[2022ko Brigadak] Boliviatik 2. kronika

[2022ko Brigadak] Boliviatik 2. kronika –

Hainbatek esan izan dute 2019an Bolivian gertatutakoa ez zela estatu kolpea izan, ez zelako armen bitartez burutu.  Cochabamban, Boliviako gainerako herri eta hirietan bezala, erralitatea erabat bestelakoa izan zen.

[2022ko Brigadak] Boliviatik 2. kronika

Uraren pribatizaziotik demokraziaren pribatizaziora

Cochabambako hirian, biolentzia eta jazarpena estatu kolpearen aurretik hasi ziren, besteak beste,  Resistencia Juvenil Cochala talde paramilitarren ekintzekin. Talde honen parte ziren gazteak MAS-IPSPeko gobernuaren alde egin zuten pertsonak erasotzen hasi ziren. Horretarako, haien ikur bihurtu ziren motorrez mugitzen ziren beti, eta aipatu beharra dago, formakuntza militarra zein armak jaso zituztela Boliviako indar armatuen aldetik. Polizia bera ere batu zitzaien ostean, hasieran, talde honen erasoak salatzean, herria babestera aterako ez zirela adieraziz, eta ondoren, modu zuzenean Resistencia Juvenil Cochalara batuz.

Jeanine Áñezek gobernua hartu zuenean, Estatu Batuetako erbestetik Cochabambara ekarri zuen Manfred Reyes militarra, aurretik ezaguna Uraren Gerran baliabide natural honen pribatizazioaren alde sinatzeagatik, eta Manfred da, egun, Cochabambako alkatea.

.

Gas artean ezin bidea ikusi

Errepresioa eta bortizkeria orokortzen joan ziren. Azaroan, estatu kolpearen aurretik, Bartolinak emakume nekazarien taldea, Cochabambako enparantza nagusian elkartu ziren herritarren eskubideak aldarrikatzeko. Topaketa baketsu hau emakume eta haur txikiz osatuta zegoen arren, Resistencia Juvenil Cochalako motoqueroek plaza inguratu eta manifestariak gasifikatu zituzten, 4 hilabeteko haur bat erailik. Izan ere, Bartolinak ziren eskuinaren gorrotoaren ikur: indigenak, nekazariak, emakumeak eta borrokalariak.

Ondoren, errepresioa gizarte osora zabaldu zen. Komunikabideek eguneroko erasoak ezkutatzen zituztenez, herriak bere telefonoen bidezko komunikazioa bultzatu zuen halabeharrez, gertatzen ari zena sare sozialen bitartez zabalduz nagusiki. Hau ekiditeko, poliziek kalean zebiltzan pertsonen mugikorrak konfiskatzen zituzten. Gainera, ezker mugimenduak ekimen politikoak antolatzen zituen bakoitzean, komunikazio seinaleak oztopatzen zituzten.

Bestalde, ezin aipatu gabe utzi MAS-IPSPko antolakunde ezberdinen karguen kontra eragindako errepresioa. Publiko egin dira, besteak beste, Víctor Borda Diputatuen Ganberako presidentearen anaiaren bahiketa eta tortura, edota Evoren kabineteko Patricia Hermosoren kartzelaratze bortitza eta sabelean zeraman haurraren galera. Vintoko alkatesa zen Patricia Arce, aldiz, oinutsik ibiltzera behartu, fisikoki erasotu, mehatxatu, ilea moztu eta pintura gorria bota zioten gainetik.

Hauek publiko eginiko kasu batzuk baino ez dira, baina heriotz mehatxuak, jipoiak, etxeen erretzeak edo militanteen argazkien kartelen zabaltzea “terrorista” izenpean indar eskuindarrek egunero erabiltzen zituzten errepresio tresnak izan dira. Honek, noski, tentsioa eta beldurra zabaldu du, bai militanteen artean eta baita herritar guztiengan ere.

.

Odolez tindaturiko gobernua

2019ko azaroan, Jeanine Áñezen gobernupean, poliziak eta militarrek 12 pertsona tiroz hil eta 170 zauritu zituzten Sacabako Sarraskian. Áñezek hilabete horretan bertan ezarri berria zuen dekretua egikaritu zuen horrela, indar armatuei biolentzia erabiltzeko bidea erraztu baitzien dekretuaren bidez.

