Saindua bera, gixajoak gu!
Lurjabeak dira, ondarea dute (itzela, demasa, Espainia alderik alde zeharkatzen duena) baina ez dirurik. Alegia, jendeak uste duenaren kontra, ez direla aberatsak. Urtero Europar Batasunetik jasotzen dituzten hiru miloi euroak galera bilakatzen direla ordaindu behar duten guztia ordaindu eta gero: Langile pila dituzte, behar baino gehiago, eta, hala ere, bihotz onekoak direnez, ez dute inor kanporatzen. Aitzitik, gustatuko litzaiokeela Gabonetan jornalariei gainsari bat ematea (dirua gutun-azal baten barruan, esan zuenaren arabera) bere aitak egiten zuenaren antzera, baina ezin duela, azken aldian justu samar dabiltzalako. Ez dauka bere burua jauntxotzat eta ez du “Los santos inocentes” ikusi izana gogoratzen. Bera enpresaria dugu, eta hori Andaluzian ez ei da erraza, bertan ez dagoelako lan egiteko gogorik. Hortaz aparte, goi-mailako kirolaria ere bada, Europa eta mundu mailan aintzatua, Espainian salbu. Inbidia hutsagatik, noski.
Kritika ugari jasotzen ari da Albako dukea bart gauean Salvados saioan eskaini zuen elkarrizketarengatik. Nik, ordea,eskerrak eman nahi dizkiot hemendik. Denboran zehar bidaiatzeko aukera eman zigun ikusleoi: Erdi aroko jauntxo bat ezagutzeko parada izan genuen. Toti Martinez de Lecea pozik egongo da. Ez zuen ezkutatu, gainera. Erdi Aroan bizitzearekin amesten duela esanez bukatu bait zuen elkarrizketa, non pertsonen arteko arazo eta ezinikusiak a caballo, puño o espada konpontzen ziren. Egun, aldiz, epaitegitik epaitegira omen dabil, 32 demanda soinean, horrek eragiten dion asperdura eta nazkarekin. Ni ados nago berarekin: Erdi Aroan bizitzea desioko nuke askotan . Jauntxo batzuk a espada pasatzen ikusteko. Kalifikazio agentzietakoak zuhurrago ibiliko lirateke. Edo ez. Baina amestea libre da.