Kataluniako independentistak parlamentura batuta aurkezteko egitasmoa lantzen ari dira

Nació Digital webguneak jakinarazi duenez, ERC, Solidaritat, Reagrupament, DC eta CUP alderdietako kideak sekretuan biltzen ari dira. Helburua: 2014ko Kataluniako hauteskundeetan batuta aurkeztea.

Helburua 2014ean Katalunian egingo diren hauteskundeetan independentistak indarra izatea da, batuta aurkeztuz. Dagoeneko gisa honetako lau bilera burutu dituzteZehazki, Kataluniaren independentzia programan duten alderdietako exekutibetako kide bana izan dira mahai inguruan. Oraindik egoera “enbrionarioa” besterik ez dela dio Nació Digitaleko informazioak. Era berean, orain arteko hitz egindakoarekin “bide onetik” doazela dio parte hartzaileetako batek. “Gogoak eta denbora” dutela ere nabarmendu du bilerako iturrietako batek. Hautagaitza independentisten metaketa helmugan duen egitasmo hau hiru ezaugarriren pean ari da lanean: Sekretismoa, fanatikoak baino sinisdunak izatea eta alderdiak modu ofizialean gaian ez nahastea.

Esquerra Republicana, Reagrupament, Solidaritat Catalana per la Independència, Candidatura d’Unitat Popular, Democràcia Catalana, Cercle Català de Negocis eta  Suma Independència elkarteetako kideak ari dira biltzen. CDC eta UDC kanpoan gelditu dira, haien borondatez.

Gizartea eta alderdiak lotu beharra

Egun 135 legebiltzarkidetik 14 besterik ez dira independentistak (ERC 10, SI 4). Aurreko legegintzaldian 21 ziren. ERC alderdia izan da beherakada handiena izan duena, izan ere, behin PSC eta ICVrekin gobernua utzita kolokan gelditu da eta alderdi barruko arazoek herritarren babesa urratu dute.

Alderdi independentisten emaitzak apalak izanagatik, independentziaren babesa gora da Katalunian. Inkesten arabera, aukera izanez gero %43ak independentziaren aldeko bozka emango luke. Beste datzu batzuk ere herritarren artean independentziak duen babesa gora doala erakusten dute. Hala, CEOren arabera, 2005ean %13 zen independentista, 2011an %28,2.

Marra berdea da independentzia; urdina estatu federala eta horia autonomia erkidegoa.

Era berean, gero eta gehiago dira kataluniar bakarrik sentitzen direnak: %20,5.

Batez ere estatutuaren porrotak eragin du igoera hau (Egunero da Uztailaren 10a, Arantxa Elizegi). Ideologia independentistak aurrera egin badu ere, hauteskunde emaitzetan ez da horren adierazle garbirik izan. Aurretik ere alderdiek proposatu dute “Bildu” egitea Katalunian, baina ez du ondorio eraginkorrik izan. Baina, bitartean, herri mailatik independentzia erreferendumek oihartzun zabala izan dute baita, adibidez, Vic-eko lipdub indepedentistak. Beraz, kontraesana dago alderdi mailako eta herri mailako gertaeren artean.

Ikusi beharko da 2014 urterako zein den bai gizartearen bai alderdi independentisten egoera. Eta, gauzak dauden moduan segiz gero, alderdien erronka izango da independentzia nahi hori instituzioetan adieraztea.

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

3 pentsamendu “Kataluniako independentistak parlamentura batuta aurkezteko egitasmoa lantzen ari dira”-ri buruz

  • Izenburu egokiagoa iruditzen zait “Kataluniako independentista batzuk” esatea.
    Kontrastatu gabeko albistea da hau, ez da inolako ordezkariren izenik agertzen, eta gehiago iruditzen zait “batasuna bai ala bai” nahi dutenek eztabaida horra lerratzeko maniobra.
    Ezker independentistak beti esan du eztabaida eta akordiorako prest dagoela, baina programa eta bide-orri batzuen gainean, ez balizko independentzia edukirik gabeko bat aldarrikatzeko edo bultzatzeko, Solidaritatek eta egiten duten moduan.
    ERC ere oraintsu itun fiskala eskatzen dabil, ildo kontinuista eta posibilsta husta planteatuz, eta ez rupturista, independentzia berez etorriko delako ustea zabalduz.
    Barkatuko didazue erretolika, baina Euskal Herri aldean halako miresmen akritiko bat somatzen dut Katalan Herrialdeetan gertatzen denarekin, eta alderdien propaganda makinaren eta diskurtso hauspotuen azpian ezkutatzen den jardunari gehiago erreparatu beharko geniokeela uste dut.

  • Joseba Uria 2011-12-13 13:35

    Eskerrik asko azalpenagatik Katalina. Nik Kataluniako agerkariko informazioaren gainean sortu dut artikulu honen lehen zatia. Ez dago kontrastatzerik, baina informazioaren esangurak albiste publikagarri bilakatzen duela iruditu zait. Akatsak akats, errealitatea da Kataluniako alderdi independendistek ez dutela herritar independentsitak atxikitzea lortu. Bide horretan alderdien batasuna (diskurtsoaren lanketarekin bat) urrats eraginkorra izan daiteke. Bide batez, Katalina, badirudi gaian baduzula zer esan. “Akritikotasun” hori apurtzeko zure ikuspuntudun artikulua oso gustura irakurriko nuke. Agur bero bat.

  • Amonamantangorri 2011-12-13 14:40

    Igual hurrengo batean Joseba, independentismo katalanaren beste ertz bat landu dezakek: alegia, katalan independentismoaren ezker-eskuin banaketa.

    CUPek bere burua udaletara mugatu zuenez gero, badirudi Katalunian ez dela oraindik ezker independentista sendorik.

    ERCn askotariko jendea biltzen duen alderdia omen da, hemengo EAren antzera beharbada: Pilar Rahola bezalako pertsona bat ERCn hainbeste urtez gustura egon baldin bazen, alderdi horren “esquerra” osagaia oso badaezpadakoa iruditzen zait. Josep Lluis Carod-Rovirak Plaça Catalunyako manifestarien kontra esandakoak irakurri eta gero, are gehiago. SI, berriz, Joan Laporta bezalako pailazo demagogo batek gidatuta, zer nahi duzue esatea.