Cochabambako Sacaba auzoko zein Trópicoko herritarrak martxa baketsu bat burutzen ari ziren estatu kolpearen aurka, poliziak gas negar-eragilea jaurti eta manifestariak tirokatu zituenean. Hedabideek, aldiz, herritarrek elkarri tiro egin ziotela esan zuten.

Biolentzia eta errepresio giro honetan, Covid-19aren pandemia etorri zen. Gertakari hau aukera ezinhobea izan zen Jeanineren gobernuarentzat. Izan ere, indar armatuek kaleak hartu zituzten guztiz, estatu kolpearekin segi eta herria errepresio bortitzez zapaltzen jarraitzeko, baina pandemiaren aitzakiapean.

Gainera, gobernuak harreman internazional ugari moztu zituen, herrialdea ia medikamendurik gabe utziz eta musukoen zein oinarrizko elikagaien prezioak biderkatuz.

.

“Txarrenari onena”

Azaldu bezala, eskuinaren estatu kolpea guztiz biolentoa izan zen. Horrela, eraldaketa prozesuaren aldeko indarrak lur jota utzi eta Jeanine Áñezen gobernua inposatu zuten. Aitzitik, aipaturiko sektore herritarrek kontra borrokatu zuten.

Batetik, Bartolinak izan ziren hasieratik bertatik kalean matendu zirenak. Egunez egun, gobernu berriari oposizia egin zioten.

Bestetik, Sacabako Sarraskian lehen lerroan gas negar-eragileak eta bala tiroak jaso zituzten gazteak egunerokoan antolatzen hasi ziren. Ordutik, borrokara batutako belaunaldi berri honek herritarren eta gazteen beharrei erantzuteko ekimenak antolatu ditu, elkartasunezko elikagai banaketak kasu. Haiek ere, herri osoarekin batera, borrokatu dute Sacabako gertakarien justiziarengatik: gertatutakoaren argipena, errudunei zigorra, biktimei eta haien senitartekoei erreparazioa eta ondorengoei memoria.

Era berean, Hegoaldeak talde paramilitarrei eta poliziaren erasoei aurre egiteko prestaketa abiatu zuen. Autodefentsa antolatu honen aurrean, iparraldeko auzoetako motoqueroak ez ziren auzora hurbiltzera ausartzen.

Aldi berean, MAS-IPSP eta ezkerreko militante politikoek klandestinitatean antolatzeari ekin zioten. Modu honetan, erantzuna koordinatu ahal izan zuten.

Azkenik, egoera guztiz eztandarazi zuenan Covid-19a izan zen. Etxetik ateratzeko ezintasunak, jateko lan egin beharra horren handia den herrialde batean, herri langilea altxarazi zuen. Gainera, eskuineko gobernuaren ustelkeriak eta ekonomia kudeatzeko ezintasunak herritarren haserrea eragin zuten. Horrenbeste, ezen modu koordinatu batean herritarrak 180 blokeo egitera iritsi ziren.

.

Denbora mugagabeko ortzimuga

Egoera honen aitzinean, gobernuak hauteskundeak deitu behar izan zituen. Jakina den bezala, MAS-IPSP garaile argia suertatu zen. Gobernari berrien helburu nagusiak estatu kolpearen ondotiko diktadura desegin eta ekonomiaren berraktibazioa izan dira, herritarren ongizatea bermatzeko.

Hala ere, egoera ez da aurretikoa. Estatu kolpea inflexio puntu bat izan da. Eskuinak erakutsi du boterea modu ez demokratikoetan baizik ez duela berreskuratuko, aldaketa prozesuaren sostengu sozialarengatik. Edonola ere, gaur-gaurkoz, barne kontraesanetan murgilduak daude, lidergo falta argiarekin.

MAS-IPSP eta herri mugimenduak ere berrantolatzen ari dira, bai organikoki, zein ideologikoki. Jazarpen orokortuak, pairatutakoaren gordintasunak, izua zabaldu du. Denbora beharko dute barneratutako beldur horri buelta emateko. Erloju-kotrakoa da, hain zuzen ere, prozesu eraldatzaileen erronka nagusia. Lasaitasunez, helduleku itxaropentsu berriak irudikatu eta  haietarantz urratsak emateko. Sozialismorantz mugitzen jarraitzeko. Movimiento Al Socialismo izaten jarraitzeko.

[2022ko Brigadak] Boliviatik 2. kronika [2022ko Brigadak] Boliviatik 2. kronika

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude