzak sustatu: baliabideak handitu (materiala, pertsonala, formatiboa, azpiegiturakoak).
  • Hezkuntza  sistemaren  pribatizazioa gelditu. Gaur  egungo sistema  duala  eta  sistema  horren  atzean  dauden  baldintzarik gabeko kontzertuak eten. Kontzertazio unibertsal eta kontrolik  gabekoarekin bukatu; itunpeko  ikastetxeen  mesederako  eskola publikoan  gelen ixtea  ahalbideratzen  duten mekanismoak gelditu.
  • Segregazioa errazten duten mekanismoak identifikatu eta hauek desagertzeko esku hartu, ikasleen  onarpen eta banaketa prozesu  bidegabeak  epe  barruko  zein  epez-kanpoko matrikulazioetan gelditu.
  • Gizarte-kohesioa ez jarri familiek eskola aukeratzeko duten ustezko eskubidearen mende. Ustezko eskubide hori tranpa bat da, familia askok ez baitute hori gauzatzeko aukerarik.
  • Euskaran eta euskal kulturan murgiltze eredua unibertsalizatu. Ez da onargarria euskalduntzen ez duten, hau da, ikasleak diskriminatzen dituzten hizkuntza-ereduak diru publikoz finantzatzea.
  • Pribatizazio dinamika eteteko ikastetxeen publifikazioa prozesua ahalbideratuko  duen  araudi  adostua sortu.

.

LEGEAK JASO BEHARKO LITUZKEEN NEURRI ZEHATZAK

  1. Eskola bakarra aldarrikatzea. Eskaintza publiko integrala eta doakoa bermatzea 0-18 urtera, udalerri eta auzo guztietan.
  2. Eskaintza publiko nahikoa dagoen bitartean lerro pribatu-itunduak ez irekitzea.
  3. Eskola  Publikoak  behar  dituen  baliabidez hornitzea eta  egun dituen egoeraren aurrean, neurri konpentsatzaile zehatzak sustatzea. 
  4. Inbertsio-plan berezia egitea eskola publikoak instalazio, azpiegitura eta ekipamendu onenekin hornitzeko.
  5. Eskola-segregazioari modu tinko eta eraginkor batean heltzea: segregazioa ekidin eta gizarte-kohesioa bermatuko duten politikak, planifikazioa eta matrikulazio prozesu gardenak burutzea. 
  6. Aurre matrikularen araudia goitik behera aldatzea ikasleen matrikulazio orekatua ziurtatzeko (hasierakoa eta matrikula bizikoa).
  7. Tokian-tokiko matrikulazio-bulego bakarrak sortzea, ikasleen onarpen prozesuak administrazioaren eskuetan utziz, ikastetxeek prozesu honetan parte hartu gabe. 
  8. Haurreskolak partzuergoa sustatzea eta doako zerbitzu publiko unibertsal
    bihurtzea, 0-3 ziklo publiko bakarra ziurtatzeko. Ikastetxe pribatu-itunduei ematen zaizkien 0-2 zikloko aparteko diru-laguntzak bertan behera uztea.
  9. Derrigorrezkoak ez diren etapak ez ituntzea.
  10.   Euskarazko murgiltze linguistikoaren eredua orokortzea. 
  11.   Araudi adostua sortzea, zerbitzu publikoko bokazioa benetan bere gain hartu   nahi duten ikastetxeak publifikatzeko aukera izan dezaten.
  12. Erlijioaren eskaintza hautazkoa izatea ikastetxe guztietan.

Proposatzen den Hezkuntza zerbitzu publiko berri horren parte izateko baldintzak, aurreko legeak, berez, edozein ikastetxe itunduri ezartzen zizkion baldintzak dira, doakotasuna, gizarte-kohesioa… baina urteetan zehar ez da ezer ere egin betearazteko. Txostenean ez da aipatzen nola lortuko duen orain arte betearazi ezin izan dituen baldintza horiek betetzea, ez dago inolako konkreziorik. Modu askotara interpreta daitezkeen hitzak besterik ez.

“Ohiko inertziak eta konfort markoak uzteko” eta “hezkuntzaren funtsezko arazoei aurre egin eta irtenbide justuak eta gizartea asebeteko duten bideak bilatzeko” ordua bada, ez dugu uste txosten honek bide ona hartu duenik.

Laburbilduz, plazaratu den dokumentua atzera bota eta hezkuntza publikoaren alde egiteko eskatu behar dugu. Guk ez dugu etsiko eta espero dugu legebiltzarkideek, gure gizartearen etorkizunerako ezinbestekoa dugun hezkuntza publikoaren alde egin dezazuen.

EAEko hezkuntza-akordioaren zirriborroaren inguruan EAEko hezkuntza-akordioaren zirriborroaren inguruan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude