[Simone Weil] Erroztamendua XXXI

Erroztamendua XXXI –

Ebanjelioetan kontatutako ohiz kanpoko datuei dagokienez, ezin da berretsi edo ukatu txiripara baizik, eta gainera problema interesik gabekoa da. Seguru da Kristok bazeuzkala ahalmen berezi jakin batzu; nola horretaz duda ginezake egiazta badezakegu saindu indiar edo tibetar batzuek horrelako ahalmenak badituztela? Jakitea zein den anekdota bakoitzaren zehaztasun-maila ez litzaiguke baliagarria.

Erroztamendua XXXI

Kristok erabili ahalmenek ez zuten froga bat osatzen baizik eta katebegi bat demostrazio baten katean. Seinale seguruak ziren Kristo gizatasun arruntatik kanpo zegoela, ongiari ala gaizkiari beren burua eman zutenen artean. Ez zuten zehazten bi taldeetatik zeinean zegoen. Baina hautua egitea erraza zen, Kristoren ageriko perfekzioagatik, bere hitzen edertasun perfektuagatik, eta bere ahalmenak bakarrik errukizko egitateentzako erabitzen zituelako. Hortik zen bakarrik ateratzen saindu bat zela. Baina Kristo saindu bat zela seguru zirenek ere, entzuten zutelarik erraiten Jainkoaren semea zela duda zezaketen hitz horien zentzuaz, baina parte bat egia zeukatela sinestera ekarriak sentitzen ziren. Izan ere saindu batek, horrelako gauzak erraiten zituenean, ezin zuen alabaina ez gezurrik erran ezta erratu ere. Gu ere berdin ekarriak gara Kristok erran duen guzia sinestera, salbu eta transkripzio makur bat suposa dezakegun unetan; eta edertasunak du egiten frogaren indarra. Ongiaz ari garenean, edertasuna da froga segurua eta zorrotza; eta gainera ezin da beste frogarik izan. Erabat ezinezkoa da beste froga egotea.

Kristok erran du: «Beste inork egin ez zituen egitateak ez banitu egin, ez ziren hobendun izango» erran du baita ere: «Mintzatzera etorri ez banintzaie, ez ziren errudun izango». Beste nunbait bere «Egintza ederrez» mintzatzen da. Egintzak eta hitzak biak batera emanak dira. Egitateen karaktera ohiz kanpokoak ez zuen arreta erakartzeko helburua baizik. Baina behin arreta erakarrita, ezin da beste frogarik izan edertasuna, araztasuna eta perfekzioa baizik .

«Zoriontsu, ikusi gabe sinesten dutenak» Tomasi zuzenduriko esaldi honek ezin du erran nahi zoriontsu, ikusi gabe, berpiztearen fenomenoan sinesten dutenak. Izan ere, hau sineskorkeriaren laudorioa izango litzateke ez eta fedearena. Toki orotan, atsoak badira pizturiko hildako kontu guziak sinesteko prest direnak. Ez erran nahi du zoriontsu deituak direla sinesteko berpiztea behar ez dutenak, eta zeinentzat Kristoren perfekzioa eta kurutzea baitira frogak.

Beraz, erligioaren ikuspuntutik, mirakuluak bigarren mailako gauzak dira, eta zientziaren ikuspuntutik, sartzen dira munduaren kontzepzio zientifikoan. Jainkoaren existentzia naturaren legeen kontrako bortxaketa baten bidez frogatzea ideia, seguraz ere, hingingarria idurituko zitzaien lehen kristauei. Ideia hori ezin zen sortu ezpiritu eri batzuetan baizik, zeinek sinesten baitute munduaren ordenaren gelditasunak eta jarraipenak argudioak eman liezazkeela ateoei.

Munduko gertakarien hurrenkera bera ere Ebangelioan agertzen da probidentzia batek gidatua, zeina zentzu batean inpertsonala baita eta mekanismo baten antzekoa. Kristok bere dizipuluei erran zien: «Begira zeruetako xoriei zeinek ez baitute ez ereiten, ez ustiatzen ezta biltegietan biltzen ere, eta zeruko zure aitak hazten ditu… begira pentzetako lirioak nola hazten diren; ez dute lan egiten ezta iruten ere, eta nik diozuet Salomon bere distira guzian ez da beztitua lirio haietarik bat bezala… bi murru-txori ez ote dira sos batean saltzen? Eta bat ere ez da lurrean erortzen zure aita gabe». Horrek erran nahi du sainduek Jainkoarenganik gozatzen duten begirunea txoriak eta lirioak babesten dituen begirunearen mota berekoa dela. Naturaren legeek manatzen dute nola sapa igotzen den landareetan eta nola zabaltzen den loreetan, zeinetan txoriek hazkurria aurkitzen baitute: eta paratuak dira edertasuna sor dadin. Naturaren legeak probidentzialki paratuak dira ere halako moduz non, giza-kreaturen artean, Aitaren erreinua eta justizia nausiki bilatzeko erabakiak ez duen automatikoki heriotza ekartzen.

Erran daiteke, nahi badugu, Jainkoak babesten duela txori bakoitza, lore bakoitza, saindu bakoitza ere; berdin da. Orotasunetik zatietarainoko erlazioa giza-inteligentziarena da Gertakarien maila propioan, unibertsoa begiratzen badugu ala osotasuna gisa, ala bere edozein zatia, nahi dugun bezala bereizia espazioan, denboran, edozein saikapenetan: edo beste zati bat, edo beste bat edo zati multxo bat; hots erabiltzen baditugu osotasunaren ala zatiaren nozioak nahi dugun bezala, Jainkoaren nahiarekiko egokitasuna aldaezina da. Jainkoaren nahiarekiko egokitasuna agertzen da osto bat erortzen den erorketa ixilean delugioan bezainbat. Gertakariei dagokienez, Jainkoaren nahiarekiko egokitasunaren nozioa errealitatearen nozioaren baliokidea da.

Erroztamendua XXXI Erroztamendua XXXI Erroztamendua XXXI Erroztamendua XXXI Erroztamendua XXXI Erroztamendua XXXI

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua